Maritxu Kajoi
Maritxu Kajoi Arrasaten urriko lehen egubakoitzean (ostiralean) ospatzen den txikiteroen jaia da 1977tik. Errosarioko Ama Birjina da txikiteroen zaindaria eta bere irudia San Joan Bataiatzailea parrokiaren atzealdean dago. Zurezko kutxa edo kajoi batean dagoenez, hortik Maritxu Kajoi izena.
Egun horretan ohitura da dotore jantzita irtetea eta lepotik zintzilik urtero prestatzen duten eskapularioa eramatea. Eskapularioa urtero ezberdina izaten da eta mezu bat izaten du atzealdean.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txikiteroen ohitura herrian sustraituta zegoen 70.hamarkadaren hasieran. Urte haietan, lantegietatik eta ikastetxeetatik irten eta gero, kuadrilla ugari eta handiak ibiltzen ziren txikiteoan, tabernaz taberna txikitoak edaten. [1]Denetik ibiltzen zen, 16 urtekoak, helduak eta agure nagusiak, eta haien guztien erdian Pepe Txantxote zegoen, Arrasateko gizon alai eta saltseroa. Muletekin ibili ohi zen txikiteoan, eta kuadrilla batzuek bera ikusten zuten bakoitzean trago batera gonbidatzen zuten. Basoak altxatu eta “¡por Maritxu!” esaten zuten.
Behin, kuadrilla horietako gazte talde batek, Maritxu haren emaztea zelakoan, adarra jotzen hasi zitzaizkion. Zalantzak argitzeko, San Joan Bataiatzailea parrokiaren ate nagusira begiratu eta esan zuen “No tenéis ni idea, Maritxu es esa, Maritxu Kajoi, patrona de los txikiteros!”. Orduan ezagutu zuten kuadrillek Maritxu Kajoi, eta txikiteroen zaindaritzat hartzeko eta gorazarre egiteko jai bat antolatzeaz hasi ziren pentsatzen. Horretarako, garai hartan kultura ekintzak antolatzen zebiltzan kuadrilletako hainbat partaide bilerak egiten hasi ziren Maritxu Kajoi festa antolatzeko, eta Maritxu Kajoi komisiñue sortu zuten. Lehenengo proposamena 1975ean egitekoa izan zen, baina orduan bizi izandako gertakari batzuek atzera bota zuten proposamena. Horren aurrean, bigarrenez hurrengo urtean egitea proposatu zuten, baina berriz ere huts egin zuen. [2]
Azkenean, iritsi zen festa eguna, eta 1977ko urriaren 5ean, ostirala, Maritxu Kajoi festa ospatu zen, Errosarioko Ama Birjinaren egunean hain zuzen ere, eta harrezkero, urriko lehenengo ostiralean ospatzen da jai herrikoi eta laiko hau. Hasieran parte-hartzea eskasa izan zen arren, urteak pasa ahala jende gero eta gehiago hasi zen parte-hartzen. Gaur egunean, egun osoko festa bihurtu da, lehen afaria eta orain bazkaria egiten delako, eta kanpoko jende asko ere etortzen da txikiteroen eguna ospatzera.
Halaber, jaiaren barruan 1987. urteaz geroztik, jaiaren atarian, aurreko asteko egubakoitzean, nobenaixue antolatzen du Komisiñuek, elizak duen hizkuntza liturgikoa erabiliz, jaia ospatzeko atzerako kontaketa hasten dela iragartzeko. Hor, Maritxu azpian, komisiñukoek herritarrei gazta, ogia eta ardoa ematen dizkiete doan. [1]
Mirariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egun honetan urtero gertatzen da jada ohitura bilakatu den miraria, Maritxu Kajoik herriari egiten dion opari bat. Herri guztia Ama Birjinaren aurrean batzen da arratsaldeko 8:30 inguruan, eta Maritxuri abesten diote, baita lore eskaintza egin ere. Kantu artean Maritxuk miraria eskaintzen dio herriari eta herriak txarangarekin batera ospatzen du.
- Ez dago mirari erregistraturik 1981 urtera arte. Lehenengo miraria herriko plazako iturriak ardoa isuritzea izan zen, 600 litro ardo inguru isuri zituen iturriak urte hartan. Notizia ere bilakatu zen, inork ez zuelako halakorik espero.
- 1982an jarri zen lehen aldiz hain ezaguna den petardodun arkua mirarian.
- 1983an, Bilboko uholdeak izan zirela eta, Aste Nagusiko protagonista gonbidatu zuten, Mari jaia, baina ezin izan zen etorri.
- 1984an Maritxuk "Hortensia" hurakana ekarri zuen Arrasateko Erdiko kalera, eta kale hartatik bakarrik pasatu bazen ere, gau hartan eguraldi oso txarra egin zuen, eta ordura arteko sikutearekin amaitu zuen.
- 1985ean miraria elurra egitea izan zen, bakarrik erdiko kalean (Maritxu kokatuta dagoen eta miraria ospatzen den tokia), guztia txuri-txuri gelditu zen.
- 1986an Maritxuk, musikarako dauzkan dohaiak herritarrei erakutsi nahian, batuta eskuetan hartu eta txarangaren zuzendari lanak egin zituen.
- 1987an hain famatu egin zen "Yo quiero ser torero" kantak Maritxun ere eragina izan zuen. Hala, torero jantzita ikusi zen txikiteroen patroia.
- 1988an Maritxuk 500 kondoi inguru banatu zituen mirari gisa, baita “Preserbatu” zioen pegatina bat; hain zuzen ere, osakidetza hiesaren aurkako kanpaina egiten zebilen.
- 1989an ez zen miraririk egon, prestatuta zegoen montajeak (fotozelulak eta urrutiko aginteak) kale egin zuelako. Hala ere, eguneko zaparrada egin zuen, azkenaldian egondako sikuteari aurre egiteko.
- 1990ean krisi ekonomikoaren erdian ospatu zen Maritxu Kajoi, eta honek, mirari gisa, 1000 pezetako billete zaparrada eragin zuen herritarrei laguntzeko.
- 1991n EHNA (Euskal Herriko Nortasun Agiria) ekarri zuen Arrasatera, Arrasate herria errepublika independiente aldarrikatzeko. Herriko nortasun agiriak bota zituen Maritxuk, Udaltzaingoan tramitatzeko ziren, eta behekaldean hurrengo oharra zeukan idatzita: “Atxabaltako auzokoek orri berezia bete beharko dute”.
- 1993an Ama Birjinari urteroko lore eskaintza egin ondoren, bideo-kamera bat agertu zen horma-hobiaren gainekaldean, eta han zeuden guztiak grabatu zituen.
- 1994an hainbat hilabetez Maritxu bere tokiz kanpo egon zen, parrokiako sotoan beste Santu guztien artean. Baina ospakizun eguneko miraria izan zen betiko tokira bueltatzea, arrasatearren artera.
- 1995ean hainbatek patroia lekuz aldatu nahi zuten, baina Maritxuri ez zion grazia txintik ere egin, eta miraririk ez egitea erabaki zuen.
- 1996an Maritxuk leku berria estreinatu zuen, eta aldaketarekin konforme ez zegoela erakusteko, mirariaren momentuan ke misteriotsu batekin alde egin zuen. Hala ere, herriminaz jota, jaira bueltatzea erabaki zuen.
- 1997an Musakola auzoa eta Arrasateko herriaren arteko anaitasuna izan zen mirariaren gatza eta berakatza, Ziorlako astoak eta Arrasateko dragoiak adiskidetasuna sinatu zuten.
- 1998an Maritxu Kajoik ahotsa ez zeukatenen iritzia kaleratu zuen. Hala, Garzonek giltzapetutako EGIN egunkariaren ale bat kaleratu zuen.
- 1999ko udan, Sevillan izandako munduko atletismo txapelketan, "Repatriation for Bask prisioners" aldarria eraman zuen Giraldillak. Urte berean, jai honen ospakizun egunean Ama Birjinari lore eskaintza egin ondoren, Giraldilla Maritxuren lehenengo tokian agertu zen. (foto)
- 2000n berriro ere Maritxuk injustizia bizi duten kolektiboei alkartasuna emanez Hondarribiko Jaizkibel konpainia Arrasateko kaleetan zehar desfilatzera gonbidatu zuen. Arratsaldeko 8etan Maalako errebala kaletik irten ziren eta txalo artean heldu ziren patroiaren aurrealderaino lore eskaintza egiteko orduan, eta han Maritxu Kajoiren omenez hainbat salba bota zituzten.
- 2019an Ama Birjinak hurrengo osakidetzako oposaketan izango ziren azterketaren emaitza zuzenak banatu zituen herritarren artean: "Aurtengo mirarixaz plaza bat lortu zeinke hurrengo osakidetzako oposaketan... lanpostu onak ez deixen izen gutxi batzuntzat" esaldiarekin.[3]
- 2020an, 1977tik lehenengo aldiz ez zen Maritxu Kajoi ospatu koronabirusaren ondorioz.
- 2021ean Komisiñuak jairik antolatu ez zuen eta txosna elkarteak txosnarik jarri ez zuen arren, arrasatearrak txikiteroen patroiaren omenez dotore jantzi eta kalera irten ziren ospatzera, nahiz eta ez zen miraririk egon.[4]
- 2022an, eraso matxistarik gabeko jai askeak aldarrikatu zituen gure patroiak, eta "Bartolo jaixak eta gabak guriak dira" pankarta plazaratu zuten feministek. [5]
- 2023an ostadarraren koloreekin koloreztatu zen irudi ospetsua LGTB kolektiboa minorizatua dela aldarrikatzeko, eta horretarako ordura arte herritarren artean hain polemikoa izandako "zuntz optikoa" jarri zuen Maritxuk Alde Zaharrean.[6]
- 2024an Nicolas Maduroren eskutik, Gabonak ekarri zituen Arrasatera, mezu argi batekin: Eguberri on. [7]
Kanta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maitxu Kajoi ez litzateke ezer izango musikarik gabe, hau da, kantarik gabe. Asko izan dira egun hontan kantatu izan diren abestiak, bertsoak eta koplak. Aipatzeko bezalakoak dira, alde batetik, lehenengo programan Joserra Gartziak Maritxuri egindako bertsoak. Bestetik, ezinbestekoa dugu "Maritxu nora zoaz" kantu herrikoia, urtero egun honetan adin guztietako kuadrillek batera berari abesten diotena.
MARITXU NORA ZOAZ
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maritxu, nora zoaz, eder galant hori?
Iturrira Bartolo nahi badezu etorri
Iturrian zer dago? Ardotxo txuria
Biok edango degu nahi degun guztia
Maritxu zuregana biltzen naizenian
poza nabaitutzen det nere barrenian.
Bartolo, nik ere det atsegin hartutzen,
ur-bila nuanean banazu laguntzen.
Maritxu, baldin asmo badezu ezkontzia
lehendabiziko nitaz oroitu zaitia.
Zure mende jartzen naiz denbora guziko,
Bartolorekin gaizki ez zera biziko. [2]
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Handitzen handitzen herria ezagutzen. Arrasate, 54 or..
- ↑ a b Maritxu Kajoi 25 urte. Arrasate: Maritxu Kajoi Komisiñue, 4 or..
- ↑ «Maritxu Kajoi 2019 - Bereziak - Goiena.eus» goiena.eus (kontsulta data: 2025-05-09).
- ↑ «Miraririk gabeko bigarren Maritxu Kajoi - Arrasate» Goiena.eus (kontsulta data: 2025-05-09).
- ↑ Mondraberri. (2022-10-07). Erasorik gabeko jai askeak aldarrikatu ditu Maritxuren mirariak | Mondraberri Arrasateko Ataria. (kontsulta data: 2025-05-09).
- ↑ Mondraberri. (2023-10-06). Maritxu Kajoi LGBTIQ+en alde azaldu da, “zuntz optikoa”rekin | Mondraberri Arrasateko Ataria. (kontsulta data: 2025-05-09).
- ↑ «Maritxu Kajoiren miraria, argazkitan - Arrasate» Goiena.eus (kontsulta data: 2025-05-08).