Edukira joan

Eguzkibegi ikastola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eguzkibegi Ikastola» orritik birbideratua)
Eguzkibegi ikastola
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaGaldakao
Webgune ofiziala

Eguzkibegi ikastola 1966an Galdakaon (Bizkaia) sortutako ikastola da.[1]

Guraso talde batek 1966ko uztailean ikastola sortzea erabaki zuen, eta 1967ko urtarrilean gauzatu zen, Galdakaoko Zabalea auzoko txalet batean, 35 umerekin eta andereño birekin. Sasoi hartan irakaskuntzan euskaraz egitea galarazita zegoen, eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak eta agintariek hainbat oztopo jartzen zituzten. 1972ko urrian kooperatibaren eraketa onartu zen.

Arazo ekonomikoak ere ez ziren txikiagoak izan. Dirua lortzeko ekintza aipagarrien artean zeuden kupoia, Gabonetako loteria eta, Kurtzetako jaietan, herriko hainbat gazteren ardurapean, JOTAKE taberna jartzea. Azken hau, Ellakuria izeneko etxean zabaltzen zen. ikastola Galdakaoko hainbat familia euskaldunentzat erreferente argia izan da beren seme-alaben heziketan.

1972ko urriaren 25ean egindako Batzar Orokorrean, kooperatibaren eraketa onartu zen, familia bakoitzak berrogei mila pezetatako kuota ordaindu behar zuelarik.

1974ean 5.400.000 pezetatan terrenoak erosi eta proiektua idatzi zen. Udalak urtearen amaieran eraikitzen hasteko baimena eman zuen. Hala ere, Espainiako Gobernuaren ministerioak, arazo teknikoak zirela eta, prozesu guztia urtebete atzeratu zuen. Ministerioak aldaketak egitera behartu zuen, proiektu berria idaztera; ondoren onartua izan zen. Asmoa Oinarrizko Heziketa Orokorrerako eta Batxilergo Bateratu Balioaniztunerako eraikitzea izan bazen ere, bigarren horren ideia baztertuta gelditu zen, baimenik ez zelako lortu. Gorabehera guztiak gainditu ondoren, 1976an, eraikitze lanei abiatu ziren. Bi urte iraun zuten, eta 1978ko irailean ikasle eta irakasleak ikastola berrian zeuden. Hurrengo urtean Eguzkibegi izena jarri zioten.

1979an, ikastola ikastetxe publiko bihurtzeko prozesuan sartu zen, eta gaur egun publikoa da.[2]

2017an 50 urte bete zituen, eta ospakizun antolatu zituzten.[3]

Haurrei euskal kulturan oinarritutako heziketa euskalduna eskaintzeko helburuz sortu zen. Eta euskara eta euskal kultura ardatz harturik, neska-mutilak beren osotasunean hezi, hau da, aniztasunean, hezkuntza integrala eta kalitatezkoa eskainiz, nork bere gaitasunak garatzeko aukera emanez, gaur eguneko gizartean eta bere ingurunean integraturik, kritikoa eta parte hartzailea izanik.

Eguzkibegi ikastolak lehen eta bigarren hezkuntza eskaintzen du. Proiektu nagusi hauek ditu: Hizkuntz Proiektua, Elkarbizitza, KiVa (eskola jazarpena ekiditeko programa) eta Eskola Agenda 30.

Ikastolaren historian zehar ikasgaiak euskara hutsean eman dira beti, eta ikasleekiko harremanak ere horrela izan dira, haurrak horretarako gai ziren neurrian.

Argitxo pertsonaia oso garrantzitsua da ikastolako umeen artean, eta euskararen erabileraren sinbolo bihurtu da.[4]

Bertsolaritza lantzen da, euskal kulturaren arlo garrantzitsua izateaz gainera euskararen irakaskuntzan eta motibapenean baliabide garrantzitsua dela eta. Galdakaoko bertso eskolak antolatutako bertso lehiaketetan parte hartze handia dute ikastolako ikasleek, eta haien bertso ugari ageri dira bertso eskolak ateratako liburuxketan. BIEk antolatzen zituen idatzizko eta bat-bateko bertso lehiaketetan ere nabarmendu izan dira Eguzkibegiko ikasle batzuk.

Lehenengoz Ibilaldia jaia 2009an antolatu zuen Eguzkibegi ikastolak; eta bigarrenez, 2025ean antolatuko du.[5]

  • Lehen Hezkuntza
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
  • Borondatezko bigarren hezkuntza

"Eskola jasangarria" izatearen aitorpena jaso du.[6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Nondik gatoz» eguzkibegi.eus (kontsulta data: 2022-02-04).
  2. (Gaztelaniaz) «Eguzkibegi Ikastola - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2022-02-04).
  3. (Gaztelaniaz) «La ikastola Eguzkibegi inicia mañana las actividades de su 50 aniversario» El Correo 2017-01-26 (kontsulta data: 2022-02-04).
  4. (Gaztelaniaz) «El duende que fomenta el euskera, alcalde del Carnaval de Galdakao» El Correo 2017-02-23 (kontsulta data: 2022-02-04).
  5. Espinosa, Maider Ibañez. (2021-01-31). «Ibilaldia antolatuko du Eguzkibegi Ikastolak 2025ean, 16 urte ondoren» Geuria (kontsulta data: 2022-02-04).
  6. (Gaztelaniaz) «Eguzkibegi Ikastolak “Eskola jasangarria”ren aitorpena jaso dau Lehendakaria buru izan dan ekitaldian» Galdakaoko Udala (kontsulta data: 2022-02-04).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]