Lankide:LeireJone-probaorria/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Lourdes Iriondo Mujika (Donostia, 1937ko martxoaren 27a - Urnieta, 2005eko abenduaren 27a) euskal kantaria izan zen. Urnietan bizi izan zen txikitatik eta "Ez Dok Amairu" taldearen kidea izan zen. Abeslari moduan izan zen ezaguna batez ere, baina idazlan batzuk ere argitaratu zituen. Xabier Lete taldeko kidearekin ezkondu zen.

Biografia

Mojetan ikasi zuen Iriondok, hasieran Urnietan, gero Donostian. Moja frantsesak ziren, eta frantsesez egin behar izaten zuten ikastetxean.

Lourdes Iriondori txikitatik gustatu izan zitzaion musikaren mundua; Urnietako txistulari taldean ibili zen, eta Donostiako akademia batean zazpi urtez aritu zen opera eta kantua ikasten. 1964an, aitak oparitutako gitarrarekin hasi zen klaseak hartzen. Aurretik hasia zen bere kantuak egiten; kantu nahiko erlijiosokoak ziren horietako asko, baita euskara eta euskal kulturaren ingurukoak ere. Abesti gehienak lagunek moldatzen edo euskaratzen zizkioten, orduan ez baitzen gai sentitzen euskaraz konposatzeko.

1964an egin zuen haren lehen emanaldia , Andoainen, ikastolaren alde egin zen kontzertu batean. 1965ean Aizarnan egiten zen Gazteriaren Egunean kantatu zuen. Berehala, Joxemari Iriondo kazetari eta lehengusuaren laguntzarekin, Loiolako Herri Irratirako kantu batzuk grabatu zituen, eta horiek emititzen hasi ziren. Oso ezagun egin ziren Lourdes Iriondoren ahots eta doinuak. Handik aurrera, Euskal Herrian zehar ibili zen kantari. 1967an, 170 kontzertu inguru eskaini zituen.

Ez Dok Amairu

Ez Dok Amairu https://eu.wikipedia.org/wiki/Txikipedia:Ez_Dok_Amairu taldearen sortzaileetako bat eta kantari ezagun bat izan zen. Talde honekin batera kantaldi askotan hartu zuen parte eta lan ugari egin zituen.

Taldea bereizi zenean, Xabier Lete eta Benito Lertxundirekin beste proiektu batean hasi zen. Horretan Euskal Herriko beste hainbat musikarik ere hartu zuten parte.

1967. urtean Iriondok bere lehen bi disko txikiak argitaratu zituen: "Abesten dizut, jauna", "Kitarratxoa ta euskera", "Ain urruti ta ain urbil"... eta 1968. urtean, beste disko txiki bat atera zuen: "Askatasuna zertarako", "Nire erria" eta "Ez gaude konforme".

1968ean ere disko luze bat argitaratu zuen, Kanta zaharrak izenekoa. Urte horretan Xabier Leterekin ezkondu zen. Hurrengo urtean, disko txiki bat argitaratu zuen bikoteak. 1969an, haurrentzako abestien disko txiki bat kaleratu zuen: Aur kantak. 1974. urteko disko luzea eta 1976an Xabier Leterekin egindako bilduma izan ziren grabatutako azken lanak. Haren heriotza eta gero, Antologia bilduma argitaratu zen 2006an.

1978an Hernaniko Galarreta pilotalekuan Xabier Lete, eta beste bi kidekin batera egindako kontzertua izan zen Lourdes Iriondoren azkenengoa. Garai hartan, Lourdesen osasun txarra zela eta, literatura, ikastola eta parrokietan ibili zen. Haurrentzako hainbat liburu eta narrazio argitaratu zituen: Martin arotza eta Jaun deabrua. Sendagile maltzurra (1973), Asto baten malura (1975),eta Lotara joateko ipuinak (1983).

Haurrekin Buruntza antzerki taldea antolatu zuen Urnietan. Horietako antzerki bat, Fabrika berria, 1977an estreinatu zen. 2005eko abenduaren 27an hil zen, 68 urte zituela. Hil eta gero hainbat omenaldi egin zitzaizkion. Urnietako parke batek Lourdes Iriondoren izena hartu zuen.

Diskografia "Maria Lourdes Iriondo". 1967 "Kanta zaharrak". 1968, Resurreccion Maria Azkuek bildutako kantutegitik aukeratutako abesti zaharrak ziren. "Aur kantak". 1969, "Lourdes Iriondo-Xabier Lete". 1969, "Lurdes Iriondo". 1974, . "Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren 4 disko txikiren bilduma". 1976, "Lurdes Iriondo. Antologia". 2006,

Haur eta gazte literatura "Martin arotza eta Jaun deabrua. Sendagile maltzurra". 1973, "Asto baten malura". 1975, "Buruntza azpian". 1975,

Narrazioa "Hego-haizearen ipuinak". 1973, "Lotara joateko ipuinak". 1983,