Bidelagun (hezkuntza)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Eskolaz, gizarteaz eta hezkuntzaz ari garenean, garaia kontuan izan beharreko ezaugarria da. Gaur egun, gero eta aldakorragoa eta konplexuagoa da gizarte osoa; migrazio fluxu handiak, aniztasuna (soziala, ekonomikoa, kulturala…), digitalizazioaren aurrerapen etengabeak, etab. Horrek guztiak, hainbat erronka ezberdin jartzen dizkio hezkuntza-sistemari eta irakasleari berari.

Hezkuntzan irakasle, andereño, hezitzaile edota maisu-maistraz mintzatzean, irakasle transmisorearen ideia egon da aitzinean, eta egun, askotan hala jarraitzen du. Hori dela eta, berrikuntzaren bidean kontzeptu hau errotik hausteko bidelagun hitza dago. Ez baita gauza bera irakasle izan edo bidelagun. Ikuspegi aldaketa bat da, irakasle esanahiaren begirada berri bat. Hots, irakaslea jada ez da orojakilea (dena dakiena) eta ikasleak ez dira kaxa hutsak (ezer ez dakitenak). Are gehiago, irakasle hitzak irakastearen ekintzari egiten dio erreferentzia. Bidelaguna, aldiz, bidean laguntzen duena da.

Funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntzan argi dago helduaren esku-hartzeak beti baldintzatuko duela haurra, zuzenean ala zeharka, era positiboan edo negatiboan. Hona hemen bidelagunaren funtzioak.

Haurraren berezko izaera errespetatu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroa, beste edozein etapa bezala, bere ezaugarri eta behar propioak dituen aroa da. Haurra gaitasunez betetako pertsona dela irudikatzen badugu (beraien gaitasunetan sinetsi behar da), berezkoa duen izaera, haurren berezko jokabideak eta garapena errespetatuko du bidelagunak.

Horretarako, haurrarentzat eskolan erreferente den helduak haurraren sentimendu, nahi, interes eta erritmoak errespetatu, norbere eta munduarekiko interesa piztu, motibatu eta egiten dituen pauso berriak baloratuko ditu. Nola? Sentikorra izanez, haurra entzunez, itxaroten jakinda eta eskuragarri egonda. [1]

Norberaren lana elkarrekintzan garatu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezin da bidelagunaren lana ulertu, familia, haurra eta eskolako kideen arteko sare bat ez bada ikusten. Horregatik, konfiantzazko harreman koherente bat eraiki behar da hezkuntza-komunitate guztiaren artean. Beraz, talde lana lehenesten da(plangintza, ikasturtearen antolaketa, haurren jarraipena, jardueren azterketa, eskolaren antolaketa…) .        

Eguneroko eskola komunitatea osatzen duten partaideekin koordinatu behar du bidelagunak, elkarlanean jardun eta eskolako eta proiektuetako kide sentiarazi behar ditu, hala baitira. Nola? Harreman eta komunikazio irekia bultzatuz.

Ingurumena eta espazioa haurraren beharrizanen arabera antolatu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Materialek eta espazioek antolatuta egon behar dute, haurrek azaltzen duten berezko jakin-minari jarraituz. Betiere, haurra osotasunean errespetatuz. Modu horretan, haurrak bere burua, besteak eta ingurua  espazio seguru batean esploratuko du. Eta hala, esperientzi anitzak eta aberatsak bizi ahal izango ditu.

Aldi berean, antolaketak malgua izan behar du, bidelagunak haurraren unean uneko beharretara egokitutako ingurua eskaini behar duelako. [2]

Etengabeko prestakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etengabeko norberaren eta taldeko prestakuntza jarraituan eta berrikuntzan egon behar du bidelagunak. Lanari buruzko auto/talde-gogoeta eta auto/talde-kritika egingo du eta hutsuneak detektatuko ditu. [3]

Hori horrela, bidelagunak egunerokotasunean sortzen diren beharrak identifikatuko ditu, galdera berriak formulatu eta bide berriak proposatuko ditu. Alegia, bidelagun ikertzailea izango da.

Profil horrek etengabeko praktika gogoetatsua du oinarri; hau da, nork bere burua zalantzan jarri, eta, kezkei zein galderei erantzunak bilatzen aritzean datza. Hala, aldaketa esanguratsuak emango dira ikasgelan. [4]

Laburpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hori guztia aurrera eramateko, bidelagunak errealitatearen behaketa eta hausnarketa etengabe egingo du.  Horrela, haurraren berezko jokabideei lotuta dauden seinaleak edo keinuak behatuko ditu; behatu lankideak zein bere burua eta, nola ez, espazioa zein materiala. Hortik, arazoak edo gabeziak identifikatuko ditu, eta horiei erantzuteko, estrategia edo metodologia berriak abiaraziko; beti malgutasunez.

Laburbilduz, bidelagunaren rola oso garrantzitsua da, eta askotan pasibotasun aktiboa gauzatu behar du: haurraren ondoan egonez, bakoitzari behar duen denbora eskainiz, baita haurren beharrak identifikatuz, besteak beste. Beti ere, haurraren ikuspegi globalizatua eta integrala bermatuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Barandiaran, A.; Larrea, I. eta Lopez de Arana, E. (2011). Haurraren ongizatea II: Hezkuntza proposamenak. Eskoriatza: HUHEZI. Mondragon Unibertsitatea
  2. Corkille, D. (1978). El niño feliz. La trampa de los reflejos negativos. Pulimento de los espejos representados por los padres. 55-77
  3. Garro, E. eta Perez, K. (2009). La reflexión sobre la práctica de la maestra como instrumento de formación profesional en la enseñanza/aprendizaje de la lengua oral en Educación Infantil. In Bretones Calleja y otros (eds.). Applied Linguistics Now: Understanding Language and Mind / La lingüística Aplicada actual: Comprendiendo el lenjuage y la mente. Almeria: Universidad de Almeria 407-417
  4. Uttech, M. (2006). ¿Qué es la investigación-acción y qué es un maestro investigador? XXI, Revista de Educación, 8, 139-150.