Lankide:Anarkobuda/euskalsena

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal Sena euskaldunek gauzak ‘berez’ eta ‘diren horretan’ ulertzeko duten era naturala eta zuzena da, euskaldunak diren munduikuskera, nortasuna eta jokamoldeak islatuz. Euskal kultur instintua da.

Euskaldun bati 'senak zerbait argitzen' dionean, hots, zerbait 'horrela' dela 'senak esaten' duelako, eta kitto, zerbait horrek ‘berezkoa’ duela sentituko du, baina euskaldun horrek bere euskal sena islatzen du sentipen horretan.

Euskal Sena, beraz, euskaldunen 'Herri Sena' edo 'Kultura Instintua' izango litzateke, hots, 'joera kultural eta instintibo' bat, normalean herri horren kideek nabarmendua dena. Herri edo kultur senakVolkgeist edo 'herri izpiritua, arima' delakoaren alderen bat zehaztu ohi du, herri horretakoen esanetan.

'Herri Sena' edo 'Kultura Instintua'[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri desberdinek badituzte 'senekoa' dena definitzean adostasunak (adibidez, gizatasunaren alde baikorrak nabarmendu ohi dira, gizabidearekin lotuak), baina herri bakoitzak bere ukituak ditu ere. Azken aldaera hauek dira 'Herri Sena' edo 'Kultura Instintu' gisa ulertzen direnak.

Are gehiago, herri, etnia, nazio edo kultura desberdinek 'sena', 'instintu' edo 'joera' berezi eta propio bat dutenaren ideia naziotasunaren konposagai garrantsitsu gisa ikusia izan da. Lehen testigantza idatziak Frantziar Ilustraziotik datozkigula ematen du, Voltairerrek 'nazioen izpiritua' onartu zuenean[1]. Gerora arreta zabalagoa izango zuen kontzeptuak, Alemaniar erromantizismoan,Volkgeist edo 'herri izpiritua' delakoarekin[2].

Herriek beraien sena berezi bat zehazten dutenean, hots, gizatalde gisa 'instintu' edo 'joera' ia natural bat dutela onartzen dutenean, herriaren 'izpiritu' edo 'arima' orokor eta abstraktu honen funtsa ala funtsetariko bat aldarrikatzen dutela ematen du. Herri baten Sena zehazteko irizpide egokia izan daiteke hau, hain zuzen: herri bakoitzak bere buruari buruz esaten dionari erreparatzea. Hegelek, izatez, horrela definitzen zuen volkgeist´a: "Herrien izpirituak beren buruaz egiten duten errepresentazioaren arabera bereizten dira"[3]. Adibidez, "Finlandiarrei finlandiarrak zer definitzen duen galdetzen badiezu, ziur etorriko zaie gogora sisu hitza, nahiz eta ezin duten beti hitzetan jarri"[4].

Kasu horretan, Finlandiarrek beraien izaeran nabarmentzen duten sisu hori honela hurbildu daiteke: "sendotasuna eta kemena une gogorretan, gure baitako energia ateraz, mugak gainditzeko gaitasuna ekarriz"[5]. Katalandarren kasuan, beraien seny delakoa nabarmentzen dute: "buruko haztapena edo ponderazioa gauzak pertzepzio, balorazio, estimu, gatibitate eta ekintza egokiekin burutuz"[6]. Zer uste dute euskaldunek beraien herri senari buruz?

Euskal Senaren funtsa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian gaiak arreta deitu izan du. Besteak beste, Juxto Mari Mokoroak, bere Genio y Lengua liburuan, euskarak bere volkgeist´a ere baduela esan zuen[7]; Odon Ulibarrenak, bere Gizabidea lanean, euskal senak gizabideari ematen dion garrantzia azpimarratzen du[8]; eta Latxagak, bere Euskal Sena bilduman, euskal nortasunak berezkoak dituen funtsak gogoratzen dizkigu[9].

Azterketa hauen ekarpenei euskaldun interesatuen hausnarketak gehituz, Euskal Sena Taldea kontzeptua zehazten saiatu da. Eztabaidetan hurbildu den ideia zera da, Euskal Sena euskaldunek gauzak ‘berez’ eta ‘diren horretan’ ulertzeko duten era naturala eta zuzena dela, euskaldunak diren munduikuskera, nortasuna eta jokamoldeak islatuz.

Zentzu horretan, finlandiar sisu´ak 'resilientzia'ren kontzeptutik gertu badu, eta katalanen seny´ak 'zentzuzko jakinduria'ren kontzeptua, euskal sena´k 'berezko ulermena'ren kontzeptua edukiko luke gertu.

Euskal Senaren munduikuskera, nortasuna eta jokamoldeak zehazteko ditugu hurrengo ataletan, talde horren lan dokumentuetatik (http://euskalsena.eus/biltegia/) eta, oro har, webgunetik (http://www.euskalsena.eus) laburbilduz.

Euskararen Sena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal izaera definitzeko, batez ere 70. hamarkadatik, euskara da irizpide nagusietariko bat, nagusiena ez bada: 'euskalduna euskaraz hitz egiten duena da'. Baina zertan zehazten da izaera horren sena, hots, zein da euskarak duen sena? Ezer baino lehen, euskararen sen hori badela eztabaidaezina da, Juxto Mari Mokoroaren adierazpenean[7]. Bere garrantzia edo boterean datza eztabaida nagusia. Batzuentzat, Euskal Sena "euskerak ematen digun izateko era" litzateke[10]. Zentzu horretan, euskaldunik gabe eta euskararik gabe ez dago euskal senarik. Beste batzuentzat, aldiz, Euskal Sena mantendu eta era garbi baten gorde da euskara galdu duten hainbat lekuetan, Nafarroan adibidez[8].

Edonola, Euskal Sena Taldearen ustez[11], euskara ikastea ez da aditz-taula, hiztegi bat eta joskera motak ikastea, soilik. Euskarak gordetzen duen mundu-ikuskera eta gizarte-ikuskera berezia ezagutzea eta maitatzea izan beharko litzateke ere. Hurrengo paragrafoetan Talde honen proposamen batzuk doaz[12].

  • Euskeraren mundu-ikuskera naturalista da: nia gurekiko, gu etxearekiko eta etxea naturarekiko definitzen dira. Nia gutartasunean txertatzen dugu: 'gure' etxean, 'gure' ama, 'gure' herrian, 'gurean' (ez da euskalduna ‘nire sendia’, ‘nire etxea’...). Aditzak eta esaldiak guka jartzen ditugu ere.
  • Gu etxearekiko eta naturarekiko izendatzea, eta etxeak inguru naturalarekiko izendatzea ere, ohitura da: Oihana Tellaetxe, Leixuri Portuondo, Aizpea Larralde… Eta, sarri, mapa modukoak eginez: Goitiaburularrazabal, Madariagaerrandokoa, Iturriagaetxebarria…
  • Euskarak giza-batasuna lehenesten du: ados egotea 'bat etortzea' da; alkartzea, 'bat egitea; norbaitekin etorri ala joan, 'norbaitekin batera etorri ala joan', eta abar. Zenbaketak batutzaileak dira: "Leire, Axuri, eta hirurok egon ginen". Taldekidetza lehenesten da -ok atzizki barneratzailearekin: euskaldunok, lagunok…
  • Batasuna eta holismoa euskararen bizkarrezurra da, SOV egiturako esaldien bidez (aditza edo V azkenean jarriz), aglutinazioz eraikitzen direnak (lokarri gisa atzizkiak erabiliz). Lehen arreta osotasunetara doa, eta xehetasunak eta akzioak hor txertatzen dira: 'tabernan zegoen koadrila bateko neskari edontzia erori zitzaion'; 'aldapeko sagarraren adarraren puntan txoria zegoen'. Metaforikoki, 'arranoaren goiko begiradaz' ezagutzen da mundua, ez 'sugearen behetiko analisiaz', hizkuntza indo-europarretan bezala. Bertsolaritzan ere islatzen da holismo hau, bertsoak eraikitzean.

Euskararen senaren beste adibide gehiago beheko ataletan aurkitu ahalko dira.

Euskal Mitologiaren Sena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mitologia jende xehearen munduikuskeraren erregistro bat da bilakatu da Historian (nahiz eta, sarri, idatzia ez izan) eta, bidenabar, Euskal Mitologiak euskal mundu-ikuskera gorpuzten du [13] [14]. Euskal Mitologiako mundu-ikuskera desestaltzen ekarpenak baliagarriak eman dituzte, besteak beste, Jose Migel Barandiaran, Juan Inazio Hartsuaga, Josu Naberan, Andrés Ortiz-Osés edo Guillermo Piquero. Euskal senarekiko honako gakoak nabarmentzen ditu Euskal Sena Taldeak[15][16].

Anbotoko Mariren haitzuloaren barne pasartea
  • Euskal Mitologiaren sena naturalista eta animista da. Naturarekin bat egitea da erreferentzia, euskaran bezala, baina inplikazio sakonagoekin, mitologia munduikuskeraren ispilu gisa harturik, eta honela zehazturik. Lur honetan bizi garenok Amalurraren alaba-semeak eta espresioak gara, bere agerpen bat besteen artean. Naturaz eta gutaz haratago ez da ezer, ezein Jainko eta botere arrotzi obedientzia, sumisio eta bildurrik gabe bizitzeko gai.
  • Bestalde, Etxea Amalurraren gorpuztea da. ‘Sena’, edo bizitzan zentzuzkoa eta berezkoa dena, etxearekiko eta bere sendia eta ohiturarekiko ulertzen da. Euskal ekonomi sistemaren funtsetariko bat litzateke, hurrengo atalean ikusi bezala.
  • Euskal Mitologian oso ezaguna den gaia Mariren Etika deitu dezakeguna da, euskal gizarte harremanen ehuna josten duena (ikus behean horri buruzko atala).

Euskal Ekonomi Sistemaren Sena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal politika, ekonomia eta gizarte berezi bat badela, hots, euskal senekoa den gizarte mota berezi bat badela argudiatzen da Euskal Sena Taldea´ren azterketan[17]. 'ABHZ jostagarri eta burujabe bat' delako sisteman laburbiltzen du: a) Auzolana, Batzarreak, Herri-jabegoak eta Zuzenbide Piriniarra oinarri dituen Zuzeneko Demokrazia; b) zentzu jostagarrian eta altruistan emanikoak; eta c) burujabetza eta askatasun gurari saihestezinaz.

  • Auzolana, Batzarreak, Herri-jabegoak eta Zuzenbide Piriniarra oinarri dituen Zuzeneko Demokrazia edo 'Tokiko Demokrazia' baten sistema da. Jon Nikolasek argudiatu bezala[18], ez zen gutxiesteko sistema: Erdi Aroko euskaldunek garai hartako armada ahaltsuenei, frankoen eta arabiarren armadei, aurre egiteko eta garaitzeko gai izan ziren, eta horrek erakusten du antzinako euskal komunalismo honek antolakuntza eta defentsa egitura autoktono indartsua zela.
  • Sistema honetan, Euskal Senaren alde desberdinak islatzen dira. Adibidez, Batzartu edo ‘batzea-artu’ batura lortzea da, araua zera litzateke, 'ez dago batzarrik bat ez bagatoz'. Bestalde, Zuzenbide Piriniarrak Etxetasuna ardatz du, emetasuna erabakitzailea izan daitekeelarik, bai etxean ala batzarretan, indoeuroparren zuzenbide erromatar-germaniarrarekin gatazka argian.
  • Oro har, lana eta ekonomia jarduera jostagarriak eta altruistak dira euskaldunarentzat, gure munduikuskera islatu zuen antzinako erregistroan: mitologian. Euskal izaki mitikoek, Gentilen kasuan bezala, lan egin ohi dute eta, are gehiago, jostatuz egiten dute lan. Ala muxutruk, Basajaunak ardiak zaintzan eta Marik berak ortugintzan, baserri eta sendiren ahul eta gaixo ikusten badu. Eta lan hori, Marik ala Galtzagorriak egina izan, ez da aztitzaz edo magiaz egiten, ekin-ekinean baizik.
  • Lan hori, sarri, kolektiboa da, auzolanean. Adibidez, lamiñek zubiak auzolanean egiten dituzte; ez bakardadean, elkar lanaren bidez baizik.
  • Hori interpretatuz, euskal ikuspegi ekonomikoan lanaz eta ekimenaz lortzen dira gauzak, ez zerutik eroritako ala norbaitek emondako kontsumoaz eta jabegoaz. Euskal izaerari buruzko irudi topiko bat erakusten du honek: ‘euskalduna, langilea’.
  • Jabetza edo jabegoa lanatik eta zainketatik ateratzen den erabakimena da; ez da propietatea edo zerbaitekin nahi duzuna egiteko askatasuna. 'Gu etxerako gara, ez etxea guretzat', dio esaera zaharrak. Eta etxeari 'jabetasuna emotea' etxeari lana emotea da. Oro har, norbanakoak etxerako eta jendarterako dira, ez alderantziz.
  • Jabegoa eta baliabideak, beraz, ekoizpen bitartekoak eta gizarteko jendea lantzen eta zaintzen dituenarentzat dira, ez boteredunarentzat. Adibidez, Nafarroako Erreinua jabego ikuspegi hau islatzen duen tenente delako buruzagi militarren bidez egituratzen zen, jauntxo feudalak etzirenak. Gazteluetan eta gotorlekuetan erabakimena zuten horiek eta babesturiko jendeak zaintzen zituzten bitartean, besterik ez. Etzuten oinordetzan emateko eskubiderik; etziren beraienak.
  • Euskal erakunde ekonomikoak zirkularrak dira, errolak eta betebeharrak txandakatuz. Euskal jendarteak, ekoizpenerako, taldea lehenesten du, biribilaren lojika berdinkoia eta hierarkiarik gabekoa gida hartuz.

Euskal Gizartearen Sena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Gizarteak ere bere sena baduela esan daiteke, honako argudioei jarraiki[17]. Ekonomiarekiko erlazio pixkat lausoagoan, gizartearekiko:

  • Burujabetza eta Askatasun guraria euskal balore oso sustraituak direla gutxi arrazoitu behar da, indo-europarren inbasioetatik herria leku berean mantendu dela ikusirik. Bestalde, Marik eta beste irudi mitikoek ez diete norbanakoei beraien borondateak erabakitzen edo eragiten, askatasun eta erabakimen osoa uzten diete. Jainko grekoek egiten duten juxtuki aurkakoa, hauek gizakiak eta beraien borondateak txotxongilo gisa mogitzen baitituzte.
  • Euskaldunek Ekimenari eta Menpekotasunik gabeko lanari garrantzia handia ematen die. Esku- aurrizkia ia 200 hitzetan dihardu, ekintzailetzak hartzen duen kultur lehentasuna erakutsiz. 'Hasiak egina dirudi', dio esaera zaharrak.

Eta bizitzaren orokortasunarekiko:

  • Euskarak bestalde bizitzaren ikuskera maitalea, baikorra, eta bizitzaren goreslea erakusten dutenak. Hasteko, edozein pertsona lagunatzat hartzen da, ezagun zein ezezagun, eta besterik adierazi ezean ("Zenbat lagun heldu ziren?" edo "Hamasei mila lagun bildu ziren estadioan").
  • Edozein harreman elkarrekikoa da. Erlazio bat 'harreman' bat da, ‘hartu-emana’ bat. Eta 'elkar' partikulak identitate mota bat erakusten du.
  • Zintzotasuna eta emandako hitza hil ala bizikoak dira euskaran. Zintzoa hitzaren esanahiak bai ‘hitzei leiala’ eta bai ‘pertsona ona’ da Euskarak, honela, euskal izaerari buruzko topiko bat berresten du, ‘euskaldunaren hitza’ (erabat fidagarria den zerbait dela onartuz). Euskal Mitologian oso ezaguna den gaia Mariren Etika
  • Diruzalekeriak maitasunez gainditzen dira, 'muxu-truk'. Eta urkoagaitik zerbait egitea maitasuna ematea da, 'amore eman'.

Eztabaida beroak piztu dituen gai bat euskal kulturaren ustezko matrismoa da, dela matriarkatu eran ala matrilinealitate eran. Euskal Sena Taldeak proposatzen duen euskal sena balizko horre aldekoa litzateke[19]:

  • Euskal matriarkalismoa akaso hau ez zen eman era absolutuan, baina hein handian eman zenik ukagaitza da. Atzerriko antropologo gehienek argi ikusten dute euskal gizartean eta kulturan emakumearen presentzia nabariagoa dela (sendien erabakietan, adibidez).
  • Amatasunaren eta emetasunaren izana eta baloreak berreskuratzea dugu helburu, androk zein gizonok. Amatasuna eta emetasuna, Amalur eta Etxearen gorpuzte gisa, bizitza ikusteko gakoa da guretzat. Amatasuna, emetasuna eta sorgintasuna hazi beharko genituzke gure baitan, hots, Naturarekin bat egitea dugu helburu (sor-gin, sortu eta egin).
  • Zentzu horretan, euskal sena amatasunaren eta emetasunaren baloreak lehenesten dituen 'matri-kultura' bat litzateke.

Euskal Senaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Senaren bizirautea, Euskal Sena Taldearen iritziz[20], inguruko estatuen kontra euskaldunek egindako erresistentzia molde desberdinen bultzatzaile eta, era berean, onura-hartzaile bezala ikusi behar da:

  • Egun erditzen ari diren borroka berriak, ETA, Espainiako gerra zibilean kokatzea, Karlistadak, Gamazada, Matalaz,... matxinada etengabeak izan dira, Euskal Senaren transmisoreak desagerrarazteko erabili zen emakume sorgin ehizaren ostean, eta Europako lehen Estatu demokratikoa izan zen Nafarroako Erreinua konkistatua izan ondoren.
  • Bagauden Iraultzan izan zen, Erromatar Inperioaren amaieran, Erdi Aro goiztiarrean emandako euskal ekonomia sistemaren euskarria eta, gerora, Nafarroako Erreinua ahalbidetu zuena.
  • Indoeuropar inbasioei aurre egitea ere lortu zuten euskaldunek, Euskal Sena mantentzea lortuz, indo-europarrak ez diren euskara eta euskal mitologia tartean. Euskaldunak Europako ‘Azken Indigenak’ direnaren mitoa nahiko leiala da zentzu honetan: aurre-indoeuropar eta, gutxienez, megalitiko iturriak dituztela eztabaida-ezina da, Paleolitiko iturri eztabaidagaitzekin.


Euskal munduikuskeraren balioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unamunok, bere tesiko esaldi eztabaidagarri baten[21], zera zioen: "oso pobrea da objektu espiritualen edo supersentikorren ahots esanguratsuetan, eta ez du ideia abstraktuak adierazten dituen terminorik ere". Euskal Sena Taldearen ustez[22], aldiz, euskal mundu-ikuskera eta bera zehazten duen euskal sena planetako jakinduria tradizio handiekin parekatzen dira. Esate baterako, tradizioa handietan errealitatea aurkakoak batzen dituen batasuna da, eta euskaldunak berez daki bizitza eskema absolutuetan interpretatzea okerra dela berez daki: gauzak ez dira ‘bai ala ez’ era binarioan, edozein gauza izan daiteke -tasun eta -keria bat.

Unamuno hotz utziko lukeen beste alde bat euskararen ontologia sakona da, zerizanak edo esentziak definitzeko Hutsaren kontzeptua erabiltzen baitu (kafe hutsa, adibidez, ez da kaferik gabeko kaikua, kafea bere osotasunean eta purotasunean baizik), eta hori da Ekialdeko filosofia handien irizpidea.

Errealitatearekiko leialtasuna ere lehenesten du euskarak. Zerbait guztiz ziurtzat hartzen ez badugu, lekuko izan ez bagaitu, 'bide' edo 'dirudienez' partikulak erantsiz; entzunagatik dakiguna 'omen' eta 'ei' partikulekin aurkeztuz; gure baieztapenak ukaezinak ez direla 'ote' edo 'ete' eranstran onartuz; eta ez dakigunari buruz jakin mina pizten 'al' partikularekin.

Aipu-Iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anbotoko Mariren haitzulotik ikuspegia
  1. Voltaire. 1756. Essai Sur Les Mœurs Et L'Esprit Des Nations.Paris: Chez Lefebvre.
  2. Joxe Azurmendi: Volksgeist. Donostia: Elkar. 2007
  3. La razón en la historia (primera mitad de Lecciones sobre la filosofía de la historia), Seminarios y Ediciones, Madrid 1972, p. 82-83.
  4. "If you ask Finns about what defines Finnishness, the word sisu is sure to come up—even if they can’t always put it into words." https://www.aalto.fi/en/news/what-the-finnish-concept-of-sisu-can-offer-the-world
  5. Lahti, E., (2019). Embodied fortitude: An introduction to the Finnish construct of sisu. International Journal of Wellbeing, 9(1), 61-82; p. 61. Ikusi ere https://www.sciencedaily.com/releases/2019/04/190405124255.htm
  6. Gran Diccionari de la llengua catalana, 'seny' ahotsa, https://www.enciclopedia.cat/EC-GDLC-e00123419.xml
  7. a b Mokoroa, Justo M. 1936. Genio Y Lengua.Tolosa: Mocoroa Hermanos.
  8. a b Ulibarrena, Odón. 2003. Gizabidea: El Camino Vital De Los Eúskaros. Los Altos, Venezuela: Artzai
  9. Latxaga (1999) Euskal Sena. Oiartzun: Sendoa
  10. Urrutia, Koldo. 2017. "Euskal Sena: Euskerak Ematen Digun Izateko Era." Naiz, Maiatza 02.
  11. «EUSKARAREN SENA» Euskal Sena (Noiz kontsultatua: 2019-10-29).
  12. «EUSKARAREN SENA» Euskal Sena (Noiz kontsultatua: 2019-10-27).
  13. Zulaika, Joseba.. (2000). Del Cromañon al Carnaval : los vascos como museo antropológico. Erein ISBN 8475686796. PMC 1025258500. (Noiz kontsultatua: 2019-10-27).
  14. Ortiz Oses, Andrés.. (2007). Euskal mitologia : izena duen guztia omen da = Mitología vasca : todo lo que tiene nombre es. Kutxa Fundazioa = Fundación Kutxa PMC 932552771. (Noiz kontsultatua: 2019-10-27).
  15. «Lana eta ekonomia, jarduera jostagarriak eta altruistak» Euskal Sena (Noiz kontsultatua: 2019-10-27).
  16. «Munduikuskera oso bat» Euskal Sena (Noiz kontsultatua: 2019-10-27).
  17. a b «EUSKAL GIZARTEA, POLITIKA ETA EKONOMIA SISTEMA» Euskal Sena (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  18. Nikolas, Jon. 2019. Vasconia Emergente Entre La Cristiandad Y El Islam.Gasteiz: Arabera.
  19. «'Amatasuna eta emetasuna baloratu eta sustatu' dio euskal senak» Euskal Sena (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  20. «Bizirautea historian» Euskal Sena (Noiz kontsultatua: 2019-10-27).
  21. Unamuno, M. d. (1884-1997). Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca. Bilbo: Beitia. 186. orr.
  22. «Munduikuskera oso bat» Euskal Sena (Noiz kontsultatua: 2019-10-29).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

euskalsena.eus, Euskal Senari buruzko bloga