Eldiario.es

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Eldiario.es
Eldiario.es-Hd-logo.svg
Foto redacción eldiario.es (2019).jpg
Mota Hedabide digitala
Fitxa teknikoa
Lehen zenbakia astelehenaambUTCastelehena
Hizkuntza Gaztelera
Argitaratze lekua Madril
Argitaletxea Diario de Prensa Digital SL
Banaketa
Banatze-eremua Espainia
Maiztasuna edizio jarraitua
Salneurria Doakoa
Historia
Ideologia Aurrerakoia
Sortzailea Ignacio Escolar
Zuzendaria Ignacio Escolar
Kanpo loturak
Twitter @eldiarioes
eldiario.es

Eldiario.es informazio orokorra lantzen duen hedabide digitala da. Gaztelera darabil, eta Madrilen sortu zen 2012 urtean Ignacio "Nacho" Escolarren eskutik. Estatu mailako zein nazioarteko edukiei heltzen die, gaurkotasunez. Etengabeko eguneratzea dauka, eduki berriak gertakariak jazo ahala argitaratzen direlarik.


Lerro editoriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lerro editorial eta ideologikoari dagokionez, hedabidearen webgunean zehazten denez, honen lehentasunak askatasunaren babesa, gizartearen aurrerapena, giza eskubideen defentsa, berdintasuna eta demokrazia dira[1]. Halaber, balore guzti horiek kalitatezko kazetaritza baten testuinguruan ematen dira, egiarekiko errespetua aurretik ipiniko duena. Medioan bertan eta kolaboratzaileen artean ideologia ezkertiarra eta progresista da nagusi.

Hedabidearen ildo editoriala gardena da, eta beraien irakurleekin partekatzen dute. Honakoak dira eldiario.es-ek dituen lehentasun editorialak[2]: sormen kulturala, ustelkeria eta iruzurra, birsorkuntza demokratikoa, eskubide eta askatasunak, osasuna, desberdintasuna eta pobrezia, eguneroko ekonomia, hezkuntza, guztion dirua, indarkeria matxista, LGBT, animalien aurkako tratu txarrak, ingurugiroa, arrazakeria, memoria historikoa… Gaur egun garrantzi handia duten gaietan jartzen dute fokua hedabide honetan, eta informazioa ikuspegi progresista eta kritiko batekin lantzen dute.

Enpresa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eldiario.es-en enpresa argitaratzailea sozietate mugatu bat da, Diario de Prensa Digital S.L., hain zuzen[3]. Enpresa horren %70a baino gehiago erredakzioan lan egiten duten hainbat pertsonaren eskutan dago, hedabidea sortu eta aurrera eramateko haien dirua eta lana eskaini zituztenak. Izan ere, eldiario.es fundatzean sortzaileek euren erredakzio propioaren jabe izan nahi zuten, honen lerro editoriala guztiz independentea izan zedin. Diario de Prensa Digital S.L. enpresaren zuzendari edo presidentea José Sanclemente da, eta zuzendari gerentea, Joan Checa. Ignacio Escolar, hedabidearen zuzendaria, enpresaren bazkide nagusia da aldi berean. Bazkideen artean beste asko daude, gehienak komunikazioaren profesionalak eta hedabidearen lagunak. Horien artean, Enric Lloveras, Daniel Bilbao, Belén Carreño, Montserrat G. Román, David Martínez, Alex García, Pablo Ascariz edo Carlos Lloret.

Negozio eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eldiario.es-en eduki guztiak doakoak dira, ez dago ezer ordaindu beharrik bere edukiak kontsumitzeko. Hala ere, bazkide izateko aukera eskaintzen die bere irakurleei, jendearen laguntzarik gabe kazetaritza independenterik ez dagoela argudiatuta. Bazkide izateko prezioa 5 euro hilekoa da eta ordaintzeko bi modu eskaintzen dituzte aukeratzeko: 60 euro urteko edo 30 euro sei hilabeteko. Horretaz gain, ahal edo nahi duenarentzat diru kopuru handiagoa ordaintzeko aukera ere badute. Harpidedunak honako abantailen jabe dira: eldiario.es paperezko aldizkaria etxean jasotzea, webgunean iragarkirik gabe nabigatzea, haien iruzkinak nabarmentzea, topaketetan parte hartzea eta deskontu eta promozio bereziez gozatzea.

Eldiario.es-ek, bere 5. urteurrena zela eta, 2017  urteko lehen seihilekoan izandako diru sarrerei buruzko datuak argitaratu zituen webgunean[4]. Datu horien arabera, hedabidearen diru sarrerak %22 (381.000 euro gehiago) igo ziren 2016 urteko lehen seihilekoarekin konparatuz. Eldiario.es-en diru-iturri nagusia publizitatea da (1.337.211 euro). Hala ere, une honetan bazkideek finantzatzen duten zatia %35eraino (673.322 euro) iristen da. Bestalde, kioskoetan saltzen den eta bazkideek etxean jasotzen duten aldizkariak sarrera horiei laguntzen die (5.805 euro). Noizbehinka, instituzio publiko zein pribatuei ikerkuntzarako proiektu bereziak garatzeko ematen zaizkien bekak edo diru-laguntzak jasotzen ditu hedabideak, sarrera mota honek irabazien %5a (91.749 euro) okupatzen diolarik.

Aipatzekoa da 2016 urtean Google-en eskutik sortutako Digital News Initiative lehiaketak hedabideari eskaini zion diru-laguntza esanguratsua,[5] Europako proiektu periodistiko berritzaileak aukeratu eta saritzea baitzen erakundearen xedea. Interneteko enpresa bilatzailearen ordezkarien esanetan, Eldiario-k kazetaritzaren barnean pentsaera desberdin bat erakusten edo bultzatzen omen du; gizartearekin uneoro harreman estuan dagoen kazetaritza modelo batena, hain zuzen.

Eldiario.es-ek bere webgunean argitaratzen duen informazioaren arabera, ez da posible jakitea zer alde izan duten irabazien eta irteeren artean, edo alde hori errentagarria izan ote den. Hala ere, irekiera urtetik (2012) joan den urtera arte izan duen bilakaera progresiboa oso nabarmena da. Lehen urtean sarrerak milioitik urrun zeuden bitartean, 2017. urtean aurreikuspena 4 milioi euroko fakturazioa gainditzea izan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «eldiario.es - ¿Qué es eldiario.es?» www.eldiario.es . Noiz kontsultatua: 2018-05-14.
  2. (Gaztelaniaz) eldiario.es «Descubre los focos de eldiario.es» Focos de eldiario.es . Noiz kontsultatua: 2018-05-14.
  3. (Gaztelaniaz) «eldiario.es - El equipo» www.eldiario.es . Noiz kontsultatua: 2018-05-14.
  4. (Gaztelaniaz) «Las cuentas de eldiario.es en su quinto aniversario» eldiario.es . Noiz kontsultatua: 2018-05-14.
  5. (Gaztelaniaz) «El modelo de socios de eldiario.es, seleccionado por el programa de innovación de Google» eldiario.es . Noiz kontsultatua: 2018-05-14.