Lankide:Javiezk/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sinopsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin batean, eta oso garai ona zen behin bateko hura, bazetorren ñoño bat – muuu! - bidean barrena eta bidean barrena zetorren ñoño horrek mutil txiki polit bat aurkitu zuen, etxeko ninia izena zuena...

Aitak kontatzen zion ipuin hori; aitak kristal baten atzekaldetik begiratzen zion; aurpegi iletsua zuen.

Etxeko ninia zen. Ñoñoa, Betty Byrne bizi zeneko bidean barrena zetorren. Bettyk limoizko goxoak saltzen zituen.

— James Joyce, Artistaren Gaztetako Portreta, I Atala. (Irene Aldasorok itzulia)

Stephen Dedalus haurraren haurtzaroari buruz mintzo zaigu liburua. Ahotsa ez da pertsonaia nagusiarena, baina, hala ere, haren sentimenduak ulertzen ditu. Gainera, erabiltzen den hiztegia aldatu egiten da haurra hazten doan heinean. Loturarik gabeko hainbat pasartetan zehar,[1] Stephenek mundua deskubritu eta ulertuko du,[1] eta, bitartean, irakurleak pertsonaia nagusiaren beldurrak eta nahasmenduak biziko ditu. Stephen protagonista Clongowes Wood College ikastetxe jesuitara joango da ikastera, non haur beldurti eta adimentsuak gelakideen isekak jasango baititu. Bitartean, jokabide arauak ikasiko ditu. Gabonetako afari batean ezagutuko ditu Stephenek Irlandako tirabira politiko, sozial eta erlijiosoak, Charles Stewart Parnell politikariaren ingurukoak. Tirabirek gaztakak sortuko dituzte familiako kideen artean, eta Stephenek ez du jakingo zer instituzio politikoetan izan dezakeen konfidantza[1] Clongowes ikastetxera itzultzean, diziplina zorroztuko da, eta jesuitek zigor fisikoak areagotuko dituzte. Hori gertatuko da bost ikasle heldu harrapatuko dituztelako joku homosexualetan. Irakasle batek uste izango du Stephenek betaurrekoak apurtu dituela ez ikasteko, baina ikaskideen laguntzarekin Stephenek adorea bilduko du zuzentzailearengana joateko eta kexatzeko. Aita Conmee zuzendariak ziurtatuko dio ez dela berriro halakorik gertatuko, eta Stephenek garaipen sentsazioa biziko du.[1]

Stephenen aita zorpetu egingo da, eta familiak bere kanpoaldeko etxebizitza atsegina utzi behar izango du Dublinera bizitzera joateko. Stephen ohartuko da ez dela Clongowesera itzuliko. Hala ere, Aita Conmeeren beka baten bidez nerabea Belvedere College institutora joango da. Bertan, arrakasta handia izango du akademikoki, eta klaseko buru bilakatuko da.[1] Stephenek diru asko lortuko du eskolak emandako sari batzuei esker, eta prostitutengana joaten hasiko da. Stephenen aita mozkorti galanta da, eta elkarrengandik urrutiratzen hasten dira.[1]

Stephenek amore emango du plazer sentsualen aurrean, hain justu haren klasea erretiro erlijioso batera eramaten dutenean, non mutilek sermoiak jasoko dituzten.[1] Stephenek arreta berezia jarriko du harrotasunaren, kulparen eta zigorketaren inguruko sermoietan, eta baita Azkenkietan ere (heriotza, judizioa, infernua eta paradisua). Sermoiek infernuko zigorketa amaigabea eta beldurgarria deskribatuko dute, eta Stephenek uste izango du hitz horiek beregana zuzenduta daudela. Horrela, larritu egingo da, eta barkamena desiratzen hasiko da. Gustura itzuliko da elizara, eta damutasun aszetikoaren mesedean lanean hasiko da, baina egunerokotasunak eragingo du Stephenen burua beste nonbaitera joatea. Bere debozioak jesuiten atentzioa deituko du, eta Stephen animatuko dute apaiz bilakatzeko.[1] Stephenek denbora hartuko du pentsatzeko, baina fede krisi bat izango du pentsamendu espiritualen eta anbizio estetikoen arteko gatazkak eraginda. Dollymount Strand hondartzaren ondoan, neska bat ikusiko du uraren gainean ibiltzen. Une horretan, epifania bat izango du, eta neskaren edertasuna paperean islatu nahi izango du.[1]

Stephen Dedalusek epifania estetiko bat izango du Dollymount Strand hondartzan.


Dublingo University Collegeko ikasle delarik, Stephen gero eta gehiago nekatzen da bere inguruko instituzioez: Eliza, eskola, politika eta familia. Bere familiaren aberastasuna desagertzen den heinean, aitak errieta egiten dio eta amak elizara bueltatzera bultzatzen du.[1] Stephenek, gero eta lehorragoa eta umorerik gabe, Elizarekiko sentitzen duen alienazioa eta garatu duen teoria estetikoa azaltzen die bere lagunei. Horiek, ordea, ez dute onartzen ez bata ez bestea.[1] Stephenek ondorioztatzen du Irlanda hertsiegia dela bere burua artista moduan guztiz garatzeko, eta joatea erabakitzen du. Bere burua erbesteratzea erabakitzen du, beraz, baina ez aldez aurretik bere egunerokoan bere jaioterriarekiko dituen loturak azaldu baino lehen:[1]

“… Banoa milioigarren aldiz esperientziaren errealitatearen enkontrura eta arimako tailerrean nire arrazaren kontzientzia sortugabea forjatzera.”

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k l (Ingelesez) Fargnoli, A. Nicholas; Fargnoli, Vice-President of the James Joyce Society and Professor of Theology and English A. Nicholas; Gillespie, Michael Patrick; Gillespie, Professor of English Michael Patrick. (2014-05-14). Critical Companion to James Joyce: A Literary Reference to His Life and Work. Infobase Publishing ISBN 978-1-4381-0848-3. (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).