Edukira joan

Erreaktantzia (psikologia)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Erreaktantzia, psikologiaren arloan, behaketa isuri bat da, norbanakoak gai bati buruzko iritzia aldarazten duena. Zehazki, erreaktantzia norbanakoaren jokabide-askatasun mugatzen duten kanpo-eraginen kontrako jarrera emozionala da. Joera horrek zerikusia du aztertutako pertsonarekin, hots, esperimentuko parte-hartzailearekin, eta ez ikertzailearekin. Esan beharra dago erreaktantzia askatasun-jokabideak babesteko mekanismo bat dela, hau da, arlo zehatz batean askatasunez jokatzea babesten duen mekanismoa, eta ez askatasunaren ideia abstraktoari lotua.

Esan bezala, erreaktantzia norberaren askatasuna murritz dezakeen edozeren kontrako erreakzio emozional bat da. Bestela esanda, norbaiten zenbait askatasun mehatxatzen edo ezabatzen dituzten arau edo erregulazioen kontrako jarrera zuzena sortzen du pertsona horrengan. Erreaktantzia norbaiti ikuspuntu edo jarrera jakin bat onartarazteko presio handia egitean ager daiteke. Erreaktantziaren ondorioz, pertsona batek nahi duenaren kontrako ikuspuntu edo jarrera bat har dezake edo jadanik zuena indartu, baina baita pertsuasioarekiko erresistentzia areagotu ere.

Adibide sinple batzuk ematearren, erreaktantzia suma daiteke norbaiti interesgarri suertatzen zaionean beste norbait “zailarena egiten duelako” (debekuak sorturiko interesa), edo barazkirik jan nahi ez duen haur bati esaten zaionean: "ez ezazu jan barazkirik nahi ez baldin baduzu; nik jango ditut eta ez dizut ezer utziko" (jateko askatasuna galtzeari erreakzioa).

"Alderantzizko psikologia" (edo esku hartze teknika paradoxikoa) erabiltzean erreaktantzia probesten ari gara. Joko psikologiko hori darabilen jendea horretaz jabetzen da, informalki bada ere, lortu nahi duenaren kontrakoa adierazten duenean, norbait hari kontra egitera bultzatuz. Metodo hori maiz erabiltzen da iruzurretan edo salmenta ez oso etikoak egiteko, kontsumitzailea manipulatuz logika erabiliz komeni ez zaion aukera hauta dezan.

Erreaktantzia psikologikoa hautemandako jokabide-askatasunaren aurkako mehatxu bati erantzunez gertatzen da.[1][2] Norbaitek bere jokabidea nola eta noiz gidatu aukeratzeko gaitasunak, norbere askatasunaz jabetzeko gaitasunak —eta askatasun hori elikatzeko beharrezko erabakiak hartzeko gaitasunak—, eragina dute erreaktantzia psikologikoaren agerpenean. Uste denez, norbaiten jokabide-askatasuna mehatxatu edo murrizten bada, subjektua emozionalki aztoratuko da. Askatasun handiagoak galtzeko beldurrak eragin bide du aztorapen hori, arriskuan dagoen askatasuna berrezartzeko prestatuz. Egoera emozional hori ekintza-askatasunetik hautemandako murrizketaren emaitza denez, “kontraindar-estrategiatzat” hartzen da, eta, beraz, “erreaktantzia psikologikoa” deitzen zaio.

Alderantzizko psikologiaren teorian lau elementu garrantzitsu daude: hautemandako askatasuna, askatasunaren kontrako mehatxua, erreaktantzia eta askatasunaren berrezarpena. Aipatu bezala, hemen askatasuna ez da kontzeptu abstraktua, egiazko jokabideei loturiko zirrara baizik. Jokabide askeez ari garenean (askatasun-jokabideez), ekintzei, emozioei eta jarrerei buruz ari gara.

Erreaktantziaren parametroak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Norbanakoak kanpo eraginen kontra sentituko duen emozioa ez da beti berdina, edo bestela esanda, erreaktantzia zenbait faktoreren araberakoa izango da:

  1. Askatasun-itxaropena: pertsonak bere burua libre hautematen duenean soilik esperimentatuko da, mehatxatutako askatasun-jokabideaz arduratzeko. Zenbat eta askatasun handiagoa sentitu pertsona batek, orduan eta gehiago aktibatuko da erreaktantzia, baina askatasun hori duela sentitzen ez badu, ez du erreaktantziarik izango.
  2. Mehatxuaren indarra: zenbat eta handiagoa izan mehatxua, orduan eta gehiago aktibatuko da erreaktantzia, eta erreaktantzia maximoa gertatuko da askatasuna guztiz ezabatzen denean. Pertsona baten erreaktantzia aktiba daiteke beste norbait mehatxatua ikusetan, kidetzagatik berea ere mehatxatua senti baitezake (lankide baten askatasuna murriztu dela iruditzen zaion pertsonak kontrako jarrera har dezake bera ere mehatxatuta sentitzen delako).
  3. Askatasunaren garrantzia: pertsona batentzat zenbat eta garrantzitsuagoa izan mehatxatutako askatasuna, orduan eta erreaktantzia handiagoa izango du. Mehatxatutako askatasuna garrantzitsua bada eta premia jakin bat asetzeko modu bakarra askatasun horren erabilera bada, esperimentatutako erreaktantzia maximoa izango da.
  4. Beste askatasun batzuekiko lotura: zenbat eta jokabide-askatasun gehiago egon mehatxupean, orduan eta handiagoa izango da erreaktantzia. Erreaktantzia mehatxuak etorkizuneko portaeran izan dezakeen eraginaren araberakoa izango da (mehatxu-mota hori etorkizunean errepika badaiteke).
  5. Mehatxuaren zilegitasuna: Erreaktantziaren indarra askatasuna mehatxatzen duen iturriaren zilegitasunaren araberakoa izango da. Mehatxua autoritate-iturri garrantzitsu batetik badator, erreaktantzia txikiagoa izan daiteke, adibidez: mehatxua gertatzen den testuinguruari dagozkion jokabideetan soilik gerta daiteke. Legeak ezarritako mugak badira, askatasuna berreskuratzeko zeharkako ahaleginak egingo dira.

Erreaktantziaren ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Lehengoratze zuzena: mehatxatutako askatasuna berreskuratu nahi da, mehatxatutako jokabidea gauzatzeko konpromisoa hartuz, hain zuzen (nerabe batek denbora gehiago pasako du gurasoek ikustea debekatu dioten lagunekin). Lehengoratze mota hori mehatxua ez onartzeak dakartzan eraginen araberakoa izango da, eta ezinezkoa litzateke askatasuna erabat ezabatu bada.
  • Zeharkako leheneratzea: Pertsonak mehatxatutako jokabidearen baliokidea den portaera bat egin dezake (haurrari debekatu egiten zaio ahizpa jotzea eta mingaina ateratzen dio), edo, bestela, mehatxua onar dezake bere ekintza-askatasunari eutsita (telebista ikusi ezin badu musika entzungo du etxeko lanak egin ordez), eta, gainera, leheneratze bikarioa ere lor daiteke (anaiak lor dezake harentzako baimena).
  • Erantzun subjektiboak: erreaktantzia aktibatzen duen egoera kognitiboki berregituratzen saia daiteke pertsona. Aukera posibleen eta ezabatutako alternatibaren erakargarritasuna alda dezake, edo subjektuaren jokabide-askatasuna mehatxupean ezarri duen pertsonarekiko etsaitasuna adieraz dezake.

Erreaktantziako ikerketak nortasunaren azterketari egiten dion ekarpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizabanakoak bere bizitzaren gainean duen kontrola galdu edo mehatxatzen denean, kontrol hori berreskuratzeko ahaleginak areagotu egiten dira. Psikologia sozialetik aztertu da jokabide-ohiturak aldatzen zituzten produktu berriak merkaturatzeak zer ondorio dituen kontsumitzaileengan, edo aurretiazko askatasunak murrizten dituzten legeak indarrean jartzeak nola eragiten dion gizarteari.

Mazisek etxeko andreen erreakzioak aztertu zituen, fosfatoak zeramatzaten garbiketa-produktuak erabiltzea debekatzen zuen lege baten aurrean. Erreaktantzia debekatutako aukeren gainbalioespenean eta baimendutakoen gutxiespenean islatzen zen. Engs eta Hansonek alkohola kontsumitzeko legezko adina handitzearen ondorioak aztertu zituzten. Edaten zuten adin legaletik beherako pertsona-kopuruak gora egin zuen, edaria legezkoa zenean adin horrek berak zuen kontsumoarekin alderatuz. Benleyk eta Wuk ikusi zuten abstinentzia-gomendioan mehatxu handia zuten mezuek ohiko edaleen kontsumoa areagotzen zutela.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Brehm, J. W. (1966). A theory of psychological reactance. Academic Press.
  2. Brehm, S. S., & Brehm, J. W. (1981). Psychological Reactance: A Theory of Freedom and Control. Academic Press.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]