Desnaturalizazio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Zuringoaren koagulazioa beroak oboalbuminaren desnaturalizazioa eragitean agertzen da


Biokimikan, desnaturalizazioa proteina eta azido nukleikoen egitura tridimentsionalaren desegiteari deritzo. Desnaturalizazioak molekula horien ezaugarri fisiko-kimikoak nabarmen aldatzen ditu.

Proteina baten egitura sekundarioa, tertziarioa eta kuaternarioa elkarrekintza eta lotura molekular ahulei esker mantentzen dira (hidrogeno zubiak, disulfuro loturak: S-S, lotura hidrofoboak, etab). Hainbat eragile fisiko-kimikok (beroa, pHa, gatzen kontzentrazioa...) lotura ahul horiek apurtzen dituzte, proteinaren egitura sekundarioa eta tertziarioa desegiten. Proteinaren egitura primarioari (lotura peptidikoen bidez aminoazidoak elkartzen dituenari) desnaturalizazioak ez dio eragiten, hots, ez ditu lotura peptidikoak suntsitzen.

Proteinak tolesten direnean egitura tridimentsional konplexuak eratzen dituzte. Desnaturalizazioak tolestura horiek deusestatzen ditu, proteinaren jatorrizko konfigurazioa aldatuz. Horren ondorioz proteinek haien funtzio biologikoa galtzen dute (entzimek, esaterako, ez dute jarduera katalitikorik).

Kasu gehienetan desnaturalizazioa itzuliezina da. Zenbait kasutan, baina, desnaturalizazio prozesua arina bada leheneratu daiteke, eta proteina berriro tolesten da (birnaturalizazioa); jatorrizko konformazioa berreskuratzen du, eta baita bere funtzio biologikoa ere.

Desnaturalizazioak, askotan, proteinen disolbagarritasuna aldatzen du: haien jatorrizko arkitektura molekularra galtzerakoan proteinek sarri hauspeatzen dute.

Azido nukleikoei dagokionez, desnaturalizazioak helize bikoitza mantentzen duten hidrogeno zubien suntsiketa eragiten du, ADNaren molekula deseginez.

Tenperatura da eragile desnaturalizatzaile nagusia. Proteina eta azido nukleiko gehienak desnaturalizatzen dira tenperatura altuetan (>60°C-etan)