Kapital gehikuntza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kapital-zabalkuntza» orritik birbideratua)

Kapital gehikuntza, kapital zabalkuntza edo kapital emendatzea enpresek jaulkitzen dituzten akzio berriak inbertitzaileei nahiz lehentasunezko eskubidea duten beren akziodunei eskaintzeko operazioa da.[1] Bi helburu izan ohi ditu: enpresaren proiektuetarako finantzazio bide berriak aurkitzea, batetik, eta akziodunen konposizioa aldatzea, bestetik.

Kapitala gehitzean, ez dira salgai jartzen bazkide akziodunen akzioak, baizik eta titulu berriak ateratzen dituzte konpainiek. Adibidez, demagun enpresa batek 20 milioi euroko kapital soziala duela, hura 1.000 euroko 20.000 akziotan banatua dagoela eta, halatan, Akziodunen Batzarrak bost milioi euroko kapital gehikuntza egitea erabaki duela. Bada, kontu horrek esan nahi du enpresak bost milioitan handituko dituela bere errekurtsoak eta finantzatzeko gaitasuna, akzio berrien salmentaren bidez.

Tramiteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Operazioa burutzeko, hainbat tramite egin behar izaten dira: balioen merkatuko Nazio Batzordeari komunikatzea, jaulkitzeko erabakia egiaztatzen duten dokumentuak erregistratzea eta abar. Akzio zaharren —gehikuntzaren aurrekoen— eta berrien arteko diferentzia, berriz, batzuek eta besteek dibidendua kobratzeko duten eskubidean eta negoziatzen pasatutako denboran dago oinarritua.

Kapitala gehitzeko moduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi modutan egin daitezke kapital gehikuntzak: akziodunentzako gastua dutela edo gabe (akzio liberatuak edo doakoak). Ohikoena da titulu edo akzio berriek zaharrek baino dibidendu apalagorako eskubidea izatea, hau da, jaulki ostean zirkulazioan ibilitako denborari buruz proportzionala izatea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Daniel Udalaitz: «Zer da... Kapital gehitzea», Argia, 2003-11-30. CC-BY-SA lizentziaz argitaratua.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]