Eztabaida:Olohega

Orriaren edukia ez da onartzen beste hizkuntza batzuetan.
Wikipedia, Entziklopedia askea

Kaixo, artikuluaren izena Swains uhartea izatearen aldekoa naiz. Mezua gehienbat Adrar lankidearentzat, aurretik eztabaida bat izan baikenuen beste uharte baten izendapenarekin. Kasu honetan Swains uhartea izango beharko lukeela uste dut honegatik:
a) Uhartea une honetan AEBetako administraziopean dago (Ez da Tokelauko zati).
b) Izendapen ofiziala Swains Island da (euskaraz Swains uhartea).
c) Ez dago wiki bakar batean Olohega izena duenik.
d) Artikuluak berak dio Swains Island: William L. Hudson amerikar kapitainak 1841ean ipinitakoa, bere ustez uhartea benetan zuzen kokatu zuena W.C. Swains balea arrantzalea izan zelako, 1840an. Gaur egun ingelesez gehien erabiltzen den izena da.
e) Ziur nago euskaraz idazterakoan tradizio handiago dagoela Swains uhartea esateko, Olohega baino (Anglesey/Ynys Mon kasu).

Ez da tokelaueraren aurka joateagatik, baina zentzudunagoa iruditzen zait Swains uhartea izendapena.--An13sa 19:15, 15 Ekaina 2010 (UTC)

 Alde--Orereta (erantzunak) 21:17, 15 Ekaina 2010 (UTC)

Egun on, lankideak. An13sak aipatu bezala eztabaida bat hasi ginen baina ahaztu zaio esatea amaitu gabe dagoela, kasua zein den ere ez du esan: Eztabaida:Kitlineq. Hortxe dago zain neure azken komentarioa, eztabaida honetan errepikatzen diren gauzei heltzeko prest; noski, ika-mika berbera denez irizpidea adostu beharko da, eztabaida biak bilduz eta Txokora eramanez. Baina irizpiderik adostu ez zenez, An13saren esanaren arabera ematen du berak defendatzen duena dela euskarazko wikipedian adostu duguna baina ez dago halakorik, amaieran aipatuko dudan bezala. Pittin bat molestatzen nau "izenburu eztabaidatua" txantiloia berriro ipini izanak, neu ez bainaiz hilabete hauetan dedikatu neure irizpidearen arabera titulatuta ez dauden artikuluei txantiloi hori ipintzen, suposatzen da eztabaidatzen ari garela. Eztabaida egon bazegoen, amaitu gabe; beharbada Artikoaren ur hotzek izoztu zuten; ea Barearen ur beroagoek laguntzen diguten. Lehenago, hori bai, kasu zehatz honetaz An13sak esandakoa komentatzen noa:
a) "AEBetako administraziopean": hori bezain egia da NBEren arabera deskolonizatu beharreko lurraldea dela. Horrek, berez ez gaitu eraman behar aukeraketa bat egitera, ez daukagu adostuta hala aritzea. Bestalde, ikusi duzu nola AEBetako administrazio horrek Tokehega izeneko ituna sinatu duen, ez da Tokeswains. "Ez da Tokelauko zati" esan nahiko duzu ez dela administratiboki, ezta? Bestela bai da Tokelauko zati, geografiko eta kulturalki. Halakoak sarritan entzuten ditugu commons-en: "Euskal Herria ez da administratiboki existitzen..." Hor dago eztabaida honen koska: zeuk lehenesten duzu "administrazioa", neuk lehenesten dut "herria". Lankide guztiek erabaki behar dugu.
b) "Izendapen ofiziala": zeuk defendatu, nahi baduzu, "ofiziala lehenetsi behar dugu". Adostuta ez dagoenez komunitateak erabaki behar du.
c) "Ez dago wiki bakar batean": besteek egiten dutena lehenestea ere adostu gabe dago; batek izan behar du lehena, Kitlineq jasotzen norvegiera izan zen. Besteek egiten dutena begiratzea (neuk beti egiten dut) ondo dago baina hobe, koherente eta aberatsagoak izan ahal bagara izan gaitezen. Askotan badakizue zer gertatzen den, batak besteari kopiatzeari ekiten diogula, borondate onez; alde batetik horrek hizkuntza handien alde eta txikien kontra (euskara barne) jokatzen du; bestetik zuzenak ez izateko arriskua dakar. Adibidez Bozoo idazten lehenak izan gara, besteek "Bozoó" okerra kopiatzeari ekin zioten. Zorionekoak bakarrak garelako.
d) "Artikuluak berak dio...": ondo dakit zer dioen, neuk idatzia da. Datu horiek ez ditut izkutatzen baina hala ere "Olohega" lehenesten dut. An13sa, zeuk ingelesa lehenestea proposatu nahi baduzu proposatu; geu eu-wp gara eta hori ez dugu adostu.
e) "Tradizio handiagoa": hori ere adostu gabea da. Tradizioak aldatu egiten dira (Bombay zena urte gutxitan Mumbai); neuk hizkuntza zokoratuen alde aldatzea bultzatzen dut, zuk ez. Hori gertatzen zaigu euskaldunoi commonsen, hauxe esaten digute: "tradizio handiagoa dago Guernica idazteko". Zeuk egun dugun Anglesey proposatzen duzu eredu, neuk Aoraki (inor ez da kexatu orain arte, 2006tik dago). Bide batez, ingelesez ere ez dute erreparo handirik Ynys Môn erabiltzeko, koofiziala da, administrazioak erabiltzen du...Kontua da zeuk ingelesa hobesten duzula eta neuk tokiko hizkuntza. Irizpide arazoa da.
"Ez da tokelaueraren aurka joateagatik": agian ez zara kontziente baina tokelaueraren, galeseraren edota inuktituteraren aurka jotzen duzu, hiru kasuetan ingelesa lehenesten duzulako; bigarren mailan kokatzen duzu, euskarari commonsen (eta wikipedia askotan) gertatzen zaion bezala. Niretzat, ordea, hizkuntzak berdintasunean tratatu behar dira.

Orduan "Eztabaida:Kitlineq"-en azken txanpan planteatutako irizpide desberdintasunak berreskuratuko ditut; euskararen ispiluan begiratzea proposatzen nuen eta dut. Badira wikipediak eta wikipediak, neuk galdetzen nuen ea zein bide iruditzen zaigun hobea; har dezagun "Donapaleu" eta ikusiko dugu hauxe gertatzen dela:

  • es, fr eta en wp-etan zer dute? "Saint-Palais". Irizpide bat dute eta sistematikoki aplikatzen dute, "hizkuntza handia edota ofiziala edota administratiboa edota tradizio handiagoa duena lehenesten dugu". "Ez da euskararen aurka joateagatik" baina euskara desagertu egiten da hizkuntza handiaren alde jotzen dutelako. Hautu hau lehenestea da An13sak proposatzen duena. Oreretaren kasuan ez dakit, Olohegan ematen du baietz baina Kabindan galdetu zuen, azalpena eman nuen eta konforme geratu zen.
  • an, br eta ca wp-etan zer dute? "Donapaleu". Irizpide bat dute eta sistematikoki aplikatzen dute, "tokiko hizkuntza lehenesten dugu". Neuk hautu hau hobesten dut. Irizpidea ez da "txikiaren alde", baizik eta "tokiko izenaren alde". Ez dut ingelesaren aurka ezer baina hizkuntza handiak bakarrik defendatzen dira (hala ere, "birzuzendu" ekintzak egin ditut, "Swains Island" eta "Swains Uhartea" lotzeko, inor ez da galtzen). Baina noski badut zerbait tokelaueraren alde, munduko kulturen aberastasuna defendatzearen alde.
  • Arazoa da euskarazko wikipedian ez dugula irizpiderik. Horregatik dugu Anglesey baina Aoraki, horregatik dugu Perpinyà baina Port-Vendres, horregatik dugu Eivissa baina Ajaccio, horregatik neuk Olohega titulatu dut eta batzuek ez dute ikusten horren egokitasuna.

Horregatik, An13sari administratzaile den heinean ekarpen hobea eta baliagarriagoa egiteko, eztabaida dispertsioa egin beharrean berriro eskatuko diot "Kitlineqen" eskatutakoa eta gaurkotuko dut eskaera: bi eztabaida hauek (Eztabaida:Kitlineq, Eztabaida:Olohega) batu eta Txokorako eztabaida-proposamen bat egin ezazu; hortik aterako da komunitateak adostuko duen irizpide bat. Beharra dugu eta.--Adrar (esan) 9:18, 17 Ekaina 2010 (UTC)