Maila estruktural

Wikipedia, Entziklopedia askea

Maila estrukturalaren kontzeptua, sakonerarekin arrokek jasaten dituzten tenperatura eta presio aldaketen ondorioz garatutako deformazio-estiloen aldaketetan oinarrituta dago. Ondorioz, maila estruktural bakoitzean nagusi den deformazio-mekanismoaren arabera daude sailkatuta.

Oro har, sakonerarekin egitura geologikoak gero eta sarkorragoak dira, gero eta harreman estuagoa dute metamorfismoarekin eta geometrikoki gero eta horizontalagoak dira.

Hiru maila estruktural bereizten dira, bakoitzean nagusi den deformazio-mekanismoaren arabera

Gaineko maila estrukturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kilometro gutxi batzuetako sakonera baino ez du, deformazio hauskorraren ingurunea da, egitura nagusiak apurketa-planoak baino ez dira izango, failak, hausturak, estentsio-hausturak eta estilolitoak batez ere. Geruzapena zein edozein beste jatorrizko egitura erraz bereiz daitezke.

Bitarteko maila estrukturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitura nagusiak tolesak dira. Moldakortasuna oraindik nahiko mugatua denez tolesak oso sinpleak dira, geruzen lodieran ez dute inolako aldaketarik eragiten, deformazioa tolesen txangatan xurgatzen da soilik eta plano axiala bertikal antzekoa izan ohi da. Beraz, toles isopakoak/paraleloak dira nagusi bitarteko maila honetan eta deformazio mekanismo nagusia flexioa izango da.

Beheko maila estrukturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakonera handitzean arroken portaera gero eta moldakorragoa da eta une batetik aurrera deformazio-mekanismoa aldatu egiten da azpiko maila estrukturalera iritsiz. Bertako deformazio-mekanismo nagusia zapalkuntza (flattening) da, jatorrian esferikoak izan zitezkeen elementu guztiak elipsoide bihurtzen direlarik eta arrokek eskistositate bat garatzen dutelarik. Azpiko maila estrukturalaren hasiera eskistositate-fronteak adierazten du, cleavagearen estreinako aztarnek adierazten dute bi maila estruktural hauen arteko muga. Sakonerarekin egiturak gero eta sarkorragoak dira, gero eta horizontalagoak, metamorfismoa progresiboki handitu fusio partziala sortu arte.Maila honetako tolesen geometria similarra izan ohi da, tolesak sakonerarekin gero eta estuagoak dira eta plano axiala gero eta okertuagoa izaten dute, bergentzia nabarmena adieraziz. Arrokek tolesen plano axialarekiko paraleloa den eskistositate nabarmena garatzen dute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Apraiz Atutxa, Arturo, 1967- (2005) Plaka-tektonika : lurraren funtzionamendua ulertzeko teoria Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 8484380750 PMC 433323972 . Noiz kontsultatua: 2019-05-02.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]