Buru-hiltze eta hilezkortasun kuantiko

Wikipedia, Entziklopedia askea

Mekanika kuantikoan, buru-hiltze edo suizidio kuantiko gisa ezagutzen da Hans Moravec (1987) eta Bruno Marchal (1988) zientzialariek era independentean aurkeztutako irudizko esperimentua. Max Tegmarkek garatu zuen aipatutako esperimentua 1998an.[1]

Esperimentuaren helburua Kopenhageko interpretazioa eta Hugh Everetten unibertso anitzen teoria desberdintzea da, Schrödingerren katuaren esperimentuaren antzeko bat baliatuz. Laburbilduz, aipatutako azken esperimentuan egoera bat aldatzea baino ez da; pertsonaren ikuspuntutik ikusi beharrean errealitatea, suizidio kuantikoan, katuaren ikuspegia erabiltzen da.

Esperimentuak hurrengo egoera azaltzen digu: gizon bat dugu aulki batean eserita, pistola bat eskuetan duela, bere buruari apuntatzen. Arma partikula azpiatomiko baten errotazioa neurtzeko gai den makina batek kontrolatzen du. Gizonak armaren kakoa sakatzerakoan, honek partikula azpiatomikoaren errotazioaren noranzkoaren arabera egingo du tiro: erlojuaren noranzko berdinean biratuz gero, armak tiro egingo du, aitzitik, beste noranzkoan ez du egingo.

Kopenhageko interpretazioaren arabera, esperimentua martxan jartzen den bakoitzean gizonak %50eko aukerak ditu bizirik jarraitzeko, hau da, armak aldien %50etan ez du tiro egingo. Unibertso anitzen teoriak, esperimentuaren abiarazte bakoitzak aurreko unibertsoa bitan zatitzen duela babesten du: horietako batean gizonak bizirik jarraituko du eta bestean ez. Esperimentua behin eta berriz abiaraziz gero, gizona unibertso gehienetan hil egingo da, baina beti egongo da unibertsoren bat haren bizitza mantenduko duena. Gizakiaren ikuspegitik ordea, armaren kakoa milaka aldiz sakatuz gero ere, bizirik jarraituko du, armak ez duelako behin ere tiro egingo. Izan ere, bere izatea edo kontzientzia unibertsoren batean beti mantenduko da. Azken hau, hilezkortasun kuantiko bezala ezagutzen da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Tegmark, Max. (1998-11). «The Interpretation of Quantum Mechanics: Many Worlds or Many Words?» Fortschritte der Physik 46 (6-8): 855–862.  doi:10.1002/(SICI)1521-3978(199811)46:6/83.0.CO;2-Q. ISSN 0015-8208. (Noiz kontsultatua: 2018-11-24).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]