Lankide:Imanol Gómez Gorbea/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Elektrodo estalizko arkuzko soldadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elektrodo estalizko arkuzko soldadura.
1. Elektrodoaren estaldura 2. Arima 3. Gas babeslea 4. Galdatutako elektrodoa 5. Oinarrizko metala 6. Soldadura-kordoia 7. Zepa
Elektrodo estalizko arkuzko soldaduraren eskema.

Elektrodo estalizko arkuzko soldadura eskuzko soldadura prozesu erabiliena eta ezagunena da. Askotan euskarazko terminoa erabili beharrean, SMAW (ingelesez: shielded metal arc welding) edo MMA (manual metal arc welding) berbak erabiltzen dira.

Korronte elektriko baten bidez, zuzena (DC) edo alternoa (AC) izan ahal dena, arku elektriko bat sortzen da elektrodoaren eta soldatu nahi den oinarrizko metalaren artean. Arku honen bidez elektrodoa galdatzen da eta soldatu nahi den materialaren gainean eransten da; prozesu horren bidez elektrodoa deuseztatzen da, horregatik elektrodo suntsikorreko soldadura dela esaten da.

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SMAW-en erabilitako elektrodoa bi elementuz osatuta dago. Alde batetik, soldaduran eransten den materiala elektrodoaren barneko aldean dago ("arima"); bestetik, soldadurak behar duen ingurugiroa sortzen duen material urgarria estalduran dago. Estaldurako materiala urtzen denean gas babesle bat sortzen da soldaduraren inguruan, gas honek atmosferatik isolatzen du soldadura prozesua. Halaber, estaldurako materialak soldadura-kordoia babesten duen geruza bat sortzen du, estaldura honek zepa izena du eta soldadura amaitu ostean kendu behar da.

Soldadurak behar duen korronte elektrikoa sortzeko transformadore bat erabiltzen da. Transformadorearen polo bat elektrodoarekin konektatzen da, kable eta elektrodo-etxe (ingelesez: electrode holder) baten bidez. Bestea oinarrizko metalarekin lotzen da, masako pintza (ingelesez: ground clamp) eta kable baten bidez. Elektrodoa oinarrizko metalera hurbiltzen denean zirkuitu elektrikoa ixten da arku elektriko baten bidez, horren ondorioz elektrodoa galdatu egiten da. Elektrodoaren eta oinarrizko metalaren arabera tentsioa eta intentsitatea doitu behar dira.

Abantailak eta desabantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SMAW motako elektrodoak. AWS kodifikazioaren arabera jakin daiteke elektrodo baten propietateak.

Kalitate nahiko baliagarrizko emaitzak lortu daitezke ekipamendu bakun, fidagarri eta merke baten bidez; era berean, ekipamendua oso eramangarria da eta edozein lekutan soldatzea ahalbidetzen du. Gainera, hainbat elektrodo mota existitzen dira eta oso erabilera ezberdinak izan ditzateke kasuaren arabera.

Dena den, oso prozesu motela da eta beste soldadura prozesuekin konparatuta ez ditu emaitza hoberenak ematen. Orobat ezin da SMAW erabili oinarrizko metalaren xaflak oso finak baldin badira.