Komoda
Komoda edo tiradera altzaria tiradera zabalak dituen mahai baten antzeko altzari bat da; gehienetan jantziak edo etxeko arropa gordetzekoa. Jatorria Frantzian du, XVII. mendearen bukaeran, eta commode («eroso») izenarekin ―hau da, tiraderak dituen altzari eskuragarria, ateen bidez irekitzen dena― 1708tik dokumentatuta dago, aristokraziaren eta burgesia dirudunaren altzarietan nonahikoa.
Ikerketa batzuek komodaren jatorria XVI. mendearen amaieran kokatzen dute, beste izen batzuez bada ere. XVIII. mendean, frantses aristokraziaren artean nagusitu zen, kutxak eta kabineteak ordeztuz, eta Europako marketeria egile, lakatu, zizelkari eta arotzen sormenaren adierazgarri onenetako bat bihurtu zen.

Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikerlarien arabera, baserrietan eta landetxeetan ohikoa zen kutxaren deribazioz sortu zen komoda, tiraderak eta hankak gehituta. Hasieran, gorputz bakarrekoak egiten ziren, baina, ondoren, zenbait tiradera edo kutxatxo gainjarritan banatu zen; ohikoenak hiru tiraderaz egindakoak. Eredu sofistikatu eta aberatsenetan, marketeriaz apaintzen ziren, hankak bola formakoak edo angeluan ipinita. Altzarigintzan funtzionaltasuna nagusitu zen garaietan, soiltasun eta balio apalagoko formak zabaldu ziren.[2]
Antzinaroan eta Erdi Aroan, etxeko gauzak zurezko kutxetan gordetzen eta garraiatzen ziren, estalki eraisgarri bat izaten zutenak eta, batzuetan, hankak ere bai. Kutxa soiletan egindako lehen berrikuntza bat izan zen konpartimendu nagusiaren azpian tiradera bat gehitzea. Nolanahi den ere, XVII. mendera arte etxean altzariak izatea aberatsen kontua zen, eta ordutik aurrera oinarrizko altzari batzuk pixka bat hedatzen hasi ziren arren, komodak aberatsen altzariak izaten jarraitu ziren XIX. mendea ongi aurreratu arte.[3]
Frantzian lehen komodak 1690eko hamarkadan agertu ziren arren, gaur egun altzariak daukan izena 1708an finkatu zen, Luis XIV. erregearen gelarako halako bi altzari eginarazi zituztenean.[4]
Komoda XVIII. mendean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantzian komodak egiten hasi zenetako bat André-Charles Boulle (1642-1732) izan zen.[5] 1708an Trianon Handiari entregatutako modeloak («bureau» esaten zioten lantegian) argi erakusten du joera barrokoa, forma konplexuen atzean funtzionaltasuna ezkutatzekoa.[6] Lehen begiratuan, Boulleren tiraderadun altzariek zintzilik dagoen kutxa bat gogorarazten dute, ziurrenik garaiko zalgurdietan zintzilik eramaten ziren kuxetan oinarri hartuta.[7]
Oro har, frantses ebanistek bi komoda mota nagusi bereizten zituzten: handiak, astunagoak, hormaren kontra bermatzen zirenak; eta txikiagoak, zenbait tiradera zeuzkaten mahai altzariak, batzuetan gelaren erdian jartzen zituztenak.[8] Boulleren diseinu estiloaz gain, komoda handien forma orokorra karratua zen gutxi gorabehera . XVIII. mendearen hasieran. Aldakuntzak izkinetan izan ziren batez ere, beheko aldean prismatikoak edo kanporantz kurbatuak baitziren, hanken jarraipen gisa, batzuetan itxitura bat bezala ere gailenduz. Bitxiak eransten zituzten burdinerian eta marketerian zur exotikoez gain, beste material batzuk ere txertatzen zituzten, batez ere brontzea.[4]

Komodaren forma konplexuagoa bihurtu zen Erregeordetzan (1715-1723). Aldaera estilistiko hedatu bat izan ziren «tombeau» edo hilobi erako komodak. Forma nabarmenean, alde irtenak gorantz zituela, Italiako Pizkundeko komoda estiloak gogorarazten zituen. Funtzionaltasuna mozorrotzea, Barroko berantiarrean ohikoa zena, gero eta gehiago nabarmendu zen, gezurrezko funtzioen irudipenen bitartez: sarraila begirik gabeko giltza zuloak, aurrean ateak zituzten tiraderak edo tiradera gisa diseinatutako ateak. Tiraderak begiratu hutsez bereizten dituzten langa horizontalak kendu egin ziren, tiraderen panelen atzean ezkutatu ziren edo, halakorik ez zegoenean, aplikazioekin itxuratu ziren.[9] Habeen erabilera altzari fabrikatzaile batzuen estilo bereizgarri bihurtu zen, Mathäus Funk (1697-1783) altzarigilea kasu, langa itxuraz metalikoekin nabarmendu baitzituen bere komodak.[10]
Rokoko garaiaren ezaugarri berezi bat izan zen komodak kakotzea, formari dagokionez: izkinen formaren errepikapen leun kakotua aitzinaldearen erdian eta, batzuetan, baita alboetan ere.[11] Rokoko hizkuntza formalaren elementu erritmiko ugarietako bat izan zen, musikaren alde melodikoa ikusmenera eramaten saiatu zirenean, halako moldez non «bombée» deskribapenak diseinuaren alderdi partzial bati bakarrik azaltzen baitu.[12] Barroko berantiarrean, komodaren aurrealdea kakotzeko zenbait estandar ezarri ziren, makurduraz gain, goitik ikusita uztarri baten tankera hartzen baitu maiz komodaren aurrealdeak. Aldaerak ere bazeuden, adibidez, balezta baten forma gogoratzen zuena, frantsesez en arbalète deitua. Zenbat eta makurdura gehiago izan gainazalak, orduan eta gehiago nabarmentzen zen esmaltea. Aldaera estilistiko bat ―ziurrenik, Frankfurten sortua— «komoda izurtua» izan zen, burdineria ia batere gabekoa, baina forma uhindu nabarmenagoekin diseinatuta. Estiloa 1740 inguruan iritsi zen gorenera; Zurichen ere oso zabalduta zegoen.[13]

XVIII. mendearen bigarren erdian, Ingalaterrako klasizismoak estilo frantsesa gailendu zuen heinean Europa mendebalde osoan, komodaren diseinua forma erabat geometrikoetara lerratu zen. Aurrealdea, erabateko sinpletasunez, erdiko irtenune batekin aberasten zen gehienez ere, doi-doi angelu txiki bat eginez. Komoda haiek Frantzian commodes à ressaut (irtenune komoda) izena jaso zuten. Klasizismoaren gustuko beste diseinu bat izan zen forma erdizirkularra, goitik begiratuta, frantsesez demi-lune (ilargi erdi) deitua. Aurrealdeko sekzioen diseinu konplexurako, komoda klasizistaren tiraderak ate kulunkari edo lerragarriekin estaltzen ziren, lehen baino maizago ere. Oso zabalduta zegoen, baita ere, komoda à vantaux edo komoda hegoduna, bi alboetan alboetan armairuak zituena, edo alderantziz, alboetan bi komoda eta erdian armairua. Halakoetan, ateak askotan tiraderentzako «atze oihal» bat besterik ez ziren.[14]
XVIII. mendeko komoda txikiek, batez ere, xifonier frantsesak —hasieran hanka luzeko mahaitxo batzena― taula azpian oihal txikiak edo zapiak (frantsesez, chiffon) gordetzeko tiradera batzuk zituzten. Geroago, Frantzian xifonier garaiagoak eta tiradera gehiagorekin sortu ziren, komodaren bertsio estua Ingalaterran jada oso zabaldua zegoelarik. Aipatzekoa da trumeau (leihoarteko) izeneko komoda estua, leihoen arteko hormen sekzio laburretan jartzen baitzen. Altzari apal samarrak izaten ziren, kutxa moduko altzari garaiekin gela ez iluntzearren. Komoda berezi bat semainier (astekoa) izan zen, zazpi tiraderaz osatua eta mahaiaren altueratik gora altxatzen zena, Frantzian Trantsizioaren garai estilistikoan eta beste herrialde batzuetan Inperioaren garaian agertua. Zazpi tiradera zituenez, asteko egun bakoitzerako azpiko jantziak gordetzeko baliatzen zen. Halako altzari garaiak ere egiten ziren, tiradera faltsuz mozorrotutako ate bat zuten armairuak.[15]
XVIII. mendean, komodak beste altzari mota batzuekin konbinatzen zituzten askotan. Komodari eransten zizkioten apalak, beira arasak edo armairuak, azken horiek sarritan erdian ate bat zutelarik, alboetan tiradera ugarirekin, «sagrario eranskinak» balira bezala. Ziur asko, erdiko posizioa goian egoteagatik hartu zuten izen hori; kabinetea, aldiz, ez zen etxeko aldare gisa erabili, nahiz eta halakorik ere noizbehinka gertatu izan zen Pizkundeko italiar kabinetetan, stipi a bambocci (zizelkadura zurtoin) erakoetan.[16]
Komodak idazteko altzari gisa ere erabiltzen ziren. Horretarako, XVIII. mendean, idazketarako osagarri batez hornitu zituzten, estalki makurtu baten bidez, idazmahai gisa erabil zitekeena, batzuetan altxagarria, aldi berean altzariaren ate edo estalki funtzioa betetzen zuena.[17] Halako komoda asko egin zituzten alemanez hitz egiten zen herrialdeetan ere, eta sarritan bigarren osagarri bat izaten zuten, armairu moduko altzari bat izaten zuena erdian. Hiru zatiko idazmahai altzariek à-trois corps izena hartzen dute frantsesez.[18]
Idazteko beste komoda mota bat, goiko tiraderaren ordez idazmahai bat ezkutatzen duena, orokortu zen XVIII. mendean, bereziki Ingalaterran. Ingelesez bachelor's chest (ezkongabeen kutxa) esaten zioten. Hasieran, aurrerantz zabaltzen zen idazmahaiaren orria, bultzada euskarrien bidez. Altzarietan panel bilkor edo eraisgarri osagarriak modan jarri zirenean, ezkongabeen komodaren idazteko gainazala ez zen tolesgarria, bilgarria baizik.[19]
Tipologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Komoda oso altzari askotarikoa denez, modelo klasiko ugarietatik hasi eta pieza funtzionalenetaraino joan daiteke, besteak beste idazmahai komoda, taula eraisgarria duena tiradera multzo baten gainean, edo «ezkongabeen kutxa», oso hedatua Ingalaterran eta Italian.[20]
Mota klasikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Luis XV estilokoa, bi edo tiraderako komoda da. Modelo hedatuenetako bat commode chiffonnière izenekoa da, txikia, estua eta hiru tiraderen artean langak dituena. Beste eredu jakingarri bat commode régence izenekoa da: altzari sabelduna, ertzetan urre koloreko brontzezko sarraila hagaxkak eta oinetan brontzezko inkrustazioak zituena, eta hiru tiradera ilarekin, zeharragaz banatuak, langa bertikalak eta aurrealdea oso landuak zituena.[21]
- Luis XVI estilokoa, altzaria V formakoa da, tiradera luze eta estu bat du goian, eta azpian beste bi tiradera, luzera berekoak baina estuagoak. Hankak «greziar erako» estiloan estilizatzen dira. Marmolezko mahaia eta Jean Bérain maisuaren estiloko marketeria izan ohi ditu, kobrezko apaingarriekin eta dortoka maskorrekin, eta jasmin loreekin tindatutako zurezko tailekin. Luis XVI.arekin demi-lune edo «ilargi erdiko komoda» ere modan jarri zen, aurrealde sabelduna zuena eta konpartimentu edo apal ugari.[22]
- XVIII. mendearen bigarren erditik aurrera, Frantzian, 1760-1775 artean ―beraz, Frantziako Iraultzaren atarian―, komodak apainduraren sentsualitatea galdu zuten, eta Luis XV estiloko jatorrizko lore marketeriaren ordez, greka eta motibo erronboidal edo kubikoak nagusitu ziren. Lerro zuzenek gero eta indar handiagoa hartu zuten, hanka motzagoekin, eta, batzuetan, tiradera osagarri bat hegalean. Beste batzuetan, berriz, urre koloreko brontzezko astragalo bat ezartzen zuten, tiraderak goiko langatik banatuz eta arintasun handiagoko efektua lortuz. Brontzeak ere desagertu edo, gutxienez, soildu egin ziren.[23]
- XVIII. mendeko Ingalaterran, Queen Anne estiloak modan jarri zuen «ezkongabeen komoda», goiko aldean tolesgarria, irekita idazteko mahai gisa erabil zitekeena.[24]
- 1730 inguruan, Charles Cressent ebanistak bi tiraderen artean zeharraga bakarra zuen modelo bat diseinatu zuen, apaingarri landuz hornitua, maitetxo, maskara eta lore nahiz fruituen girlandekin. Prototipoa Italiako iparraldera pasatu zen commoda a bambocci izenarekin, eta Ligurian, Toskanan eta Lonbardian asko zabaldu zen. Italiar ereduetan, ohikoak ziren S itxurako oinak, molorrika apainduraz edo lehoi nahiz beste animalia baten atzapar boluta bikoitzarekin, aurrealdean edo alboetan ispiluekin, moldura konplexu edo ahokatuekin apainduak, burdina forjatuzko edo brontzezko heldulekuekin edo zurean zizelkatutako buruaren formako panelekin.[20]
- Inperio estiloko komodak, itxura trinkoagoarekin, hiru tiraderen estetika tradizionala berreskuratu zuen, tarteetan zeharragak zituena, aurrealdea lerro zuzenez egina, oinak atzapar eran eta gorako hodi zuzenak esfinge buruekin edo zutabe bananduekin eginak. Karlos X. ak profil trinko horri eutsiko zion, eta gainera, zur horiak (zumarra, astigarra, limoiondoa) erabiliko zituen, marketeria iluneko parpailekin apainduta. Askoz ere soilduago eta burgesagoa izango zen Luis Filipe estiloko komoda, arka baten antzekoa, goi zeharraga batekin, kutxa bat ezkutatzen zuena. Haitzurdin argiko gaina eta kaobazko edo basa gereziondozko xaflatua izaten ohi zituen.[20]
- Viktoriar estiloarekin, komoda garai eta ispiludunak hedatu baziren ere, XIX. mendearen amaierako Ingalaterran, astigar edo kaoba zurezko itsasontzi komoda (military chest) modan jarri zen, askoz ere neurritsuagoa, gainjarritako bi kutxekin eta kobrezko helduleku xumeekin apaindutako tiraderekin. Panel tolesgarri bat ere eduki zezakeen, mahai baten antzera, taula gainean.[25]
- 1920ko hamarkadaren bigarren erdian, Émile-Jacques Ruhlmann (1879-1933) Frantziako Art Déco mugimenduko diseinatzaile eta ebanistak komoda bat jarri zuen modan, kutxa sabeldu baten itxurakoa, ebanisteria fina izan ohi zuen hanka lirainen gainean. Diseinatzailearen apeta ez zetorren bat garai hartako gustuekin, orduan zur trinkoak (gereziondoa, sagarrondoa eta gisakoak) hobesten baitziren halako altzarietan.[26]
Irudi galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Komoda belarriduna, Charles Cressent-ek egina (1730-1735), emakume gazte irribarretsuen bustoz (espagnolette izenekoak) apaindutako oinekin.
- Mazarine komoda bat, Luis XIV estilokoa. Musée des Hospices civils de Lyon.
- Palisandro zurezko komoda, lau tiraderako hiru ilararekin, Luis XV estilokoa.
- Luis XV estiloko komoda, bi tiradera lerroekin, Jacques Dubois ebanistaren zigilua duena..
- Jean-François Oeben ebanistaren komoda baten errepika, Trantsizio estilokoa (Ateliers Allot Frères egindakoa).
- Inperio estiloko komoda, bi ateren atzean tiraderak ezkutaturik.
- Aurrealdea demi-lune erako komoda, ateak alboetan dituelarik.
- Tiradera soilak dituen komoda bat.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Italieraz) Cordera, Paola. (2020). «L’archivio immaginario. Il problema delle arti decorative» Teca 10 (1ns): 323-332. or. doi:. ISSN 2240-3604. (kontsulta data: 2026-08-31).
- ↑ (Ingelesez) «The Story of the Chest of Drawers» The Past perfect Collection (web.archive.org).
- ↑ (Gaztelaniaz) Piera Miquel, Mónica. (2005). «La cómoda y el tocador, muebles de prestigio en la sociedad catalana del siglo XVIII» Pedralbes: Revista d'historia moderna (Departament d'História Moderna) (25): 259-282. or. ISSN 0211-9587. (kontsulta data: 2026-09-01).
- 1 2 (Frantsesez) «Commode» Château de Versailles - Collections (web.archive.org).
- ↑ (Gaztelaniaz) EE.AA.. (2002). Diccionario de arte. Barcelona: RBA Larousse, 70. or. ISBN 978-8483323908. OCLC .1431094325.
- ↑ (Frantsesez) «18e siècle, aux sources du Design - Chefs-d'œuvre du mobilier 1650 à 1790» Château de Versailles - Exposition (kontsulta data: 2026-09-01).
- ↑ (Frantsesez) «Commode - André-Charles Boulle, Français, 1642–1732» The Met (web.archive.org).
- ↑ (Frantsesez) Roubo, André Jacob. (1772). L'art du menuisier en meubles. Paris: Saillant et Nyon (BnF Gallica), 753-759. or..
- ↑ (Frantsesez) Boursier, Jérémy. (2024-04-22). «Le style Régence» BCA Matériaux anciens (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-09-06).
- ↑ (Alemanez) «Funk» Furthof Antikmöbel GmbH (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-09-06).
- ↑ (Ingelesez) Wilson, Gillian; Heginbotham, Arlen. (2021-03-30). French Rococo Ébénisterie in the J. Paul Getty Museum. J. Paul Getty Museum, Los Angeles (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-09-06).
- ↑ (Ingelesez) «Rococo Furniture: Curves, Grandeur and the Art of Excess» Butchoff, London (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-09-06).
- ↑ (Alemanez) Boller, Thomas; Dubno, Werner. (2004). Zürcher Möbel: das 18. Jahrhundert. Zürich: Neue Zürcher Zeitung, 28. or. ISBN 978-3858239884. OCLC .56933106.
- ↑ (Ingelesez) «Martin Carlin (1730-85). Commode (commode à vantaux)» Royal Collection Trust (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-10-17).
- ↑ (Ingelesez) «French Rococo Ébénisterie in the J. Paul Getty Museum» JSTOR doi:. (kontsulta data: 2026-10-17).
- ↑ (Ingelesez) «An Italian walnut bambocci cabinet, Ligurian, on an associated Italian carved walnut prie-dieu 17th century and later» Sothebys (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-10-18).
- ↑ «French Louis XV Bureau en Pente, J Dubois» Kollenburg Antiquairs (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-10-18).
- ↑ (Ingelesez) «The History and Evolution of the Secrétaire - Complete Guide» AnticoAntico - Antiques & Design (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-10-18).
- ↑ (Ingelesez) «A Modest Masterpiece: The Bachelor's Chest» O'Sullivan Antiques (web.archive.org) 2026-09-29 (kontsulta data: 2026-10-18).
- 1 2 3 (Gaztelaniaz) Escrivá, Paco. (2015). «¿Cuál es el origen de la cómodas?» Ambar Muebles (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Berlinghof, Silke. (2025-09-23). «The Evolution of the Bombe Chest | Antique Furniture Guide» Styylish (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Schraepen, Rainier. (2026). «Louis XVI: The Return to Classical Order» Butchoff London (kontsulta data: 2026-10-20).
- ↑ (Frantsesez) «Commode Mercier Frères de style Transition» Galerie Atena (web.archive.org).
- ↑ (Ingelesez) Miller, Judith. (2005). Antiques encyclopedia. London: Octopus Publishing Group, 80. or. ISBN 978-1784723651. OCLC .972635398.
- ↑ (Ingelesez) «Military Campaign Chest of Drawers» Pamono (web.archive.org).
- ↑ (Frantsesez) Ruhlmann,, Jacques-Emile. (ca. 1930). «Commode "au char"» Musée du Louvre - Département des Objets d'art du Moyen Age, de la Renaissance et des temps modernes.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Lolo French Antiques (web.archive.org)