Edukira joan

Lankide:Iratiugalde/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Tanke Aurreko Gizona (Protestari Ezezaguna edo Errebelde Ezezaguna izenez ere ezaguna) identifikatu gabeko gizon baten ezizena da. 1989ko ekainaren 5ean tanke ilara baten aurrean paratu zen, aurreko egunean Tiananmen Plazan egindako protestak erreprimitzeko txinatar militarrek erabilitako indarkeria salatzeko. Aurre-aurrean zihoan tankea gizonaren ondotik pasatzen saiatzen zen bakoitzean, gizona behin eta berriz jartzen zen parean, bidea mozten. Gertakaria grabatu eta ezkutuan zabaldu zuten mundu osoak ikus zezan. Inoiz izan den irudirik ikonikoenetakoa da nazioartean. [1][2] Txinan, estatuak zentsuratu egiten ditu bai irudiko egoera eragin zuten gertaerak bai irudia bera ere, eta, ondorioz, jendea hura ahazten ari da.[3]

Ez dago informazio fidagarririk gizonaren identitatearen edo izan zuen patuaren inguruan; tankeko tripulazioari zer gertatu zitzaion ere ez da aditzera eman.[4] Gutxienez lekuko batek esandakoaren arabera, «Tanke Aurreko Gizona» ez da protestan tankeen aurka azaldu zen pertsona bakarra. Shao Jiang-ek, ikasleen buruetako batek, honako hau esan zuen: «Jende asko ikusi dut tankeei aurre egiten, tankeak blokeatzen». Tankearen Aurreko Gizona berezia da, argazkia atera zaion eta bideoz grabatuta dagoen bakarra delako.

Gertakaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gertakaria Tiananmen Plazaren iparraldean jazo zen, Chang’an hiribidean zehar. Zehazki, 1989ko ekainaren 5ean gertatu zen, aurreko egunean gobernu txinatarrak Tiananmenen egin ziren protestak erreprimitzeko erabilitako indarkeriaren harira.[5] Gizona hiribide zabalaren erdian geratu zen, 59 motako tanke ilara bat zetorren bidearen erdian, hain zuzen ere. Time aldizkariarentzat lanean zegoen Stuart Franklin gertaera jazo zenean, eta New York Times egunkariari eman zion horren berri: «Halako batean, tiroak entzun ziren, eta tankeak guregana zetozen bidean behera, Tiananmen Plaza atzean utzita, protestari batek bidea itxi zien arte».[6] Elastiko zuria eta galtza beltzak zeramatzan, eta eskuetan erosketa-poltsa bana zuen. [7]Tankeak geratu zirenean, gizonak keinu egin zien poltsetako batekin. Buru zihoan tankea, orduan, gizonaren ondotik joaten saiatu zen, baina gizonak behin eta berriz mozten zion bidea, indarkeriarik gabeko ekintza modura. [8] Tankea, gizona ez harrapatzearren, askotan saiatu zen ingurutik iragaten, baina motorrak gelditu zituen azkenean, eta berdin egin zuten atzetik zeuden ibilgailu blindatuek ere. Etenaldi labur bat izan zen, non gizona eta tankea ez aurrera ez atzera geratu baitziren. Behin tanke-errenkada geratuta, buru zihoan tankearen kroskora igo zen gizona, eta gidariaren eskotilan geldialdi labur bat egin ondoren, ate-joka eta deika hasi zen tankearen dorretxoan dauden sarreretan. Gero, dorretxora igo zen, eta artilleroaren eskotilan elkarrizketa motz bat izan zuela dirudi tripulazioko kide batekin. Elkarrizketa amaitu zutenean, gizona tanketik jaitsi zen. Tankeko komandantea eskotilatik irten zen momentu labur batez, eta tankeek motoreak martxan jarri zituzten berriz, aurrera jarraitzeko prest. Hori ikusita, gizona, buru zihoan tanketik metro gutxira egonik, parean jarri zen berriz ere bidea moztuz.

  1. (Ingelesez) Witty, Patrick. (2009-06-03). «Behind the Scenes: Tank Man of Tiananmen» Lens Blog (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  2. (Ingelesez) Congressional Record. 2019-03-21 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  3. (Gaztelaniaz) businessinsider. (2018-06-08). «24 photos from the Tiananmen Square protests that China has tried to erase from history» Business Insider (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  4. BBC Newsnight. (2014-06-05). Tank Man: The amazing story behind THAT photo - Newsnight. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  5. Makinen, Julie. «Tiananmen Square mystery: Who was 'Tank Man'?» latimes.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  6. (Ingelesez) Witty, Patrick. (2009-06-03). «Behind the Scenes: Tank Man of Tiananmen» Lens Blog (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  7. Langley, Andrew, 1949-. (2009). Tiananmen Square : massacre crushes China's democracy movement. Compass Point Books ISBN 9780756541019. PMC 245537220. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  8. (Ingelesez) Iyer, Pico. (1998-04-13). «The Unknown Rebel» Time ISSN 0040-781X. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).