Konparazio-perpaus

Wikipedia, Entziklopedia askea

Konparazio-perpausak konparazioa bideratzen duten perpaus txertatuak dira. Hau da, hitz egitean maiz agertzen diren nozioak nolabait neurtu, mailakatu edo elkarren parean jartzeko eginkizuna betetzen dute konparazio-perpausek.

Konparazio perpausak: (-EN) BEZAIN, (-EN) ADINA, (-EN) BEZALA,… Konparazio-egiturek adjektiboekin eta zenbait aditzondorekin aurkitu daitezkeen maila-aditzondoen nahiz izen-sintagmetan aurkitzen diren zenbatzaileen zeregina betetzen dute. Alegia, ondoko adibideetan nabarmendutako osagaiek, funtsean, zeregin bera betetzen dute:

  • a. Oso etxe ederra …
  • b. Zurea bezain etxe ederra …
  • c. Zurea baino etxe ederragoa …
  • d. Hamar elefante …
  • e. Haurrak ikusi dituen adina elefante …
  • f. Aski berandu …
  • g. Joseba iritsi den bezain berandu …
  • h. Guztiz interesgarria …
  • i. Atzoko pelikula bezain interesgarria…

Izen-sintagmaren, adjektibo-sintagmaren nahiz adberbio-sintagmaren osagai dira konparazio-perpausak: aipatutako sintagma horien barnean txertaturik agertuko dira. Beraz, perpaus erlatiboen antzekoak dira. Eta, egituraz, perpaus erlatiboen antzeko egitura dute:


Konparazio-perpaus motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

a. Berdintasuna, gehiagotasuna eta gutxiagotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konparazioa egiten denean, berez, A B baino gehiago dela, edo biak berdinak direla edo A B baino gutxiago dela esaten da. Hortaz, konparazio-perpausak ere gehiagotasunezkoak, berdintasunezkoak edo gutxiagotasunezkoak direla esan ohi da gramatiketan. Hala ere, euskaraz, adjektiboen edo adberbioen maila konparatzen denean, gutxiagotasunezko konparaziorik ez da gertatzen hizkera arruntean. Alegia, euskaraz etxe bat beste bat bezain garestia dela esan daiteke (berdintasunezko konparazioa) edo etxe bat bestea baino garestiagoa dela (gehiagotasunezkoa). Baina *etxe bat bestea baino gutxiago garesti dela esatea debekatua dagoela dirudi. Hori aditzera eman nahi bada, bi bide dira: gehiagotasunezko konparazioa hartu eta ezezka eman, ukatu:

  • Etxe hau bestea baino garestiagoa ez da.

Edo, bestela, berdintasuna ukatzea:

  • Etxe hau ez da bestea bezain garestia.

Edo bestela, ahal denean, adjektiboaren edo dena delakoaren antonimoa bilatuz, kontrakoa bilatuz, alegia:

  • Etxe hau bestea baino merkeagoa da.

Arazo hori maila-konparazioan gertatzen da, hots: adjektiboekin edo adberbioekin aritzean. Zenbatasunaz aritzean, gehiago eta gutxiago zenbatzaile konparatiboak baliatzen direnez gero, ez dago arazo hori.

b. Maila konparazioa, zenbatasunezko konparazioa eta modu-konparazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru mota nagusi gertatzen dira: maila-konparazioa, zenbatasunezkoa eta moduzkoa. Lehenbizikoan bi adjektiboren edo bi adberbioren maila konparatzen da:

  • a. Joseba ni BEZAIN aberatsa da.(Josebaren eta nire aberastasun-mailak konparatzen dira).

Zenbatasunezko konparazioan, berriz, bi kantitate, bi kopuru, konparatzen dira. Adibidez, ondoko perpaus honetan Anderren diru kopurua eta nirea konparatzen dira:

  • b. Josebak nik ADINA diru du.

Modu-konparazioan, bi modu konparatzen dira:

  • c. Josebak nik BEZALA egiten du musean.

Mota bakoitzak marka gramatikal bereziak eskatuko ditu. Adibidez, ADINA edo ADINBAT bezalako batek kantitatearen konparazioa bideratuko du: aurreko (b) perpausean Josebak zenbat diru duen esaten du, bide batez konparazioa ezarriz, nik dudan dirutzarekin konparatuz alegia. Baina BEZAIN, esaterako, maila-konparazioa bideratzeko erabiltzen da. Hori da, hain zuzen, aurreko (a)perpausean ikusten dena. Modu-konparazioa, berriz, BEZALA-ren bidez gauzatzen da.

Perpaus konparatiboen egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konparazio-egituretan bi atal izaten dira beti. Batean, maila edo zenbatasuna –hots: kuantifikazioa– ezarri zaion osagaia (adjektiboa, adberbioa, nahiz izen-sintagma). Bestean, maila edo zenbatasun hori zehazten lagunduko duen erreferentzia-puntua edo araua. Adibidez, perpaus honetan:

  • Automobil hau GARESTIAGOA da.

Hor, autoaren garestitasunari maila ezarri zaio: garestia dela esan beharrean, besterik gabe, garestiAGOa dela esaten da. Gauza bera beste honako honetan:

  • Parke hau ez da HAIN HANDIA.

Hor ez da esaten besterik gabe parkea ez dela handia. Handitasun horri maila ezarri zaio. Horretarako, maila-hitza erantsi zaio: HAIN handia. Aurreko bi perpausak bere horretan utz litezke, garesti edo handi adjektiboen maila zehazteko zein erreferentzia-puntu hartzen den aditzera eman gabe. Hori maiz gertatzen da, testuinguruagatik zehaztapen hori egiteko premiatik ez dagoenean, adibidez. Baina, benetan, perpaus konparatibo batera jo daiteke. Aurreko bi perpausetako kuantifikazioa zehaztuko duen araua edo erreferentzia-puntua bilatu daiteke. Adibidez, honako bi perpaus hauek har daitezke erreferentziatzat:

  • Moto gorri hori garestia da.
  • Floridako parkea handia da.

Kasu honetan ere, motoaren garestitasunak mailaren bat izango du. Eta Floridako parkearen handitasunak ere bai. Bi mailak konpara daitezke, egitura konparatiboa lortuz:

  • Auto hau [moto gorri hori baino] garestiagoa da.
  • Parke hau ez da [Floridako parkea bezain] handia.

Perpaus konparatiboaren eskuinean, morfema egokia azalduko da: berdintasunezko konparazioan erabiltzen diren morfemak eta desberdintasunezkoan erabiltzen direnak desberdinak dira. Konparazio-morfemak:

berdintasuna desberdintasuna
Zenbatasuna ADINA, ADINBAT, BESTE, BEZAINBAT BAINO... GEHIAGO, BAINO ... GUTXIAGO
Maila BEZAIN BAINO...AGO
Modua BEZALA

Eta konparazio-egitura horien taxu orokorra eskema hauen araberakoa izango da:

ZENBATASUNA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontuan izan zenbatasunaz aritzeko izen-sintagmak edo kantitate-adberbioak erabiltzen direla. Beraz, zenbatasunezko perpaus konparatiboak izen-sintagma baten edo kantitate-adberbio baten osagai izango dira.

1. Berdintasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen-sintagma baten kantitatea beste batenarekin konparatzean, hau izango da funtsezko egitura:

IS[...(aditza + -en) + ADINA / ADINBAT / BESTE / BEZAINBAT... + IZENA]

Adibidez:

IS[zuk (duzun) + ADINA+ urte] ditu Mirenek. → (= Zuk adina urte ditu Mirenek)
IS[atzo (ekarri nuen) + BESTE+ urte] ekarri dut gaur. → (= Atzo beste esne ekarri dut gaur)
IS[guri (kontatu dizkigun) + BEZAINBAT + gezur] ez dio inori kontatu. → (= Guri bezainbat gezur ez dio inori kontatu)

Baina IS guztietan ohikoa denez, IS horren ardatza, izena alegia, ezkutuan egon daiteke. Adibidez:

  • a. Atzo (ekarri nituen) beste [Ø] ekarri ditut gaur. (= atzo beste ekarri ditut gaur)
  • b. Behar dituzun adina [Ø] emango dizkizut.
Kantitatezko konparatiboa, sintagma mugagabea.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adibideetan ongi ikusten den bezala, zenbatasunezko konparatiboa txertatua aurkitzen den izen-sintagmak mugagabean joan behar du. Horrenbestez, zenbatzaile zehaztugabeek eskatzen duten jokabide bera eskatzen du perpaus konparatibo honek ere. Hona beste zenbait adibide:

  • Elizan adina jende bildu da plazan. (ez, *elizan adina jendea…).
  • Nik adina atzamar dituzue eskuetan. (ez, *nik adina atzamarrak).
  • Zazpi zaldi hiltzeko adina pattar edan du. (ez, *zazpi zaldi hiltzeko adina pattarra).
Konparatiboa, zenbatasunezko adberbio sintagma denean.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adberbio-sintagma denean ere, itxuraz egitura bera izango da, baina izenik gabea, ez baita izen-sintagma bat, adberbio-sintagma bat baizik. Izan ere, zenbait aditzek ez dute izen-sintagma objektua onartzen kantitate-adizlagun bat baizik. Horrelakoak dira, adibidez, BALIO, PISATU, IRAUN, BAZKALDU, eta antzekoak. Adberbio-sintagma hauek honako egitura hau izango dute:


AdbS[...(aditza + -en) + ADINA / ADINBAT / BESTE / BEZAINBAT... ]

Adibidez:

  • Horrek irakasleak adina daki.
  • Gizon hark guk bezainbat pisatzen du.
  • Pelikula horrek ez du antzerkiak beste irauten.
  • Gizon horrek diru adina zor du. (Alegia, zenbat diru, hainbat zor).

2. Desberdintasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oraingoan ere, konparazio-perpausa izen-sintagma baten osagai den ala adberbio-sintagma baten osagai den har daiteke kontuan:

IS[...(aditza + -en) + BAINO + IZENA {GEHIAGO / GUTXIAGO}]

Adibidez:

  • Zuk erosi zenuen baino txokolate gehiago jango genuen.
  • Antolatzaileek espero zuten baino jende gutxiago etorri da jaialdira.
AdbS[...(aditza + -en) + BAINO + GEHIAGO / GUTXIAGO]

Adibidez:

  • Zuk nahi zenuen baino gehiago jan zuen txakurrak.
  • Zuk uste duzun baino gutxiago balio du bizikleta honek.

MAILA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maila-konparazioa adjektiboekin eta adberbioekin egin daiteke. Hortaz, maila-konparaziozko perpausak adjektibo-sintagma baten edo adberbio-sintagma baten inguruan ibiliko dira. Adjektiboa izen-sintagma baten barnean egon daiteke eta izen-predikatu ere izan daiteke. Horrenbestez, bi leku horietan ager daiteke konparazio-perpausa, normalena izen-predikatuaren egongunean aurkitzea bada ere.

1. Berdintasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AdjS/AdbS[...(aditza + -en) + BEZAIN + ADJEKTIBOA/ADBERBIOA]

Adibidez:

AdjS[Zu (zaren) + BEZAIN+ berritsua] da Miren. → (= Zu bezain berritsua da Miren)
AdbS[Zu (bizi zaren) + BEZAIN+ ongi] bizi da Miren. → (= Zu bezain ongi bizi da Miren)
Hura AdjS[ handi (den) + BEZAIN+ lodia] da. → (= Hura handi(a) bezain lodia da)

Konparazio-egitura izen-sintagma baten barnean txertatua dagoenean, honako hau izango da egitura:

IS[...(aditza + -en) + BEZAIN + IZENA + ADJEKTIBOA]

Adibidez:

IS[Zu (zaren) + BEZAIN+ neska berritsu gutxi] ezagutzen dut. → (= Zu bezain neska berritsu gutxi ezagutzen dut)
IS[Zuk (erosten dituzun) + BEZAIN+ jantzi garestiak] jende gutxik eros ditzake. → (= Zuk bezain jantzi garestiak jende gutxik eros ditzake)

2. Desberdintasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Desberdintasunezko konparazioan ez dago zenbatasunaren eta mailaren artean funtsezko bereizketarik. Zenbatasunaz aritzeko, GUTXIAGO eta GEHIAGO zenbatzaile konparatiboak erabiltzen dira. Adjektiboen edo adberbioen mailaz ari izanez gero, ongi datorren adjektibo konparatiboa erabiliko da: HANDIAGO, TXIKIAGO, POLITAGO, URRUNAGO, BERANDUAGO, GOIZAGO, LEHENAGO etab. Hemen ere, konparazio-perpausa izen-predikatu lanetan ari den adjektibo-sintagmaren osagai izango da sarritan:

AdjS[...(aditza + -en) + BAINO + ADJEKTIBOA + AGO(A)]

Adibidez:

AdjS[Atzo (ikusi zintudan) + BAINO + alaiago] ikusten zaitut gaur. → (= Atzo baino alaiago ikusten zaitut gaur)
AdjS[Gasteiz (den) + BAINO + txikiago(a)] da Baiona. → (= Gasteiz baino txikiagoa da Baiona)

Izen-predikatu diren adjektibo-sintagma horiek, maiz, mugatzailerik gabe joan daitezke. Hots: goiko perpausetan alaiago nahiz alaiagoa, txikiago nahiz txikiagoa, esan daiteke.

Izen-sintagmaren barnean aurkitzen den adjektiboarekin lotua ere egon daiteke perpaus konparatiboa. Adibidez:

IS[...(aditza + -en) + BAINO + IZENA + ADJEKTIBOA + AGO(A)]

Adibidez:

IS[Gu(garen) + BAINO + ikasle saiatuagoa] da Miren. → (= Gu baino ikasle siatuagoa da Miren)
IS[Inork (erosten dituen) + BAINO + arropa garestiagoak] erosten dituzu. → (= Inork baino arropa garestiagoak erosten dituzu)

MODUA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Moduzko konparazioa beti berdintasunezkoa da, eta BEZALA aditzondoaren bidez osatzen da. Horrelako perpaus konparatiboek adberbio-sintagma osatzen dute beti.

AdbS[...(aditza + -en) + BEZALA]
AdbS[Aitak (agindu zizun) + BEZALA] egin behar zenuen.
AdbS[Nik (nahi nuen) + BEZALA] gertatu dira gauzak.
AdbS[Etxean(jaten den) + BEZALA] ez da inon jaten.

Osagai-murrizketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emandako eskema horietan agertzen diren puntutxoek (...), perpaus txertatuan azalera ateratzen diren osagaiak adierazi nahi dituzte. Izan ere, perpaus txertatua oso murriztua eta laburtua egon ohi da gehienetan. Kontrastean jarri nahi diren osagaiak bakarrik gordetzen dira. Aditza, gehienetan, ezabatua egongo da, eta gainerako osagaiak ere, perpaus nagusiko osagaien pare diren heinean, ez dira agerian emango. Murrizketa horien guztien ondorioz, ADINA, BEZAIN eta abarren ezkerretara oso elementu gutxi agertuko dira normalean. Gehienetan azpian dagokeen perpausaren osagai bakarra agertuko da:

  • a. Orain ez dago LEHEN adina demanda.
  • b. Euskarak lurrean MUNDUAK adina iraun dezan nahi dugu.
  • c. EUSKAL HERRIAN baino hobeto leku gutxitan jaten omen da.
  • d. ZU bezain aberatsa da Lore.
  • e. HAURRAK BAGINA bezala tratatu gintuzten.

(e) perpaus horretan, hain zuzen, baldintzazko perpausa da perpaus txertatuko osagai bakarra. Gogoan izan, baldintzetan bi osagai nagusi daudela: baldintza bera, eta baldintzaren ondorioa. [Ba- … bezala] gisako perpausetan, ezabatua ageri ohi dena baldintzaren ondorioa izaten da. Perpaus hori, osorik, honela izango litzateke:

  • Haurrak bagina (tratatuko gintuzketen) bezala tratatu gintuzten.

Haietan denetan, perpaus txertatuko osagai bakarra ageri da. Baina, behar izanez gero, eta zer esan nahi den kontuan izanik, osagai horien kopurua handiagoa izan daiteke. Adibidez:

  • Loreak udan ihintza bezala / maite dut dama gazte bat.

Hor, perpaus txertatuko aditza izan ezik (hain zuzen, perpaus nagusiko aditza bera delako: maite dut, alegia) gainerako osagaiek zutik diraute: loreak (nork), udan (noiz), ihintza (zer).

BEZALAKO, ADINAKO, BEZAINBATEKO, ADINBATEKO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BEZALA-z osatutako modu konparatiboak adberbio-sintagma dira, NOLA galderari erantzuten diotenak. Baina BEZALA-ren ondoan BEZALAKO ere badago, ADINAKO, ADINBATEKO, BEZAINBATEKO eta abar dauden bezala. Horiek izenlagunak osatzeko balio dute. Horrenbestez, izen-sintagma baten osagai gisa ager daitezke, eta, nola ez, izen-predikatu gisa ere bai. Adibidez:

  • Atzo kontatu zidaten bezalako ipuinik ez dut sekula entzun.
  • Mando bat lehertzeko adinako baba pila jan zuen.
  • Mutil hori zu bezalakoa da, bihurria baina atsegina.
  • Liburu hau ez da beste hori adinakoa.

Osagaien ordenaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordena arrunta gorago emandakoa da: Perpaus txertatua + konparazio-morfema + sintagmaren ardatza. Hala ere, zenbaitetan, ordena hori hautsia ager daiteke: sintagmaren ardatza alde batera, eta konparazio perpausa beste batera:

  • Botika horrek kalte egiten dio mesede adina. (= Botika horrek mesede adina kalte egiten dio)

Ordena aldaketa hori, batez ere, BAINO-rekin gertatzen da:

  • Lan hori errazagoa da zuk uste duzun baino. ( = Ariketa hori zuk uste duzun baino errazagoa da)

Berdintasunezko maila-konparazioan, ordea, BEZAIN-ekin, alegia, ez dago horrelako askatasunik:

  • Nobela hori Irigoienen azkena bezain oparoa da. (*Nobela hori oparoa da Irigoienen azkena bezain)

Eredu erromanikoaren arabera eratutako perpaus konparatiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus erlatiboekin gertatzen den bezala, konparatiboak ere osa daitezke eredu erromanikoari jarraituz. Hots: jatorriz galde-hitzak diren elementuez baliatuz, NOLA galde-hitzaz baliatuz bereziki. Egitura horiek autore zaharretan aurkituko dira batez ere. Gehienbat berdintasunezko konparazioa adierazten dutenak izan ohi dira.

Zenbatasuna adierazteko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Baldin egin balitz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latinez, franzesez, edo bertze erdaraz, …» (Axular, Gero, 10)
(= Baldin euskaraz egin balitz latinez, frantsesez edo beste erdaraz {adina, adinbat, beste, …} liburu, … ).

Eredua argi dago: HAINBAT … NOLA … BAIT

Maila adierazteko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez litzateke euskara hain labur, eskas eta ez hertsi nola munduak uste baitu(…) dela. (cf. Axular, Gero, 10)
(= Ez litzateke euskara munduak uste duen bezain labur , eskas eta hertsi)
«Aberatsa hain biluzgorri sortu zen, nola probea» (Axular, Gero, 149)
(= Aberatsa pobrea bezain biluzgorri sortu zen).

Hortaz, hau da eredua: HAIN … NOLA … BAIT-… Bai batean eta bai bestean, perpaus txertatuko adizkiak BAIT- aurrizkia nahiz -EN atzizkia eraman dezake.

Modua adierazteko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Nola egiten baituzu zuk zeure etsaiarekin, hala egiten diozu Iainkoari othoitz, dagiela zurekin» (Axular, Gero, 224)
(= Zuk zeure etsaiarekin egiten duzun bezala, (hala) egiten diozu Jainkoari otoitz egin dezala zurekin).
«Nola amuak atzemaiten baititu arrainak (…) hala gizonak ere atzemaiten ditu bere heriotzeak» (Axular, Gero, 39)
(= Amuak arrainak atzematen dituen bezala atzematen ditu gizonak ere heriotzak).

Korrelazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eredu erromanikoaren araberako konparatiboak, berez, korrelazioan dauden bi perpausez osatzen dira. Honako esamolde hau ere korrelazioa da: ZENBAT ETA … -AGO, … {HAINBAT / ORDUAN} … -AGO Hots: bi prozesu edo egoera konparatzen dira, nolabait. Adibidez:

Zenbat eta diru gehiago bildu, hainbat hobe denontzat.
«Zenbatenaz gosea handiago, hanbatenaz ianharia gozoago » (Axular, Gero, 318)
(= zenbat eta gosea handiago, hainbat gozoago janaria).
Zenbat eta gehiago tratatzen dudan, orduan eta gehiago estimatzen dut.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]