Lankide:Ikertxo98/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Deskribapena:

Erleak liztor apoideotik bereizten dira haien gorputza estaltzen duten ileengatik. Erleen kasuan, ileak lumatsuak eta adarkatuak dira. Erle eme gehienek eskopak edo korbikulak deritzen organoak dituzte polena garraiatzeko. Normalean atzeko hanketan edo sabelalde bentralean kokaturik daude. Atzeko hego-zainen antolaketa ere desberdina da erleetan eta liztorretan. Emeetan sabelaldeko azken xafla dortsala bitan banatuta dago.[1]

Portaerari dagokionez, aipatzekoa da polena eta nektarra biltzen dituztela larbak elikatzeko. Funtzio hori betetzeko moldaera anatomiko eta fisiologikoak dituzte. Liztor batzuek ere har ditzakete horrelako jokaerak, hala nola poleneko liztorrek, Brachygastra generokoek edo camoatí liztorrek. Badaude larbak sarratsez elikatzen dituzten erle-espezieak ere.[1]

Indonesiako Megachile pluto erretxina-erlea tamainarik handieneko espeziea da. Emeak 39 mm-ko luzera izatera irits daitezke.[2] Meliponini tribuaren eztenarik gabeko erlea tamainarik txikienekoa da. Tribu horretako erle langileek 2 mm-ko luzera dute. [3]

Erleak bi begi konposatu dituzte, buruko zati handi bat hartzen dutenak. Begien artean hiru begi sinple dituzte, argiaren intentsitatea hautemateko funtzioa dutenak. Antenak hamahiru segmentuz osatuta daude arretan, eta hamabi segmentuz osatuta emeetan. Zentzumen-organo anitz dituzte, hala nola kimiorrezeptoreak, eta usaimen- eta dastamen-organoak. Haizearen mugimenduak ere hautematen dituzte, eta horri esker, maiztasun txikiko soinuak entzun ditzakete. Ahoan pieza xurgatzaileak eta murtxikatzaileak dituzte. Gainera, mingain luze bat dute nektarra xurgatzeko.[4]

Toraxa 3 segmentuz osaturik dago, eta bakoitzean hanka pare bat dute. Gainera, bigarren eta hirugarren segmentuek hego pare bana dute. Erle korbikulatuen aurreko hankek orraziak dituzte antenak garbitu ahal izateko. Espezie askotako erle emeek orrazi edo saskiak dituzte polena garraiatzeko. Hegoak batera mugitzen dira hegaldian zehar. Aurreko eta atzeko hegoak hego-kako bidez lotuta daude.

Sabelaldea eraldatuta dago, beste himenoptero apokritoetan bezala; lehen segmentuak bigarrenarekin bat egin, eta propodeoa eratzen du. Emeetan azken segmentua eraldaturik dago, eta eztena eman du. Etxe-erlean sabelaldea zazpi segmentuz osaturik dago. [4]

Erleak babesteko moduak:

Hasteko, polinizatzaileei eragindako kalteak ekidin behar dira, oso toxikoak diren pestiziden erabilera desagerraraziz. Izan ere, horrelako pestizidek ez dute onurarik ekartzen nekazaritza-produktibitaterako. Pestizidarik gabeko laborantza, aldiz, guztiz bideragarria, errentagarria eta segurua da ingurumenerako.[5] Bestetik, polinizatzaileen osasuna hobetu behar da, bai nekazaritza-ekosistemetan bai habitat seminaturaletan. Landareen dibertsitatea eskala desberdinetan handituz polinizatzaileek baliabide desberdinak eduki ditzakete polena lortzeko.[6] Azkenik, biodibertsitate handiko laborantza egin behar da. Hau da, lurra landu behar da pestizidarik eta ongarririk erabili gabe, polinizatzaileen ugaritasuna handitzeko. [7][8]


  1. a b Grimaldi, David A.. (2005). Evolution of the insects. Cambridge University Press ISBN 0521821495. PMC 56057971. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  2. Messer, Adam Catton. (1984). «Chalicodoma pluto: The World's Largest Bee Rediscovered Living Communally in Termite Nests (Hymenoptera: Megachilidae)» Journal of the Kansas Entomological Society 57 (1): 165–168. ISSN 0022-8567. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  3. Sakagami, Shôichi F.; Zucchi, Ronaldo. (1974-04). «Oviposition Behavior of Two Dwarf Stingless Bees, Hypotrigona (Leurotrigona) muelleri and H. (Trigonisca) duckei, with Notes on the Temporal Articulation of Oviposition Process in Stingless Bees (With 27 Text-figures and 8 Tables)» 北海道大學理學部紀要 19 (2): 361–421. ISSN 0368-2188. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  4. a b «Anatomy of the Honey Bee – Bee Health» bee-health.extension.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).
  5. Davis, Adam S.; Hill, Jason D.; Chase, Craig A.; Johanns, Ann M.; Liebman, Matt. (2012-10-10). «Increasing Cropping System Diversity Balances Productivity, Profitability and Environmental Health» PLoS ONE 7 (10): e47149.  doi:10.1371/journal.pone.0047149. ISSN 1932-6203. (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  6. Kremen, Claire; Williams, Neal M.; Aizen, Marcelo A.; Gemmill-Herren, Barbara; LeBuhn, Gretchen; Minckley, Robert; Packer, Laurence; Potts, Simon G. et al.. (2007-04). «Pollination and other ecosystem services produced by mobile organisms: a conceptual framework for the effects of land-use change» Ecology Letters 10 (4): 299–314.  doi:10.1111/j.1461-0248.2007.01018.x. ISSN 1461-023X. (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  7. Morandin, Lora A.; Winston, Mark L.. (2005-06). «WILD BEE ABUNDANCE AND SEED PRODUCTION IN CONVENTIONAL, ORGANIC, AND GENETICALLY MODIFIED CANOLA» Ecological Applications 15 (3): 871–881.  doi:10.1890/03-5271. ISSN 1051-0761. (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  8. Andersson, Georg K. S.; Rundlöf, Maj; Smith, Henrik G.. (2012-02-15). «Organic Farming Improves Pollination Success in Strawberries» PLoS ONE 7 (2): e31599.  doi:10.1371/journal.pone.0031599. ISSN 1932-6203. (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).