Bloke-kate

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Bloke-katea edo Blockchain gisa ezagutzen dena (BC, bloke-katea ingelesez) banatutako datu-base bat da, datu bat argitaratu ondoren hura ez aldatzeko diseinatutako bloke-kateek osatua. Blokeei aurreko katearen beste bloke bati buruzko metainformazioak gehitzen zaizkie denbora-lerro batean; horrela, teknika kriptografikoei esker, bloke batean dagoen informazioa errefusatu edo editatu ahal izateko, ondorengo bloke guztiak aldatzea beste biderik ez dago.[1][2][3][4]. Horregatik, bereziki egokia da denboran ordenatutako datuak modu inkrementalean biltegiratzeko, aldatzeko edo berrikusteko aukerarik gabe. Bloke-katean gordetako datuak normalean transakzioak izaten dira (adib.: Finantzak); horregatik, ohikoa da datuei transakzio deitzea. Hala ere, ez da beharrezkoa finantza arloko datuak izatea. Benetan pentsa genezake erregistratzen dena sistemaren egoeraren aldaketa atomikoak direla. Adibidez, bloke-kate bat dokumentuak estanpatzeko erabil daiteke, eta horiek segurtatu, alterazioen aurrean. Teknika 2000. urtean jada aplikatu zen jada Freenet sarearekin, baina lehenbiziko aldiz 2009. urtean Bitcoinek erabili zuen terminoa. [5][6]

Teknologia honek konfiantzaren arazoa konpontzeko balio du, helburu komunak lortzeko lankidetzaren bidez. Matematika aurreratuak, kriptografia, programazio-lengoaiak eta kontabilitate-liburu banatuaren teknologia (konputazio mota bat) erabiltzen ditu. [7]

Aplikazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bloke-katearen kontzeptua ondoko eremuetan erabiltzen da:

  • Kriptomoneten eremuan, bloke-katea transakzio-sistema osoaren notario publiko aldaezin gisa erabiltzen da, moneta bat bi aldiz gastatu ahal izatearen arazoa saihesteko. Adibidez, Bitcoin, Ethereum, Dogecoin eta Litecoin-en erabiltzen da, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak izan.
  • Izenak erregistratzeko datu-baseen eremuan, bloke-katea izenak erregistratzeko notario-sistema gisa erabiltzen da, izen bat benetan erregistratuta duen objektua identifikatzeko soilik erabil dadin. DNS sistema tradizionalaren alternatiba bat da. Adibidez, Namecoin-en erabiltzen da modu honetan.
  • Notario banatu gisa erabiltzea, transakzio mota desberdinetan, hauek seguruago, merkeago eta arakagarriago izan daitezen. Adibidez, ordainketa-sistemetarako, banku-transakzioetarako (diru- garbiketa zailduz), bidalketa-sortetarako, maileguetarako eta aktibo digitalak kudeatzeko sistemetarako erabil daiteke, helburu ezberdinekin.
  • Plataforma deszentralizatuen oinarri gisa erabiltzen da, pareen arteko kontratu adimentsuko akordioen sorrera egin ahal izateko. Plataforma horien helburua da pareen sare bati erabiltzaileek sortutako kontratu adimendunak administratzeko aukera ematea. Lehenik, kontratu bat idazten da kode baten bidez, eta blokeen katera igotzen da transakzio baten bidez. Behin bloke-katean, kontratuak helbide bat du, eta, hortik, harekin elkarreragiteko aukera dago. Horrelako plataformen adibideak Ethereum eta Ripple dira.
  • Bulletin Boards izeneko osagai kriptografikoaren inplementazioa, besteak beste, boto elektronikoko sistemetan, erregistroen sorreran, enkanteetan eta eztabaida foroetan erabilia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lartzanguren, Edu «Blockchain: katea eta nodoak» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-11-10.
  2. «The great chain of being sure about things» The Economist 2015-10-31 ISSN 0013-0613 . Noiz kontsultatua: 2019-11-10.
  3. (Ingelesez) Popper, Nathaniel (2016-05-21) «A Venture Fund With Plenty of Virtual Capital, but No Capitalist» The New York Times ISSN 0362-4331 . Noiz kontsultatua: 2019-11-10.
  4. (Ingelesez) Fortney, Luke «Blockchain Explained» Investopedia . Noiz kontsultatua: 2019-11-10.
  5. (Ingelesez) «What is Blockchain Technology?» CoinDesk . Noiz kontsultatua: 2019-11-10.
  6. (Ingelesez) «What is Blockchain Technology» www.ibm.com . Noiz kontsultatua: 2019-11-10.
  7. (Ingelesez) «Blockchain Is Like the Trump Presidency Because...» Psychology Today . Noiz kontsultatua: 2019-11-10.