Lankide:Jalkorta/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Lerro hauek idazten ari naizenean ezin dut burutik kendu Gazaren biztanleria zibilaren aurka Israelgo armada aurrera eramaten ari den sarraskia. Zaila da beste ezertan pentsatzea edo aritzea Europar Batasunaren (hots, gu guztion) zeharkako babesarekin halako zerbait gertatzen ari denean Mediterraneoaren atarian, hots, gure ondoan: Ukrainako gerrako frontea bezain hurbil dago gugandik Palestina, ez bada pittin bat hurbilago. Eta zein erantzun ezberdin eman diegun, politikoki, gatazka biei. Egia esateko, mundu gaingaratu kapitalistako Ilustrazioaren ideien zabalkuntza historikoaren eta, XX. mendeko Mundu Gerrez geroztik, mugimendu antimilitaristaren eta bakezalearen porrota berresten dute gerra bi horiek. Bai, ezkor nago. Eta, agian horregatik, beldur naiz, ez zait artikulu bereziki biribila aterako oraingoan. Gerren aurkako hiru album elkartzeko asmoa neukan, baina, bila eta bila, onartu beharrean nago ez direla asko sail honetarako planteatu nituen baldintzen pean bil dezakedanak: rockaren mundukoa izatea (horretaz dihardute Elefanteen Zimiterioaren aleek, gainbeheran doan musika popularraren adar horretaz, gure belaunaldiaren soinu-banda nagusiaz), eta nire disko-bilduma partikularrean egotea. Ohartu naiz gerraren aurkako eta bakearen aldeko kantak, bai, ehunka daudela, baina gaiari buruzko disko osoak, ez hainbeste. Normala dena, albumak, kontzeptualak ez badira behintzat, askotariko kanten sortak direlako, oro har. Badaude, halere, gerraren aurkako aire orokor hori biltzen duten zenbait disko nire diskotekan, akordura etortzen zaizkidanak: Emerson, Lake and Palmer-en Tarkus, John Lennon-en Imagine saihestezina, Marvin Gaye-ren What’s Going On, The Sound taldearen Jeopardy (Missiles kanta beti aldarrikagarriarekin), U2ren mesianismoa oraindik jasangarri samarra zen garaiko War (hain zuzen)… Hona hemen gaurko aukeratu ditudan beste hiru, edonola ere.

Jefferson Airplane[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Volunteers (RCA Victor, 1969)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egia da (Grateful Dead-ekin batera) San Frantziskoko hippismoa eta psikodelia hobekien haragitzen zuen Jefferson Airplane taldearen lehenengo etapako ia edozein album ekar nezakeela hona, guztietan antzematen delako, gehiago edo gutxiago, Vietnamgo gerraren aurkako protestaren taupada, mugimendu antimilitaristaren mugarri historikoetako bat alegia. Baina agian hemen da agerikoen burrunba hori, diskoaren azal ikonikotik hasita, beste Amerikako Estatu Batu batzuk posible zirela aldarrikatzen zuena, ozen: boluntario horiek ez dira, hitzaren esanahi arruntari izkin eginez, gerrara joan nahi zutenak, herrialde berri bat eraiki asmo zutenak baizik. Bestalde, oso disko ona da, taldeak egin zuen onena ziurrenik: aurreko albumetan jorratutako estilo diferente guztiak biltzen dituzte, folk-rockarekin eta country-rockarekin lotuago daudenak (Good Shepherd, The Farm), alde batetik, eta Mendebaldeko Kostaldeko rock azidoa delakorekin identifikatu daitezkeenak, bestetik (Hey, Frederick, Eskimo Blue Day). Baina, batez ere, himno kontrakulturalak daude: Pantera Beltzen borrokari erreferentzia egiten dion diskoaren hasiera indartsua (We Can Be Together), lana esanguratsuki ixten duen Volunteers espantsiboa, eta diskoaren harribitxia, Wooden Ships, holokausto nuklearraren inguruko abisu-abesti klasikoa, taldeko gitarrista Jim Kantnerrek David Crosby eta Stephen Stillsekin konposatu zuena (Kaliforniako musikari komunitatearen arteko buenrollismoaz zerbait esaten digu horrek), eta Crosby, Stills & Nashek ere grabatu zutena. Nik, gehienetan, bertsio hura dut gogokoago, baina onartu behar da Airplanekoen honi indar berezia ematen diola Grace Slick kantari handiaren interpretazioak.

Pink Floyd[aldatu | aldatu iturburu kodea]

The Final Cut (Harvest, 1983)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatu dut hemen lehenago: Pink Floyd nire nerabezaroko talde kutuna zen, eta hau izan zen, horretaz kontziente nintzela, argitaratu zuen lehen albuma. Uler dezakezue, beraz, zenbaiterainokoa izan zen nire dezepzioa, eta beste fan askorena, The Final Cut atera berria entzutean: ez zegoen konparatzerik, mailan, The Wall-ekin, edo haren aurreko beste edozeinekin. Ez da harritzekoa: taldea desegiten ari zen, Richard Wright teklista kanporatuta zegoen, eta David Gilmour gitarristak, alferkeriak jota, ez zuen ekarpen bakar bat egin. Izan ere, hau, Pink Floyden formazio klasikoaren azken diskoa baino, Roger Watersen bakarkako lehenengotzat jo daiteke ia. Album guztiz kontzeptuala ez bada ere, mezu antimilitarista da bertan nagusi. The Wall-en grabaziotik sobratutako txataletatik abiatuta, nabaritzen da Gerra Hotzaren gogortze fase betean idatzi zela (entzun The Fletcher Memorial Home, zeinetan Reagan, Thatcher, Brejnev edo Begin bezalako garaiko mundu mailako liderrei amaiera krudel bat desiratzen baitzaie, edo Two Suns in the Sunset, gatazka nuklearrarekiko beldurrari buruzkoa), eta baita Malvinetako gerraren testuinguruaren erdian ere (cfr. Southampton Dock edo, askoz ere modu zuzenagoan, Get Your Filthy Hands Off My Desert). Baina, tira, Pink Floyd klasikoen album ez bereziki on bat beti da garantia handiagoa beste talde askoren disko onena baino, eta esango nuke urteek on egin diotela (Waters gabeko Pink Floyd gilmourtarren hurrengoei ez bezala). Waters, bide batez esanda, Israelen interesen kontrako BDS boikot-kanpainaren aitzindarietako bat da egun, eta jarraitzen du kausa antimilitaristarekin engaiatuta, 2017ko Is This The Life We Really Want? bezalako album estimagarriek erakusten duten bezala.

Marillion[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sounds That Can’t Be Made (Ear Music, 2012)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitor dut: Marillion nire guilty pleasure (ugarietako) bat da. Peter Gabrielen Genesis klasikoen metadona gisa hasi nintzen kontsumitzen (orduko Genesis, Phil Collins-ena, pop otxenteroarruntenera lerratua zen garaian), taldeak Fish karismatikoa zuenean kantari gisa, eta neo-prog mugimenduaren buru zenean, 1980ko hamarkadan rock sinfonikoaren garai onenak (alferrik) berpizten saiatzen ari ziren taldeek bultzatutakoa alegia. Fishek taldea utzi, eta Marillionek hiru erabaki hartu zituen: kantari berri bat inguratzea (Steve Hogarth: eraginkorra, baina ez bereziki distiratsua), bere karrerari bira bat ematea (rock progresibotik urrunduz eta, ai, haren antzinako ereduak egin bezala, popera hurbilduz, nahiz eta ez, zorionez, azken aldiko Genesis bezain duintasun gutxirekin), eta izena ez aldatzea (talde berri bat baziren ere, de facto). Hala ere, ez dakit ondo zergatik, fidel eutsi diot Marillioni, eta haren diskoak eskuratzen jarraitu dut (ez dena meritu makala: estudioko hogei dira honezkero). Agian, alde batetik, talde gutxik jasaten dutelako pertsonalitate handiko kantari baten galera. Edo, bestetik, miresmena eragiten didalako negozioan jarraitzeko zabaldu dituen estrategiak (Marillion izan zen, mainstream rockaren alorrrean, crowfunding-aren estrategia arrakastaz garatu zuten aurreneko taldea). Eta, azkenik, noizean behin, modan dagoen popa imitatzeari utzi (dela Radiohead, dela Massive Attack…), eta taldea itzultzen delako, album honetan bezala, rock progresiboaren bere erroetara, Gaza bezalako hamazazpi minutuko kanta dramatiko, eta, kasu honetan, konprometituekin. Zeina, asmatu duzue, arrazoi nagusia baita nik hona elepe hau ekartzeko, Gazako zerrendako horrorea aspaldikoa dela gogorarazten digulako, besteak beste.