Dieresi (hizkuntzalaritza)

Dieresia zeinu ortografiko lagungarri eta diakritiko bat da. Dieresia idazteko, bi puntu ezarri behar dira letraren gainean (i bokalaren puntuaren altuera berean). Gehienbat, bokalen gainean ageri da: Ä ä, Ë ë, Ï ï, Ö ö, Ü ü eta Ÿ ÿ. Hitza grezierazko διαίρεσις (diáiresis) izenetik dator, "zatiketa", "bereizketa" esan nahi duena. Frantsesez eta portugesez, aldiz, tréma eta trema izenak erabiltzen dira, hurrenez hurren, hizkuntzalaritzan eta zientzia klasikoan bezala: bi hitz horiek ere grekozko τρῆμα (trē̂ma) izenetik dator eta "zulaketa", "zulo" edo "dadoko puntutxo" esan nahi du: horrela, diakritikoen forma deskribatzen du, haren funtzioa bainoago.
Hizkuntzaren arabera, hainbat balio ditu zeinuak. Euskaraz, zubererazko seigarren bokal < Ü ü > aurreko itxi-biribildu [y] alofonoa adierazteko erabiltzen da, < U u > bokalari kontrajarria (zubererazko nun galdetzailea euskara batuaz non da, eta nün, indikatibozko orainaldiko aditz-laguntzailea, euskara batuaz, naun).
Albanieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Albanierak < Ë ë > bokala du, /ə/ bokal neutroa adierazteko: Shqipëri ("Albania"), tosk dialektoaz [ʃcipəˈɾi] zein [ʃc͡ɕipəˈɾi] ahoskatua.
Alemanez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]< Ä ä >, < Ö ö > eta < Ü ü > alemanezko letrek dieresia dute umlaut (edo metafonia) fenomenoaren ondoriozko bokal batzuk irudikatzeko. Tradizio germanistan, umlaut terminoa diakritiko bera izendatzeko erabiltzen da, dieresiaren ordez, batez ere eskuz idatzitako aldaera.
1902 baino lehen, dieresia dialefaren ikurtzat erabil zitekeen (hiatoa markatzeko, alegia), adibidez ‹ aëro- › aurrizkian, äro irakurketa okerra saihesteko. Izan ere, ‹ ä › bokala ‹ ae › idaztea oraindik oso hedatuta zegoen. 1902az geroztik, dieresiaren erabilera hori ez da ohikoa alemanez, eta orain izen nagusietan bakarrik ageri da, adibidez, Piëch.
Asturieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asturieraz, hizkuntzari egokitu gabeko hitz eta atzerritiko izen berezietan, <U u> bokalaren gainean soilik idazten da, güe eta güi sekuentzietan bakarrik, bokal horren ahoskera adierazteko, hau da, /ɣwe/, /ɣwi/; bestela, gue eta gui sekuentziak /ɣe/ eta /ɣi/ ahoskatzen dira. Desegokia da beste kasu guztietan, gua, guo, guu idatzi behar baita.
- antigües ("zaharrak [femeninoan]"/ antiguu ("zaharra [maskulinoan]"), antigua ("zaharra [femeninoan]"), antiguo ("zaharra [maskulinoan]"), antiguos ("zaharrak [maskulinoan]"). Oharra: "zahar" bezala, terminook "aspaldiko" eta "behinolako" adierak ere dituzte.
- paragües ("euritako"), bilingüe ("elebidun"), güesu ("hezur"); pingüín ("pinguino"), lingüista ("hizkuntzalari").
- El Güinche, L'Agüeria, Güeḷḷes, Güiles (leku-izen asturiarrak).
Aurretik, XIX.. mendean eta XX.aren hasieran, dieresia < X x > letraren gainean ere idazten zen, asturierazko (eta euskarazko) ixa letraren ahoskera sabaikaria adierazteko, hau da, /ʃ/, gaztelaniazko < X x > kontsonantearen ahoskera kultuarekiko aldea markatzeko, hots, /kʂ/. Horrela, caẍa /'kaʃa/ ("kutxa") hitzean agertzen duen ahoskapena examen /ek'ʂamen/ ("etsamina") izenean duenari kontrajartzen zitzaion (kontuan har bedi euskaraz beste horrenbeste gertatzen dela kontsonante horrexen balioei dagokienez, batetik taxi, oxigeno, praxi, xenofobia, maximizatu... maileguetan ixak /kʂ/ kontsonante-taldea agertzen baitu, baina hauxe, Kaixo!, xahutu eta xehe bezalakoetan, ordea, /ʃ/ txistukari sabaikaria da). < Ẍ ẍ > letrak Iẍuẍú egunkarian erabili ziren; halaber, bereizketa hori egiteko, beste grafia batzuetara jo zen, hala nola x̅, xx, xh, xs, sch...
Frantsesez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dieresia —tréma frantsesez— ‹ E e ›, ‹ I i ›, ‹ U u › eta ‹ Y y › bokalen gainean jar daiteke (emaitzak ‹ Ë ë ›, ‹ Ï ï ›, ‹ Ü ü › eta ‹ Ÿ ÿ › dira), normalean aurreko bokala bereiz ahoskatu behar dela eta ez dela digrafo baten parte adierazteko. Adibidez, maïs ("arto") dieresiduna [mais] ahoskatzen da, baina mais ("baina"), [mɛ]. 1990eko ortografia erreformaren ondorioz, dieresiaren esanahiak eboluzionatu egin zuen eta orain adierazten du azpian duen letra bereiz ahoskatu behar dela (ambigu adjektiboa femeninoan ambigüe [gomendatzen den orografia, dieresia ahoskatzen den bokalaren gainean jarrita] nahiz ambiguë /ɑ̃bi'ɡy/ bihurtzen da, "anbiguo"). Nolanahi ere, canoë ([kanɔ.e], "kanoa") hitzean, e ez da mutua, eta beraz, ez dio ortografia erreformak eraginik egin.
Zeinua atzerriko jatorriko izen arruntetan ere ageri da, frantsesak barneratu dituela kontsideratzen den arren: Länder (Land alemanetiko izenaren plurala, "lur", "lurralde") edo ångström.
Azkenik, < Ÿ ÿ > ez da frantsesezko izen arruntetan ageri, baina bai zenbait izen nagusitan (leku-izenetan eta deituretan), ordea: Pierre Louÿs, Jean-Jules-Antoine Lecomte du Nouÿ, adibidez.
Galesez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galesez, dieresia erabiltzen denean, normalean bokal tonikoaren gainean egoten da, eta gehienetan elkarren ondoan dauden bi bokaletako lehendabizikoan. Ohiko adibideak copïo [kɔ.ˈpi.ɔ] ("kopiatu") eta mopio [ˈmɔ.pjɔ] ("lanbasaz garbitu / lehortu") dira. Diptongo bat osatuko luketen bi bokalen lehenengoan ere erabiltzen da —pareka bitez crëir [ˈkreː.ɪr] ("sortua"') eta creir [ˈkrəi̯r] ("sinets"')— eta hiru bokalen lehenengoan ondorengo diptongo batetik bereizteko: crëwyd [ˈkreː.ʊi̯d] ahoskatzen da, [ˈkrɛu̯.ɨd] izan beharrean.
Galizieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galizieraz, dieresia erabiltzen da -aer, -oer, -aír eta -oír aditzen amaierako aditzen pluraleko lehenaldi bukatugabeko lehen eta bigarren pertsonetan, hiatoa adierazteko (saïamos, caïades, ([s̺ai'amos̺], [kai'aδes̺], hau da, "irteten ginen", "erortzen zineten"). Hori bokalen artean -i- atonoa delako gertatzen da, baina bere silaba propioa osatzen duelako, eta hori idazkeran berdina baina ahoskeran desberdina den forma batekin amaituko litzateke (saiamos, caiades), horietan, i bokalak hurrengo a-rekin diptongo bat osatzen baitu ([s̺a'jamos̺], [ka'jaδes̺]).
Gainera, güe [ɡwe] eta güi [ɡwi] silabak gue [ɡe] eta gui [ɡi] bereizteko erabiltzen da. (bilingüe, "elebidun"; lingüista, "hizkuntzalari").
Gaztelaniaz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztelaniaz, g baten eta e nahiz i baten artean doan ü bokala hala markatzen denean, u hori ahoskatu behar dela adierazten du (bestela, /ge/ edo /gi/ ahoskatzen dira): guerra /'gera/ da ("gerra"), baina nicaragüense dieresiduna, /nikaɾa'γwens̺e/ ("nikaraguar"); era berean, guitarra /gi'tara/ ahoskatzen da ("gitarra" esan nahi du), baina pingüino, /piŋ'gwino/ ("pinguino").
Halaber, poesiako testuinguruetan, bokal baten aurrean ü dieresiaz idazteak goranzko diptongoa desegin eta hiatoa sortzen du, hau da, baliabide horrek beste silaba bat gehitzen dio bertso lerroari. Luis de Góngoraren A Córdoba ("Kordobari") poeman horrexen adibide bat dago:
| ahapaldia | itzulpena |
|---|---|
| Si entre aquellas rüinas y despojos
Que enriquece Genil y Dauro baña Tu memoria no fue alimento mío, |
Hondakin eta hondamen horien artean,
Genilek aberasten dituenak eta Daurok bainatzen, Zure oroimena ez banuen jangai izan, |
| "ruina" izena /'rwina/ ahoskatzen da, bi silabaz, baina rüina idatziz gero —poesiako lizentzia da— /ruina/ da, hiru silabako hitza. | |
Halaber, < Ï ï > idatz daitezke metrika arrazoi berengatik: vïuda /bi'uδa/ hirusilabaduna egiteko, ohiko /'bjuδa/ bisilabako ahoskapena egin beharrean.
Gaztelania zaharrean, zeinu horrek funtzio bera betetzen zuen beste talde batzuetan, hala nola qüa, qüe eta qüi ([kwa], [kwe] eta [kwi] ahoskatuak, hurrenez hurren) taldeak transkribatzeko, gaur egun cua, cue eta cui idazten direnak (quando, "-(e)nean", egun cuando idatzia).
Grekoz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greko modernoan, αϊ eta οϊ grafiek /ai̯/ eta /oi̯/ diptongoak adierazten dituzte, eta εϊ-k, /ei/ hiatoa. Aldiz, αι, οι eta ει bikoteek bokal soilak transkribatzen dituzte: /e/, /i/ eta /i/. Bokalaren gainean diakritikoa bakarrik ager daiteke, ακαδημαϊκός-en bezala (akadimaïkós, "akademiko"), edo azentu zorrotzarekin batera, πρωτεΐνη (proteïni, "proteina") bezala.
Hungarieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hungarieraz, ‹ Ö ö › eta ‹ Ü ü › letra independenteak dira, ‹ Ó ó › eta ‹ Ú ú › bokalen ondoren doazenak. Hizkuntza hartan, dieresiak "bokal zorrotza" edo "argia" (aurrekoa) adierazten du, "bokal larri", "sakon" edo "ilun" baten (atzekoa) aldean, bokal-harmonian kontrajarria.
‹ O o › soinua (euskarazko "so" hitzeko bera) ‹ Ö ö › bihurtzen da (frantsesezko feu bezala, hau da, /fø/) eta ‹ U u › soinua (/u/, "zu" izenenordean bezala) ‹ Ü ü › bihurtzen da (zubererazko < Ü ü >, "zü" izenordainean bezala).
Azentu zorrotz bikoitza ere badago, ‹ Ő ő › eta ‹ Ű ű ›, alegia. Hungarieraren berezko marka diakritikoa da, dieresi baten (aurreko bokala) eta azentu zorrotz baten (bokal luzea) konbinazio gisa funtzionatzen duena, horrela aurreko bokal luzeak sortuz. Bi letrok hungarierazko alfabetoko letra bereziak dira.
Ingelesez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingeles modernoan, dieresia, azentu larria eta azentu zorrotza mailegu-hitzez gain erabiltzen diren diakritiko bakarrak dira. Aukeran erabil daiteke dieresi puntuan eten morfologikorik ez duten hitzetarako, hala nola naïve (/naɪˈiːv/, "inozo"), Boötes (/boʊˈoʊtiːz/, "Itzaina") eta Noël (edo Noel, pertsona izena). Lehenago, coöperate ("elkarlanean jardun") eta reënter ("berriz sar") bezalako hitzetan erabiltzen zen: kasu horietan, dieresia aurrizkiaren eta izen zein aditzaren arteko marratxo batez ordezkatu da (co-operate, co-operation, re-enter), batez ere britainiar ingelesean, edo aurrizkia eta aditza zuzen-zuzenean inolako adierazpenik gabe lotuz (cooperate, cooperation, reenter), estatubatuar ingelesean bezala. Haren erabilera argitalpen batzuetan mantentzen da, batez ere The New Yorker eta Jason Pontinen agindupean, MIT Technology Review aldizkarietan. Dieresi marka batzuetan ingelesezko izen-deituretan erabiltzen da bi bokal ondoz ondokoak bereizita ahoskatu behar direla adierazteko, diptongo gisa bainoago. Adibidez, Chloë eta Zoë izenak daude, bestela e isil batekin ahoska litezke. Antzeko ahoskera okerra saihesteko, dieresia Brontë (ahoskapena: /ˈbrɒnti/, baina eskuarki, /ˈbrɒnteɪ/) deituran ere erabiltzen da.
Katalanez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dieresiak (dièresi) bi funtzio ditu katalanez: güe, güi, qüe, qüi silabetan erabiltzen da, < u > ahoskatzen dela adierazteko, adibidez: aigües ['ajgwəs] ("urak") edo qüestió [kwəsti'o] ("galdera"; "kuestio", "auzi").
Era berean, frantsesez bezala, ‹ i › edo ‹ u › bokal horiek aurreko bokalarekin diptongorik osatzen ez dutela adierazteko erabiltzen da. Adibidez, veïna, "bizilagun femeninoa", [bə'inə] nahiz [və'inə] ahoskatua (maskulinoan, veí); país ("herrialde"), pluralean països; edo diürn [di'urn] ("eguneko").
Nolanahi ere, salbuespenak egon badaude:
- -isme ("-ismo"), -ista ("-ista") atzizkiekin eta latinetiko -us eta -um amaieraekin: egoisme ("berekoikeria", "neurekoikeria", "heurekoikeria"...), egoista ("berekoi", "neurekoi", "heurekoi"...), pòdium ("podium"), Màrius (gizonezko izena).
- Bokalez + -ir amaitzen diren aditzen infinitibozko, gerundiozko, geroaldiko eta baldintzazko formekin: trair ("traizio egin"), traint ("traizio eginez", "traizio egiten"), trairé ("traizio egingo dut"), trairia ("traizio egingo nuke", "traizio egingo luke").
- anti-, co-, contra-, re- eta beste aurrizki batzuez hasitako hitzekin, ondo-ondoan bokala badarraie: reunió ("bilera", "bilkura"), antiinperialisme ("antinperialismo"), contraindicació ("kontraindikazio").
Nederlanderaz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nederlanderaz, cliënt bezalako ortografiak beharrezkoak dira, oe eta ie digrafoek normalean [u] eta [i] bokal sinpleak adierazten baitituzte, hurrenez hurren. Hala ere, hitz-elkarteetarako marratxoa erabiltzea hobesten da orain: esate baterako, lehengo ortografiako zeeëend ("ahatebeltz eurasiar") hegaztiaren izena orain zee-eend idazten da.
Okzitanieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Okzitanierazko dieresiaren erabilera eta katalanezkoarena oso antzekoak dira: ai, ei, oi, au, eu eta ou silaba bakarreko diptongoak dira, baina aï, eï, oï, aü, eü eta oü, hiatoak, bina silabaz osatutako bokal-taldeak. Dieresia erabil daiteke ü [w] ahoskatzen dela adierazteko, hala nola gü eta qü digrafoetan.
Ozeaniako hizkuntza batzuetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vanuatuko hizkuntza batzuetan, hala nola arakia eta mavea hizkuntzetan, dieresia hizkuntzalariek erabiltzen dute, kontsonante mihiezpainbikariak adierazteko: m̈ [n̼], p̈ [t̼], v̈ [ð̼].
Tahitieraz erabiltzen da ïa gogoratze-partikula adierazteko.
Portugesez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portugesez, dieresia (trema esaten zaio) erabili zen (batez ere Brasilgoaz) 1990eko Ortografia Akordioa egin arte, güe / qüe eta güi / qüi konbinazioetan, sangüíneo [sɐ̃ˈɡwinju] "odoltsu (maskulinoan)" bezalako hitzetan. Ortografia Akordioa ezarri ondoren, erabat ezabatu zen hitz guztietatik.
1990eko Ortografia Hitzarmenak, XIV. Oinarrian, portugesezko edo portugesera egokitutako hitzetan diakritikoa erabat ezabatzea erabaki zuen, baita poesian ere, Brasilen jada indargabetu zuen 5.765/1971 Legeak, 1943ko Ortografia Forma aldatu zuenak.
Akordioa 2009an indarrean sartu zenean, dieresiaren erabilera aukerakoa bihurtu zen trantsizio-aldian (2009-2015) eta ordutik aurrera atzerriko jatorriko hitzetara eta haien eratorpenera mugatu zen –hala nola mülleriano eta hübneriano–, XXI. Oinarrian bermatutako eskubidea ahaztu gabe, izen nagusien, enpresen eta erregistro publikoa duten marka komertzialen jatorrizko ortografia mantentzeko.
Ziurgabetasun hori Brasilen amaitu zen 6.583/2008 Dekretua izenpetzearekin: horrek bere bigarren artikuluko paragrafo bakarrean 2009ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31ra arteko trantsizio-aldi bat ezarri zuen.
Suedieraz eta finlandieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Suedierazko eta finlandierazko alfabetoetan, < Ä ä > eta < Ö ö > letra independenteak dira: alfabetoan amaieretan doaz, < Z z > eta < Å å > ondoren, eta dute alemanezko < Ä ä > eta < Ö ö > dieresidunen jatorri bera dute, baina azken bi horiek ez dira letra independenteak.
Turkieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atatürken bultzatutako idazkeraren aldaketaren ondorioz, turkierak bi letra dieresidun ditu: < Ö ö > eta < Ü ü >: lehenak /œ/ irudikatzen du (alemanezko < Ö ö >, schön adjektiboan, edo frantsesezko < eu >, peu aditzondoan) eta bigarrenak, zubererazko < Ü ü >, hau da, /y/ (zü, dütüzü).
Alfabeto zirilikoaz baliatzen diren hizkuntzetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errusieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errusieraz ‹ Ë ë › letraren gainean dieresia erabiltzen da [jɵ] soinu azentuatua irudikatzeko. Horrela, все ([fsɛ] “denak", "guztiak”) eta всё ([fsʲɵ] “dena", "guztia”) ditugu. ‹ Ë ё › letra normalean е edo о letren ordez agertzen da azentupean, adibidez, весёлый ([vʲɪˈsʲɵɫɨj], “alai”) eta весело ([ˈvɛsɛɫɔ] “era alaian", "alaiki”) pareka daitezke. Hala ere, bereizketa hori gutxitan agertzen da hezkuntza-materialetatik kanpo: все eta всё askotan elkarren artean trukagarriak dira idatzian, irakurleari ahoz bereiztea utzirik. < Ë ё > letrak batzuetan [ø] eta [œ] soinuak ere adierazten ditu atzerriko hitzen transkripzioan: гримёр ([ɡrʲɪˈmʲɵr], “makillaje artista”, frantsesezko “grimeur”retik) eta серьёзный ([sʲɪˈrʲjɵznɨj] “serio (maskulinoan)”, sérieux adjektiboan jatorria duena).
Ukrainieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ukrainieraz ez dago errusierazko ‹ Ë ё › letrarik, baina dieresi bidez bereizten dira ‹ Ï ї › [ji] eta ‹ I і › [i] bokalak.
Kontsonanteen gaineko dieresia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenbait alfabetotan, kontsonante batzuek dieresiak daramatzate inoiz:
- Arabiar idazkera zabalduarengge sindhizko letra < G̈ g̈ > gisa transkriba daiteke latindar alfabetoan.
- < Ḧ ḧ > eta < Ẍ ẍ > letrak oso gutxitan erabiltzen dira kurduerazko kurmanji alfabetoan, soranizko ح eta غ letrak emateko, hurrenez hurren.
- Popti' (edo jakaltekera) hizkuntzaz (Mexikoko Chiapasko estatuko zenbait udalerritan eta Guatemalako Huehuetenango departamenduko Jacaltenango udalerrrian mintzatua), eta batzuetan malgaxeraz, < N̈ n̈ > letra [ŋ] soinurako erabiltzen da —euskarazko < Ñ ñ > letrak irudikatzen duen soinu sabaikari bera—.
- Arabiar idazkeraren transliteraziorako ISO 233 transliterazio estandarrean, < T̈ ẗ > letrak tā' marbūta arabierazko letra adierazten du.
- < Ẅ ẅ > letra afrikar alfabetoan sartuta dago eta Kamerungo gutxiengo hizkuntza batzuk idazteko erabiltzen da.