Bizkaiko Esperientzia Gelak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bizkaiko Esperientzia Gelak

Esperientzia Gelak Euskal Herriko Unibertsitateko egitasmo bat dira, 55 urtetik gorakoei zuzenduak. Giza Zientzietako Unibertsitate Titulua eskaintzen da bertan. Ekimen horren lehen pausoak Bizkaiko Campusean eman ziren, gerora Gipuzkoako eta Arabako Campusetara hedatu baziren ere.

Eratzea, historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999-2000 ikasturtean hasi ziren lanean Bizkaiko Esperientzia Gelak. Martxan jarri ahal izateko, Bilbao Bizkaia Kutxaren (BBK) lankidetza hertsia izan zuten, BBKk UPV/EHUri Bilboko Alde Zaharrean dagoen Espainiako Bankuaren eraikin zaharra berritu eta hogeita bost urterako utzi baitzion.

2019. urtean hamasei ziren Giza Zientzietako Titulua eskuratu zuten promozioak.[1]

Titulazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esperientzia Geletako ikasleek Giza Zientzietako Unibertsitate Titulua eskuratzen dute. Ikasketa hauek 55 urtez gorako pertsona guztientzako dira aproposak (erretiratuak, aurre-erretiratuak, etxekoandreak, etab.), ez baita beharrezkoa inolako titulurik edo aurretiazko baldintza akademikorik edukitzea.

Giza Zientzietako Unibertsitate Titulu horrek ezaugarri berezi batzuk ere ditu: UPV/EHU da zuzen-zuzenean tituluaren diseinuaz, kudeaketaz eta erantzukizun akademiko eta irakaskuntza erantzukizunaz arduratzen dena. Gainera, ikasketa horiek ez dira beste akademia edo unibertsitate ikasketa batzuetara sartzeko bideak, ezta lan mundu profesionalerako gaitasuna bideratzeko aukera bat ere. Ikasketa plana lau mailatan banatuta dago. Ikasketen helburua da ikasleak unibertsitate munduaren giza eta adimen kezkekin harremanetan jartzea. Hainbat ikasgai nahitaezkoak dira (Historia Unibertsala, Elikadura eta Osasuna, Inguruaren Ezagupena...), eta beste batzuk hautazkoak. Irakasgaiak gainditzeko ez da azterketarik egin behar, baina bai klasera joan eta aktiboki parte hartu.

Giza Zientziak unibertsitate-tituluko ikasketak amaitzen zituzten ikasleek behin eta berriz egindako eskariari erantzunez, 2003-2004 ikasturtetik aurrera erabaki zen ikasketa horiek osatzeko beste eskaintza bat egitea, murritzagoa. Gaur egun hauek eskaintzen dira: Prestakuntza Eguneratzeko Ikastaro Osagarriak I eta II.

Prestakuntza Eguneratzeko Ikastaro Osagarriak I eta II ikastaroetako bakoitzak urtebeteko iraupena du. Matrikulatu ahal izateko ezinbesteko da Giza Zientziak unibertsitate-titulua edukitzea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Maruri Bilbao, Ibai. (2019-04-06). «Amamaren titulazio festan» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]