Edukira joan

Carmen Bastiánen erretratua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Carmen Bastiánen erretratua
(
Retrat de Carmen Bastián)
Jatorria
Sortzailea(k)Marià Fortuny
Sorrera-urtea1870(e)ko hamarkada
IzenburuaCarmen Bastián
Ezaugarriak
Materiala(k)olio-pintura eta Margo-oihala
Dimentsioak45 (altuera) × 62 (zabalera) cm
Genero artistikoaerretratua
Egile-eskubideakjabetza publiko
Kokapena
LekuaKataluniako Arte Museo Nazionala
BildumaKataluniako Arte Museo Nazionala
Inbentarioa214438-000

Carmen Bastiánen erretratua, (katalanez: Retrat de Carmen Bastián), Marià Fortuny margolari katalanak 1871-1872an, olioaz egindako margolana da. Margolan atipikoa da eta garaian nahiko eskandalagarria izan zen. Bartzelonako Galeria Oriolen 300.000 euro ordainduta, 2014tik Kataluniako Arte Museo Nazionalean erakusten da.[1]

Carmen Bastián

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Modelo bezala agertzen dena Carmen Bastián zen, Granadako Barranco de la Zorra izeneko auzoan bizi zen neska ijitoa. Fortuny familiarekin oso harreman ona izan zuen eta artistaten margolan desberdinetan agertu zen. Margolariaren amorantea izan zela esan zen ere bai baina hori, antza, ez zen egia, emaztearekin ere oso harreman ona izan baitzuen. Lan honetan hamabost urte zituen. Carmenek oso bizitza gogorra izan zuen: Fortunytarrak Granadatik alde egin zutenean Carmen Madrilera joan zen. Madrilen modelo bezala jarraitu zuen lanean, ingeles batekin. Baina neskaren anaia bat Madrilera joan zen neska berriro ere Granadara eramateko asmoz. Neskak ez zuen nahi eta anaiak izugarrizko jipoia eman zion. Ondorioz ingelesak neska utzi zuen. Azkenik Carmenek bere buruaz beste egin zuen.[2]

Esan ohi da margolan hau Fortunyren obran atipikoa dela. Margolariak egina zituen beste biluzi artiztikoak, esaterako bere Odaliska ospetsua; baina margolan haiek desberdinak ziren zeren nesken gorputzak oso zainduak agertzen ziren eta, gainera, arabiarrak ziren, Venusen irudiak bezala, gai tipikoak. Lan honetan, aldiz, oso neska gaztea eta espainiarra dugu. Modeloa, nahiz eta ederra izan, kanonen arabera ez da perfektua: hankak eta aurpegia ez dira estetikoki perfektuak. Hori guztia gutxi balitz, sofa gainean agertzen da gona altxatuta eta bere gorputza erakusten, garaiko argazki pornografikoen moduan. Erabateko errealismoa erakusten du lan honek, beraz.

Margolanean Carmen sofa baten gainean etzanda agertzen da. Erabat jantzita dago baina gona altxatuta duenez, bere sexua erakusten du. Irrifarrez ikusten dugu, eskuineko eskuan abanikoa izanik, beroa adierazteko.

Lana argitsua da, neskaren azala eta atzean dagoen atea azpimarratuz; hondoaren zuritasunak inpresio hori indartzen du. Marrazkia oso zehatza da nahiz eta azkar eginda egon. Fortunyren lanetan ohikoa den bezala, hemen ere margolanaren alde batzuk oso zehatzak diren bitartean, beste batzuek bukatu gabeko sentipena ematen dute.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]