Maila freatiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maila freatikoa

Maila freatikoa akuifero libre batean lurpeko ura aurkitzen den tokiari dagokion maila da. Maila horretan akuiferoko uraren mailaren presioa eta atmosferarena berdinak dira. Beste zenbait hitzekin ezagutzen da kontzeptu hori, esaterako, geruza freatikoa, ur taula[erreferentzia behar] edo, besterik gabe, freatikoa.

Akuifero libre batean azpiko ura erabiltzeko putzu bat zulatzerakoan, maila freatikoa lurraren azaletik barruko uretaraino dagoen distantzia izango litzateke. Akuifero itxia denean, ur biltegi bat esaterako, ikusten den ur maila maila piezometrikoa da, hau da, barruan urak hartu duen altuera presio atmosferikoarekin orekatu arte.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Infiltrazio partearen grabitate urak azaleko material irazkorretatik zehar behera egiten du ahal duen arte, hau da, jaistea eragozten dion geruza irazgaitzen batekin topo egin arte. Hortik aurrera, geruza horren gainean metatzen da ura. Geruzaren azala erabat horizontala bada, ura, iritsi, eta metatzen jarraitzen du. Era horretan eratzen da freatiko izeneko geruza, goiko muga bat edo maila freatikoa daukana.

Maila horrek bereizten ditu bai behealdeko eremu bat, asea, tarteak urez beteak dauzkana, eta bai beste eremu bat, goialdekoa; azken horretan azpigeruza batzuk bereizten dira. Azalekoenak, edo lurruntze azpigeruzak, landareen sustraien eragin trinkotzaileagatik eusten dio urari, baina sustraiek zenbat ur xurgatu eta orobat eguzkiaren berotasunez zenbat ur lurrundu, hartara izango du ur gehiago ala gutxiago. Haren azpian aireztatzezko azpigeruza bat dago, han urak oztoporik gabe joaten dira batetik bestera, mintzean izan ezik. Azkenik, bada hirugarren azpigeruza bat asetasun eremua ukitzen duena, geruza kapilarra esaten zaio, ur mota hori izaten du bere baitan, eta zatikien neurriaren alderantziz proportzionala du lodiera.

Geruza freatikoaren lodierak gorabeherak izaten ditu, nolako oreka dagoen iristen den infiltrazio uraren eta kapilaritatez edo lurruntzeaz goragoko geruzen aldera galduko den uraren artean.

Azal irazgaitza gutxitan izaten baita horizontala, grabitate ura alborantz higitzen da, geruza horren maldarekiko lastertasun zuzenki proportzionalez. Horrela, hasieran gainazalean erregulartasunez banatua zegoen prezipitazioa irregularki banatuko da gero.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]