Edukira joan

Masa Kritikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau txirrindularien ekintzari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Masa kritiko (argipena)».
Masa Kritikoa San Frantziskon 2005ean.

Masa Kritikoa (ingelesez Critical Mass) munduko txirrindulariek hiri askotan hilean behin egiten den ospakizun bat da. Ospakizun horretan deialdia egiten zaie bizikleta zale guztiei hirian barrena ibilaldi bat egiteko.

Ekimen hau San Frantzisko (AEB) hirian sortu zen 1992ko irailean pertsona talde txiki baten eskutik, baina urteak igaro ahala beste hiri batzuetara ere zabaldu da, bai Estatu Batuetan, Hegoamerikan, eta baita ere Europan, Asian, Afrikan eta Ozeanian. Ted Whiten txirrindularitzari buruzko Return of the Scorcher dokumentaletik datorkio izena topaketari. Bertan ikus daitezke Txinako txirrindulariak kalea zeharkatu ezinik, trafiko handia eta semafororik ez dagoelako. Gurutzatzeko zain daudela, mordo bat -masa kritikoa- batutakoan taldeak indarra hartzen du aurrera egiteko eta trafikoa geldiarazteko.

Aldizkako topaketetan elkartzen diren pertsona taldeak baino ez dira eta bizikleta aldarrikatzen eta sustatzen dute hiriko trafiko bezala, autoa baino alternatiba ekologiko eta seguruagoa delako. Ez dago ez liderrik, ezta ere erakunderik, ezta kolektibo zehatzik ere, eta ez da manifestazio bat ere. Bizikleta erabiltzaileen bilera bat da, hirian buelta bat emateko gogoa duten txirrindulariak elkartzeko. Horregatik, ez dute baimenik eskatzen, auto gidariek ere ez dutelako baimenik behar errepideak okupatzeko.

Garrantzizko kontuak: eguna eta ordua aldez aurretik adostu behar dira jendea joan ahal izateko. Poliziek baimena erakusteko eskatzen badute, ez dela manifestazioa esan behar zaie. Ibili ahal gara hirian bizikletaz nahi dugunean, gure eskubidea da. Eta, asko elkartu bagara zer? Kotxe ilara handiak ere ikusten dira sarritan eta poliziak ez du pentsatzen manifestazioa denik.

Ibilbidea ez da finkoa izan behar, aurrean doanak markatzen ohi du. Hori bai, kale estuak saihesten dira, trafikoa ez eteteko. Txirrindulariak ikusgarri egon behar dira, horretarako daude eta. Aurrean doana arduratu behar da taldea batera joan dadin, kontuan izanik semaforoak, adibidez. Beti errespetatu behar dira oinezkoak, horrek sekulako garrantzia baitauka: oinezkoa ez da etsaia, laguna baizik. Autobus eta taxientzako erreia egonez gero, libre utzi behar da, profesional horiek lanean dihardute eta txirrindularien errespetu osoa behar dute. Horrela, gainera, gidariren bat urduri jartzen bada, txirrindulariak aurreratzeko erabili ahalko du. Txirrindulariek arauak errespetatu behar dituzte, beraiek errespetatuak izan daitezen.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]