Fitzcarralden istmoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fitzcarrald istmoa» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Fitzcarralden istmoa Urubamba eta Madre de Dios ibaien (irudiaren erdian) arroen arteko pasabidea da.
Fitzcarralden istmoa Urubamba eta Madre de Dios ibaien (irudiaren erdian) arroen arteko pasabidea da.

Fitzcarralden istmoa (gaztelaniaz: istmo de Fitzcarrald) Peru eta Boliviako ibai-arro nagusien arteko mendigune bat da. Ucayali eta Madeira ibaien (Amazonasen adarrak) arteko pausua ahalbidetzen du, eta historialarien arabera, XIX gizaldian Perun egindako aurkikuntza geografiko garrantzitsuena izan zen.[1]

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fitzcarralden istmoa Serjali ibaiaren eskuineko ibarrean hasten da (Mishagua ibaiaren ezker aldeko adarra, Urubamba > Ucayali > Amazonas arroetatik Ozeano Atlantikora isurtzen dena); puntu honetan itsas gainean 332 metrotako altuera du. Menditik zehar ibilbidea 11,5 kilometrotakoa da, punturik altuenak 469 metro dituelarik; hortik behera, Caspajali ibairaino ailegatzen da 352 metrotako altueran; honek urak Manu ibaira isurtzen ditu, Madre de Dios > Beni > Madeira ibaietatik Amazonasera ailegatu arte.[2][3]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urubamba ibaia, Machu Picchutik ikusia.
Urubamba ibaia, Machu Picchutik ikusia.
Fitzcarraldo pelikularako (1985) erabilitako lurrun-ontziaren birsortzea.
Fitzcarraldo pelikularako (1985) erabilitako lurrun-ontziaren birsortzea.

1894 eta 1895 artean, Carlos Fermin Fitzcarrald Madre de Dios arroa esploratzen aritu zen, kautxu zuhaitz basoen bila. Hiru bidai egin zituen, Iquitosetik aterata; lehenengoa 300 pertsonaz osatutako espedizioa izan zen, Ucayali ibaian gora, gero Urubamba eta Camisea haranaren bururaino jarraituz. Indigenek esana jakin zuen beste ibai bat bazela, Camiseari paraleloki zihoana baina kontrako norabidean. Oihanetik zehar bidea ireki zuten, tresnak eta kanoak bizkarrean eramanez, eta Manu eta Madre de Dios ibaietatik jeitsi ziren, Boliviako El Carmen herriraino ailegatuz.[4] Pausu hori kautxua ateratzeko oso erabilgarria izango zela argi ikusi zuen Fitzcarraldek, ez ordea inbertsoreek.[5]

Bigarren bidaia urte berean egin zuen, puntu berera ailegatuz baina beste bide batetik; Camisea ibaia barik, Urubamba ibaiaren beste adar bat erabili zuen: Mishagua izenekoa. Istmoa Serjalí eta Cashpajalí ibietatik zeharkatu zuen.[4] Hirugarren bidaia 1895ean egin zuen, eta ezagunena da: Contamana lurrun-ontzia basotik zehar garraiatu baitzuen, partzialki desmuntatua, 300 indigena campa-ren indarrez. Lanek bi hilabetetik gora iraun zuten,[6] untzia oihanean zehar 9 kilometroz eramanez; ostean Madre de Dios ibaian uretaratu zen, El Carmeneraino iritsiz.[4]

Pausua ireki eta gero, Bolivia aldean aritzen ziren beste kautxu enpresari handiak (Antonio Vaca Diaz, Nicolas Suarez...) berarekin tratuak egin zituzten, beraien zamak Fitzcarralden istmotik Peru aldetik itsasoratu ahal izateko.[1]

Egungo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kautxuaren boom-aren ostean Madre de Dios eskualdeak merkatal garrantzia galdu zuen, eta Fitzcarralden istmoa erabilerarik gabe geratu zen. Halere, garrantzi estrategikoa aitortzen zaio, eta berriz erabiltzeko proiektuak daude, bai lehorreko bide bezala, baita ibaiak konektatuz ere (20 metrotako dekalajeari soluzio teknikoa emanez).[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «THE HISTORY OF FITZCARRALD» www.iquitostimes.com . Noiz kontsultatua: 2018-10-29.
  2. a b Reyna, Ernesto (1942) Fitzcarrald, el rey del caucho. Taller Gráfico de P. Barrantes.
  3. (Ingelesez) «Istmo Fitz-Carrald (Fitzcarrald Istmo) Map, Weather and Photos - Peru: divide - Lat:-11.8167 and Long:-71.6167» www.getamap.net . Noiz kontsultatua: 2018-10-29.
  4. a b c (Gaztelaniaz) «La leyenda y la verdad de Fitzcarraldo» Anatomía de la Historia 2017-04-05 . Noiz kontsultatua: 2018-10-29.
  5. (Ingelesez) «Learning from Fitzcarraldo» V2_Institute for the Unstable Media . Noiz kontsultatua: 2018-10-29.
  6. Pantone, Dr. Dan James «Fitzcarraldo» www.iquitosnews.com . Noiz kontsultatua: 2018-10-29.