Eztabaida:Latindar alfabetoa

Orriaren edukia ez da onartzen beste hizkuntza batzuetan.
Wikipedia, Entziklopedia askea
Orri hau Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrenda wikiproiektuaren lan eremuan dago. Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrenda wikiproiektua bere eremuan dauden euskarazko Wikipediako artikuluak hobetzeko talde ahalegina da. Parte hartu nahi baduzu, eman izena bertan.

Euskal alfabetoa[aldatu iturburu kodea]

Ziur aski gai hau ez zaio inori ere interesatzen, inoiz ez baitut horri buruz ezer entzun ez irakurri. Dena den, hona ekartzea erabaki dut, batez ere iritzien era ekarpenen peskizan. Nahiz eta dirudienez euskaldun gutxi hurbiltzen den gune honetara bere iritzia ematera.

Ea. Nire kezka, zehazki, euskal alfabetoko letren izenei doakie. Hauek ditugu: a, be, ze, de, e, efe, ge, hatxe, i, jota, ka, ele, eme, ene, eñe, o, pe, ku, erre, ese, te, u, ube, ube bikoitz, ixa, i greko, zeta. Garbi ikusten denez espainolaren letren izen bereko letrak ditugu euskaldunok, edo hobeto esanda Hegoaldeko euskaldunok, ze Iparraldekoek ez dituzte horrela esaten (edo ez lukete hala egin beharko, eta penagarria litzateke ikustea gaztelaniaren formak hartzen dituztela euskaldun espainolen eraginez), baizik frantsesen maneran. Ondorioz euskal manera egiteke dugu.

Goiko letra izenetatik "hatxe", "ube" eta "ube bikoitz" espainol petoak dira, ez beste inongoak, eta ez denak espainolez mintzo diren herrialde guztietan erabiliak (adibidez Hego Amerikan v esaten da "ve", "ve corta", "ve baja", eta w "doble ve", "doble u"). Beraz nik ez nituzke onartuko. H-ren kasuan, espainolera edo frantsesera barik haien iturburuko mintzairara joko nuke: latina. Orain ez dut aurkitzen non neukan idatzita, baina badakit euskaraz "haka" ematen zuela. Norbaitek baldin badaki h latinaren izen hori editatu dezala hemen.

V eta w letren kasuan paradigma baliatuko nuke, eta hortaz "ve" eta "we" deituko. Horien ahoskatzeko modua litzateke /ve/ eta /ue/, azken hau oso baliagarria Interneteko www hitzetik hortzera esateko (ueueue).

Horretaz gainera beste proposamen batzuk ere baditut:

J letrarentzat, "jota"-rekin batera "je" /ye/ paradigmatikoa eta OEHn dugu "jija". Y-rentzat, "i greko" eta grekerako "upsilon".

Eta amaitzeko, baina honetan ez nago hain seguru, hasierako e- kenduko nieke hainbat letrari (f, l, m, n, ñ, s). Badakit logika bat dagoela letra horien forman, baina hizkuntza guztietan ez da bereizkuntza hori egiten, nik behintzat ikusita daukat halakorik egiten ez duen hizkuntzaren bat (nahiz eta orain zein den gogoratu ez). Horrek eragina izango luke adibidez sigletan: PNV "pe-ne-ve". Salbuespen bakarra r litzateke, historian zehar hitz hasierako r-k hartutako e- protesikoaren omenean edo.

Honenbestez, hau da nire proposamena: a, be, ze, de, e, fe, ge, haka, i, jota (je, jija), ka, le, me, ne, ñe, o, pe, ku, erre, se, te, u, ve, we, ixa, i greko (upsilon), zeta.

Badakit askori txorakeria irudituko zaiola hau, edo ez duela ulertuko zertarako berraztertzen hasi behar garen aski ondo ezarrita dauden kontuak. Baina nire ustez aldaketei irekita egon behar dugu, ze historiaren martxa ikusita, gero eta gehiago eta bizkorragoak izango baitira. Gainera espainolaren alderako dependentzia gainditu eta sistema propioak sortzeko den heinean nik aldaketok noraezekoak direla uste dut. Iritzirik?