Bolivia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Boliviako Estatu Plurinazionala
Estado Plurinacional de Bolivia
Bandera Armarria
Goiburua: ¡La unión es la fuerza!
(Batasuna da indarra!)
Ereserkia: Morir antes que esclavos vivir
(Nahiago hil, gatibu bizi baino)
HiriburuaSucre1
Hiri handiena Santa Cruz de la Sierra
Hizkuntza ofiziala(k) gaztelania, kitxua, aimara, guaraniera
Herritarra boliviar
Gobernua Errepublika presidentzialista
 -  Presidentea Evo Morales
Independentzia Espainiatik
 -  Adierazia 1825eko abuztuak 6 
 -  Onartua 1847ko uztailak 21 
Azalera
 -  Guztira 1,098,581 km2 (27.)
 -  Ura (%) 1,29
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2019[1]) 11.428.245 (83.)
 -  Dentsitatea 10,4 bizt./km2 (224.)
Dirua Bigarren boliviano (BOB)
Ordu-eremua UTC (UTC-4)
Aurrezenbakia 591
Internet domeinua bo
1 Sucre da hiriburu konstituzionala, La Paz gobernuaren egoitza da.

Bolivia[2] (guaranieraz: Mborivia; kitxuaz: Puliwya; aimaraz: Wuliwya), izen ofiziala Boliviako Estatu Plurinazionala (gaztelaniaz: Estado Plurinacional de Bolivia), Hego Amerika erdi-mendebaldeko estatu burujabea da. Herrialde itsasgabea da; Brasilekin du muga iparraldean eta ekialdean, Paraguai eta Argentinarekin hegoaldean, eta Peru eta Txilerekin mendebaldean. 1.098.581 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 11,4 milioi biztanle zituen 2019an.[1] Sucre da hiriburu konstituzionala, gobernuaren egoitza La Paz den arren; Santa Cruz da hiririk handiena.

1825ean Espainiatik independizatu zenetik, estatu kolpeak, gudarosteak herritarren eta meatzarien kontra egindako sarraskiak, politika eta buruzagi aldaketa etengabeak eta inguruko herrialdeen kontrako gerrak izan dira Boliviako historiaren ezaugarri nagusiak. Víctor Paz Estenssororen agintaldi zibilean (1952-1964) meatzeak nazionalizatu eta nekazaritzako erreforma bideratu ziren, eta agintaldi haren ondoren militarren esku gelditu zen gobernua, harik eta 1982an berriro zibilek irabazi zuten arte. 2013-2017 bitartean, Boliviako ekonomia izan zen Latinoamerikan gehien hazi zena.[3]

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Simón Bolívar Ameriketako askatzailearen omenez eman zioten izena.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bolivia Hego Amerikako erdi-mendebaldean dago, hego latitudeko 9° 38' eta 22° 53' artean, eta mendebaldeko longitudeko 57° 26' eta 69° 38' artean. Iparraldean eta ekialdean Brasilekin du muga (3.403 kilometro denera), Paraguairekin (753 kilometro) eta Argentinarekin (942 kilometro) hegoaldean, eta Perurekin (1.212 kilometro) eta Txilerekin (942 kilometro) mendebaldean.[4]

Eskualde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru eskualde natural nagusi daude Bolivian:[5]

  • Andetar eskualdea, hego-mendebaldean, lurraldearen %28 hartzen duena (307.603 kilometro koadro). 3.000 metroko garaieratik gora dago, eta bi mendilerrok zeharkatzen dute zeharkatzen dute ipar-hego norabidean: Mendebaldeko Mendikateak eta Erdialdeko Mendikateak. Bertan daude Ameriketako gailurrik garaienetako batzuk, hala nola, Nevado Sajama (6.542 metro) eta Illimani (6.439 metro). Bi mendilerroen artean dago Altiplanoa izeneko goi-ordoki zabala (805 kilometro luze, 129 kilometro zabal); Altiplanoan daude Titikaka aintzira (9.064 kilometro koadro) eta Uyuniko gatzaga (9.000 kilometro koadro).
  • Subandetar eskualdea, erdialdean eta hegoaldean, lurraldearen %13 hartzen duena (142.815 kilometro koadro). 2.500-3.000 metro arteko garaiera dauka. Erdialdeko Mendikatearen ipar-ekialdeko isurialdeari Los Yungas izena ematen zaio, aimaraz “ibar beroak” esan nahi duena. Eskualde subtropikala da, oso malkarra. Hegoalderago, haran luze eta estuak daude, lurzoru alubial gizenak dituztenak. Bertan daude herrialdeko hiri nagusietatik bi: Sucre eta Cochabamba.
  • Los Llanos, iparraldean eta ekialdean, lurraldearen %59 hartzen duena (648.163 kilometro koadro). Topografia eta klima desberdintasunak kontuan harturik, hiru azpieskualde bereiz daitezke. Iparraldeko lautada, Beni eta Pando departamenduak eta Cochabambaren iparraldea hartzen dituena, oihan tropikalez estalirik dago; lurzorua buztinezkoa denez, zingira zabalak eratzen dira euriteen ondoren. Hegoalderago, Santa Cruz departamenduaren iparraldeko erdian, klima lehorragoa da, eta oihan tropikalak eta sabanak tartekaturik daude. Eremu zabalak nekazaritzarako luberritu dira. Bertan dago Santa Cruz hiria, eta baita herrialdeko gas natural eta petrolio erreserba handienak. Hego-ekialdea, berriz, Gran Chacoren parte da; sabana arantzaduna da bertako landaredia, eta abeltzaintza estensiboa ekonomiaren oinarria.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru arro hidrologiko daude:

  • Amazonasen arroa, iparraldean, 724.000 kilometro koadroko eremua hartzen duena (herrialdearen %66). Arro horretako ibaiek meandro handiak dauzkate eta aintzirak eratzen dituzte. Mamoré da arroko ibairik garrantzitsuena; 1.930 kilometro luze da eta, Benirekin elkarturik, Madeira eratzen du, Amazonasek eskuinaldetik duen adar nagusia. Mamoréz landa, hauek dira arroko ibai nagusiak (ekialdetik mendebaldera): Madre de Dios, Orthon, Abuná, Yata eta Guaporé. Rogaguado, Rogagua eta Jara dira aintzirarik handienak.
  • Rio de la Plataren arroa, hegoaldean, 229.500 kilometro koadroko eremua duena (herrialdearen %21). Paraguai, Pilcomayo eta Bermejo dira ibai nagusiak; aintzirarik aipagarrienak, berriz, Uberaba eta Mandioré dira.
  • Erdialdeko arroa, Altiplanoa drainatzen duen arro endorreikoa (145.081 kilometro koadro, herrialdearen %13). Desaguadero da ibai nagusia (436 kilometro); Titikakan du iturburua eta Poopo aintzirara isurtzen da. Arro horren parte dira Uyuniko gatzaga eta Coipasa aintzira ere.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latitutude tropikaletan egon arren, oso klima desberdinak daude Bolivian, lur behereetako klima tropikaletik Andeetako gailurrik garaienetan dagoen klima polarreraino. Tenperaturak altueraren araberakoak dira, eta aldaketa txikiak dituzte urtaro batetik bestera. Prezipitazioei dagokienez, udan ugariagoak izan ohi dira, eta handiagoak iparraldean hegoaldean baino.[6]

  • Iparraldeko lur behereetan klima ekuatoriala dago, beroa, hezea eta euritsua urte osoan.
  • Erdialdeko lur behereetako klima tropikala da, euritsua urritik apirilera, eta idorra maiatzetik irailera.
  • Chacoko klima subtropikal lehorra da. Urtaro euritsua laburra da (urtarriletik martxora), eta gainerako hilabeteak oso idorrak dira. Bolivian inoiz neurtu den tenperaturarik beroena eskualde horretan erregistratu zen: 47 °C.
  • Erdialdeko Mendikateko ekialdeko isurialdea (Yungas) lainotsua eta euritsua da (1.529 litro metro koadroko urtean), ipar-ekialdeko alisio hezeen eraginez; haize-babeseko ibarretan, berriz, prezipitazioak txikiagoak dira (640-760 litro metro koadroko). Elurra egin dezake 2.000 metroko garaieratik gora, eta 4.600 metrotan dago betiereko elurren maila. Mendebaldeko Mendikatea basamortu hotza eta haizetsua da.
  • Altiplanoak klima hotza eta aridoa dauka, eta eguneko tenperatura-anplitudea oso handia izaten da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Boliviako historia»
Giza itxurako eskultura (Tiwanaku)

Gutxienez orain dela 21.000 urtetik bizi izan da gizakia Boliviako lur garaietan. Aztarna arkeologikoen arabera, duela 5.000 urte hasi zen nekazaritza, eta 1.500 urte geroago metalen ekoizpena, kobrearena batez ere. K. a. 500 aldean, Tiwanakuko zibilizazioa sortu zen Altiplanoan, Titikaka aintziraren hego-ekialdean. Merkataritza eta erlijio gune garrantzitsua izan zen, eta egungo Boliviako mugetatik harago ere iritsi zen haren eragina. Hedapen handia izan zuen 1000. urtetik aurrera, eta gainbehera etorri zen 1200 inguruan. Horren ostean, zazpi erresuma aimara garatu ziren Titikakaren inguruan. Aimarek hiri gotortuak eraiki zituzten Altiplanoan, eta koloniak ezarri zituzten ekialdeko haran subtropikaletan eta Ozeano Barearen itsasaldean.[7]

Aimarek osoki menderatu zuten uru herria, baina ezin izan zuten geldiarazi kitxuen hedapena. Izan ere, Tiwanakuko zibilizazioa desegin zenean, estatu indartsu bat sortu zuten Cuscoko kitxuek: Tahuantinsuyo, espainiarrek Inken Inperioa deitu zutena. XV. mendearen bigarren erdian, erresuma aimarak ahuldu ahala, Boliviako Altiplanoa (Kollasuyo) konkistatzeari ekin zioten inkek. Mita sistemaren bitartez, Kollasuyoko meatze aberatsetan lan egitera eta armadan zerbitzatzera behartu zituzten aimarak. Ordainetan, aimarek autonomia politikoa eduki zuten, eta kultura, erlijioa eta hizkuntza atxiki ahal izan zituzten. 1470ean, ordea, erresuma aimara batzuk inken gobernuaren aurka matxinatu ziren. Inkek erabat azpiratu zuten altxamendua, eta kolono kitxua-hiztunak bidali zituzten Boliviaren erdialdera (egungo Cochabamba eta Sucre ingurura). XVI. mendearen hasieran, inkak erabat nagusi ziren Kollasuyon. Alabaina, ezin izan zituzten mendean hartu ekialdeko Boliviako herri nomadak.[7]

Francisco Pizarro eta Diego de Almagro buru zirela, espainiarrek Inken Inperioaren zati handiena beretu zuten 1524-1533 bitartean. Boliviako Altiplanoaren —Peru Garaia eta Charcas izenak ematen zitzaizkion urte haietan— konkista bi hamarkada atzeratu zen Pizarroren eta Almagroren indarren arteko gerra zibila piztu zelako. Borrokak 1537an hasi ziren, Almagro Cuscoz jabetu zelarik. 1538an Pizarrok Almagro hilarazi zuen, eta hura ere erail zuten hiru urte geroago. Peruko gobernadore bilakaturik, Pizarroren anaia, Gonzalo, Espainiako Koroaren aurkako matxinatu zen, baina 1548an azpiratua izan zen.[8] 1538an fundatua izan zen La Plata (egungo Sucre), 1546an Potosí, 1548an La Paz eta 1574an Cochabamba.

Espainiar kolonizazioa meatze ustiaketan oinarritu zen. Izan ere, lur garaiak aberatsak ziren mineraletan, eta Potosíko Cerro Ricok Mendebaldeko zilar-kontzentraziorik handiena zeukan. Zilarra ateratzen indigenak aritzen ziren mita sistemaren bitartez. Horiek horrela, XVII. mendearen erdialdean, Ameriketako hiririk handiena zen Potosí (160.000 biztanle inguru), eta baita mundu osoko zilar ekoizlerik handiena ere. Nekazaritzan enkomienda sistema erabili zen, indioak esklabotasun egoeran ezartzen zituena. XVI. mendearen erdialdetik aurrera, etxalde handiak sortu ziren; Cochabamban artoa eta garia ekoizten zen batez ere, eta koka hostoak haranetan.[9] Boliviako lurraldea Peruko Erregeorderriaren barnean egon zen, XVIII. mendean Río de la Platakora igaro zen arte.

Independentziaren aldeko borroka 1809an hasi zen, baina 1825ko abuztuaren 6ra arte ez zuen eskuratu, Simon Bolivarren armadei esker. Militar horren omenez datorkio herrialdeari izena. Boliviak eta Peruk herrialde bakarra osatu zuten garai txiki batean. Boliviak herrialdearen zati batzuk, tartean itsasoarekin lotzen zuena, galdu zituen gerrak zirela eta, bai Txile, bai Paraguai, bai Brasilen aurka.

XX. mendean estatu kolpe andana gertatu dira. Azkenean, 1980ko hamarkadaren hasieran azken batzorde militarrak boterea galdu zuen. Hortik aurrera bozketan aukeratutako presidenteak izan dituzten Bolivian. XXI. mendearen hasieran gobernuaren kontrako protestak areagotu ziren. Carlos Mesa presidenteak boterea utzi behar izan zuen herrialde osoko manifestaldi jendetsuengatik. Horren ondoren, 2006ko urtarrilaren 22an, Evo Morales herrialdeko lehen presidente indigenaren agintaldia hasi zen.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009an erreferendumez onartutako konstituzioaren arabera, Bolivia errepublika presidentzialista da. Errepublikako presidentea estatuburua eta gobernuburua da. Legebiltzarrak (gaztelaniaz: Asamblea Legislativa Plurinacional) bi ganbera ditu: Senatarien Ganbera (36 kide) eta Diputatuen Ganbera (130 kide).[4]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Boliviaren banaketa administratiboa»

Bolivia bederatzi departamendutan banaturik dago, eta horiek 112 probintziatan.

Departamendua ISO 3166-2 Hiriburua Hiri handiena Biztanleria
(2012)[10]
Eremua
km2
Dentsitatea
bizt/km2
Probintziak
Flag of Beni.svg Beni B Trinidad Trinidad &0000000000421196.000000421.196 213.564 1,97 8
Flag of Chuquisaca.svg Chuquisaca H Sucre Sucre &0000000000576153.000000576.153 51.524 11,18 10
Flag of Cochabamba.svg Cochabamba C Cochabamba Cochabamba &0000000001758143.0000001.758.143 55.631 31,6 16
Bandera de La Paz.svg La Paz L La Paz El Alto &0000000002706351.0000002.706.351 133.985 20,2 20
Flag of Oruro.svg Oruro O Oruro Oruro &0000000000494178.000000494.178 53.588 9,22 16
Flag of Pando.svg Pando N Cobija Cobija &0000000000110436.000000110.436 63.827 1,73 5
Flag of Potosí.svg Potosí P Potosí Potosí &0000000000823517.000000823.517 118.218 6,97 16
Flag of Santa Cruz.svg Santa Cruz S Santa Cruz de la Sierra Santa Cruz de la Sierra &0000000002655084.0000002.655.084 370.621 7,16 15
Flag of Tarija.svg Tarija T Tarija Tarija &0000000000482196.000000482.196 37.623 12,82 6
Flag of Bolivia.svg Bolivia Sucre Santa Cruz de la Sierra &0000000010027254.00000010.027.254 1.098.581 9,13 112

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2019an 11.428.245 biztanle zituen.[1] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %31,3 dira, 15-24 urte bitartekoak %19,4, 25-54 urte bitartekoak %37,9, 55-64 urte bitartekoak %5,9 eta 65 urtetik gorakoak %5,4. Bizi itxaropena 69,8 urtekoa da; 67 urtekoa gizonezkoena eta 72,8 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak).[4]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boliviako biztanle gehienak, %68, mestizoak dira; amerindiarrak %20 dira (aimarak eta kitxuak batez ere), eta zuriak %5.[4]

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko konstituzioaren arabera, gaztelania eta hizkuntza indigena guztiak dira ofizialak. 36 hizkuntza indigena aipatzen dira, galdutako batzuk barne. Biztanleriaren %60,7k gaztelania du ama hizkuntza, %21,2k kitxua, %14.6k aimara, %0,6k guaraniera (2001eko zenbatespena).[4]

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012ko zenbatespenaren arabera, %76,8 katolikoak dira, %8,1 ebanjeliko edo pentekostalak, %7,9 protestanteak, eta %5,5 erlijiorik gabeak.[4]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latinoamerikako herrialderik atzeratuenetakoa da Bolivia, eta Ameriketako per capita errentarik apalenetakoa du (7.600 dolar 2017an).[4] Baliabide naturalen ustiapena eta esportazioa (meak, gas naturala) dira ekonomiaren oinarria. Bolivarianoa da txanpon ofiziala.

1970eko hamarkadaren amaieraz gero, izugarrizko inflazio igoera jasan zuen, eta egora horri aurre egiteko neurriek ezaugarritu zuten politika ekonomikoa. Horrela, 1980tik aurrera gobernuek ekonomia politika berria eraman zuten aurrera, eta 1993an inflazioa egonkortzea lortu zuten (urteko %8-12ko inflazioa), enpresa ugari, meagintzakoak batez ere, pribatizatuz besteak beste. Víctor Paz Estenssoro (1985-1989) hasi zen inflazioa murrizteko neurriak hartzen, eta haren ondorengo Jaime Paz Zamorak (1989-1993) merkatu libreko ekonomia bultzatu zuen, nahiz eta bere alderdiaren eta langileriaren eta gizartearen presioari aurre egin behar izan zion. Gonzalo Sánchez de Lozadak (1993-1997) merkatu ekonomian berrikuntzak egin zituen: besteak beste, hitzarmenak sinatu zituen Mexikorekin eta hegoaldeko herrialdeen merkataritza elkartearekin (Mercosur), eta hegazkin, telefono, burdinbide, argi indar eta erregai konpainia nazionalak pribatizatu zituen. Hugo Banzerren agintaldian (1997-2001), ustelkeriaren kontrako kanpaina bat antolatu zen inbertsioak erakartzeko asmoz, eta Brasilerainoko gasbide bat eraiki zen, ingurune hartako energia salmentaren gune izateko itxaropenarekin. Presidentetzara 2006an iritsi zen Evo Moralesek Boliviako gasa eta petrolioa nazionalizatzeari ekin zion, eta Yacimientos Petrolíferos Fiscales Bolivianos (YPFB) enpresa estatala garatu zuen. 2006-2016 bitartean, nabarmen egin zuen gora barne produktu gordinak, %5,1 urtean batez beste, eta zor publikoaren beherakada handia izan zen.[12]

Nekazaritzak langileria aktiboaren %29,4 hartzen du, eta barne produktu gordinaren %13,8 (2017ko datuak), baina oso metodo zaharkituak erabiltzen dira; soja, kinoa, Brasilgo intxaurra, azukre kanabera, kafea, artoa, arroza, patata eta, batez ere, koka dira gehien lantzen diren gaiak.[4] Munduko koka ekoizle handienetan hirugarrena da Bolivia, Peruren eta Kolonbiaren ondotik. 2012an 25.300 hektarea koka landu ziren[13], eta 24.500 hektarea 2017an; ekoizpenaren herena legez kanpoko merkatura desbideratzen da kokaina egiteko.[14] Besteak beste, laboreak lantzeko programa alternatiboak antolatu dira legez kanpoko koka ekoizpena murrizteko.

Petrolio eta gas natural asko du, eta baita eztainu, zink, berun, zilar eta urre ugari ere; gai horiek hartzen dute legezko esportazioen gehiena. Bestalde, Uyuniko gatzagan daude Lurreko litio erreserbarik handienak (21 milioi tona).[15] Industria atzera samar dago, eta kontsumorako ondasun galkorrak dira gai nagusiak (elikagaiak, edariak, tabakoa eta ehungintza).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Report for Selected Countries and Subjects: Bolivia, 2019, imf.org
  2.   Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak .
  3.   Valdez, Cecilia Ezkerraren gotorleku sendoa Berria egunkaria, 2018ko irailak 21 . Noiz kontsultatua: 2019-3-6 .
  4. a b c d e f g h   Bolivia CIA World Factbook cia.gov . Noiz kontsultatua: 2019-3-6 .
  5.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: A Country Study: Geography countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-3-14 .
  6.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: A Country Study: Climate countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-3-27 .
  7. a b   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: Pre-columbian Civilizations countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-3-27 .
  8.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: Conquest and Settlement countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-4-9 .
  9.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: The Economy of Upper Peru countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-4-12 .
  10.   Bolivia Caracteristicas de Populacion y Vivienda: Censo Nacional de Populacion y Vivienda 2012 ine.gob.bo . Noiz kontsultatua: 2019-3-12 .
  11.   Decreto Supremo Nº 1672, 31 de julio de 2013 lexivox.org . Noiz kontsultatua: 2019-03-29 .
  12.   Etxebarria, Joanes Evo Morales, beste agintaldi baten bila 7k aldizkaria, 2016ko otsailak 21, naiz.eus . Noiz kontsultatua: 2019-4-16 .
  13.   Cultivo de la hoja de coca y su rendimiento continúan en declive en Bolivia por segundo año consecutivo: Informe de Monitoreo de Hoja de Coca de 2012 de la UNODC unodc.org . Noiz kontsultatua: 2019-4-16 .
  14.   ONU: cultivos de coca en Bolivia aumentan por segundo año consecutivo mundo.sputniknews.com . Noiz kontsultatua: 2019-4-16 .
  15.   Un informe revela la mayor reserva mundial de litio en Bolivia según su Gobierno efe.com . Noiz kontsultatua: 2019-4-16 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bolivia Aldatu lotura Wikidatan


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina Uharte Estatubatuarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)