Fase kontrasteko mikroskopioa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Fase kontrasteko mikroskopioa zelula biziak aztertzeko erabili ohi den mikroskopioa da, hots, "in vivo"ko prestakinak behatzeko mikroskopioa da.

Zelulak gardenak direnez, mikroskopio optikoarekin ikusita ahal izateko tindatu behar dira, tindatzaile bereziak erabiliz. Tindatzaileek zelulak hil eta haien egiturak ere aldatzen dituzte. Fase kontrasteko mikroskopioarekin, aldiz, zelula eta bere inguruaren arteko kontrastea areagotzen da, zelula bizien behaketa errazten duena [1]

Frits Zernike fisikari nederlandarrak mikroskopio mota hau asmatu zuen 1932an, eta aurkikuntza horrek Fisikako Nobel Saria ekarri zion 1953an.

Oinarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikroskopio optikoa bezala, fase kontrasteko mikroskopioa argiaz ere baliatzen da. Bere funtzionamendua, funtsean, argiaren difrakzio prozesuan datza.

Argi erradiazio batek objektu garden eta ez-xurgatzaile bat zeharkatzen badu, objektua zeharkatu ondoren, zeharkatu aurretik zuen uhin-luzera eta anplitudea bera mantentzen ditu, baina erradiazio hori atzeratuta dago objektu hori zeharkatu ez duten erradiazioekiko. Hau da, atzerapen edo fase-aldaketa bat gertatzen da, baina erradiazioak uhin-luzera eta anplitudea mantentzen ditu. Kasu honetan, giza begiak ez du inolako aldaketarik antzematen objektua zeharkatu duten uhinen eta ez dutenen artean, hau da, ez dago kontrasterik bien artean.

Fase-kontrastearen mikroskopioak kontraste hori sortzea lortzen du, eta, horretarako, objektuak zeharkatzen dituen uhinen anplitudea aldatzen du. Uhinen anplitudearen aldaketa horrek erradiazioaren intentsitatean aldaketa bat dakar, giza begiak detektatzen duena.

Laburbilduz, errefrakzio-indize ezberdinak sortzen ditu mikroskopio mota honek zelula eta bere inguruaren artean [2]. Horretarako, objektibo eta kondentsadore bereziak baditu fase kontrasteko mikroskopioak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aldaba, J. Lopez, P., Pascual M.M., Urzelai, A.: Biologia Batxilergoa, Elkar (2006), 71 orr. ISBN: 84-9783-222-1
  2. Ingraham, J., Ingraham, C.: Introducción a la Microbiología Vol. II, Ed. Reverté (1998), 59 orr. ISBN: 84-291-1869-1

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]