Elegia
Elegia kexua, deitorea gaitzat duen poesia-lana da. Berez, pertsonaia publiko baten, adiskide baten edo pertsona maite baten heriotza deitoratzen du; hortik giza hilkortasunari buruzko hausnarketa zabala izatera igaro da.
Hala ere, literatura klasikoan elegiazko neurrian idatzitako lana zen besterik gabe (daktilo hexametroa eta pentametroa txandakatzen dituena), eta gaiari zegokionez ez zuen mugarik; literatura moderno batzuetan ere, Alemaniakoan esate baterako, elegia hitza neurriari dagokio batez ere, poemaren edukiari baino areago. Hala, Rainer Maria Rilkeren Duineser Elegien famatua (Duinoko Elegia), ez da deitorezkoa; bertan, poetak agertzen du balio espiritualen bilaketa, unibertso arrotz batean. Ingeles literaturan, ordea, XVI. mendeaz geroztik, elegia hitzak deitorezko poema esan nahi du, eta poetak aukeratutako edozein metrotan idatzia izan daiteke.
Literatura modernoan elegiak garrantzizko lekua du. Elegia aipagarrienak A.E. Housmanen To an Athlete Dying Young (Gazte hiltzen ari den atleta bati), W. H. Audenen In Memory of W. B. Yeats (W. B. Yeatsen oroitzapenez), E. E. Cummingsen My Father Moved through Dooms of Love (Aita maitasunaren galbidean ibili zen), eta John Peale Bishopen Hours (Orduak, F. Scott Fitzgeraldi buruz).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Elegiak, Gizapedian.