DYA

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Donostiako DYAren anbulantzia bat.
Alkohola edan ostean gidatzearen aurkako DYA-ren "ALK-STOP" eskumuturrekoa.
DYA-ko sortzaile Juan Antonio Usparitza-ren omenezko harrirudia Bilbon.

DYA (gaztelaniaz: Detente y Ayuda, euskaraz: Gelditu eta Lagundu) errepidean osasun laguntza emateko gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta 1966. urteaz geroztik dihardu lanean, inolako irabazi asmorik gabe, Hego Euskal Herriko errepideetan gidariek seguruago zirkula dezaten laguntzen. Hasiera batean, errepideetan gertatutako istripuetan soilik laguntzen zuten; hala ere, gaur egun, edozein larrialdi medikori aurre egiten diote. Juan Antonio Usparitzak sortu zuen Bizkaian, eta geroztik Espainiara eta Filipinetara hedatu da elkartea.

Euskal Herrian, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan ditu bere ordezkaritza eta anbulantziak, lau azpi-elkartetan banatuta: DYA Araba, DYA Bizkaia, DYA Gipuzkoa eta DYA Nafarroa.

Jarduerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkartea sortzeko arrazoi nagusiak bi izan ziren:

  • Istripu edo matxura kasuetan gidariek gero eta gutxiago laguntzen zioten elkarri.
  • Ez zegoen istripua zuten pertsonei modu arautu, metodiko, seguru eta eraginkorrean laguntzeko modurik eta hauek eramateko ardura zuen inolako anbulantzia-zerbitzurik.

Horregatik, 1966. urteaz geroztik DYAren bereizgarri diren anbulantzia horiak probintziako txoko guztietatik ibiltzen dira egunero, beren laguntza beharrezkoa den lekura minutu gutxitan heldu ahal izateko.

Bestalde, DYAk edozein motatako pazienteak (istripua izan dutenak edota gaixo daudenak) laguntzeko eta garraiatzeko zereginaz gain, ondoko egitekoak ere betetzen ditu: bide-heziketari, bolantean izan behar den ardurari eta lehen laguntzei buruzko ikastaro eta mintegi ugari antolatzen ditu; adinekoak eta minusbaliatuak eramaten ditu; eta duela gutxi, traumatismo ondoko asaldura psikologikoak dituzten trafiko-istripuetako biktimei eta beren familiakoei laguntzeko kabinete psikologikoa eratu du.

Horregatik guztiarengatik, DYAk laguntzaren esparruan eta esparru sozial eta humanitarioan egindako lanagatik sari eta goraipamen ugari jaso du.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: DYA Aldatu lotura Wikidatan