Bizikleta

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Hirian ibiltzeko bizikleta.

Bizikleta gizakiaren indarraz, bi gurpilen gainean eta oinpeko edo pedalei eraginez dabilen ibilgailua da. XIX. mendean sortu eta hainbat aldaerez garatua, garraiobide merketzat erabili zen XX. mendean, herrialde pobre eta klase sozial apaletan bereziki, askotan autoa nagusitzen zen bitartean. Ariketa fisikoa eskatzen duen gailua izanik, osasuntsua izateaz gainera, txirrindularitza izenez biltzen diren kirolak ere sortu dira bizikleta oinarritzat harturik. XX. mendearen bukaerako kezka ekologikoak garraiobide jasangarri bilakatu du, bereziki hirietan; hartara, bizikletaz ibiltzeko bidegorri izeneko bideak egin dituzte, eta bizikletaz ibiltzea sustatzen duten proiektu anitz garatu, hala nola bizikleta maileguak.

Non ibili eta zertarako erabiltzen den, bizikleta mota anitz dago. Besteak beste, mendiko bizikleta mendiko bideetan ibiltzeko erabiltzen diren bizikletak dira, gurpil lodiekin; lasterketa-bizikletak errepide eta pistako txirrindularitzarako bizikleta azkarrak dira; hiri-bizikletak hirian ibiltzeko bizikleta aproposak dira, gauzak eramateko saskiak eta parrilak dituztenak eta trizikloak haur eta bizikletaz ibiltzeko arazoak dituzten pertsonentzako bizikletaren antzeko hiru gurpileko ibilgailuak dira.

Bizikletaren historia[Editatu | aldatu iturburu kodea]

Bizikletaren aurrekaritzat jo daitekeen draisienne izeneko ibilgailua. 1820 urtearen inguruan.

Bizikleta terminoa 1860ko hamarkadan Frantzian sortu bazen ere, aurretik bizikletaren aurrekaritzat jo daitezkeen gailuak asmatu ziren. XVIII. mendean zehar gizakiaren hanken indarrez mugitzen ziren lau gurpiletako gurdiak eraiki ziren[1], baina egungo bizikletaren parekotzat jo daitekeen lehenengo gailua Karl Drais alemaniarrak 1813an asmatutako gailua izan zen, draisienne izenekoa, bi gurpilekoa baina pedalik gabekoa eta gailua hankaz aurrera bultzatuz mugitzen zena. Berak belozipedo izena eman zion, gerora 1870eko hamarkadara arte gizakiaren hankaren indarrez mugitzen ziren gailu guztiak izendatzeko termino moduan erabiliko zena. Bizikletaren lehenengo aurrekaritzat jo daitekeen gailu honek oso zabalkuntza eskasa izan zuen, ordea, bere asmatzaileak ibilbide luzeak ere egin zitezkeela frogatzeko ahaleginak egin zituen arren eta parke eta lorategietan bakarrik erabili zen.

1870eko hamarkadan, aurrean oso gurpil handia zuten bizikletak zabaldu ziren, pedalak bertan jarririk pedalkada bakoitzean distantzia handiagoa ibiltzeko helburuarekin; oso arriskutsuak ziren, ordea.

Porrot horren ondoren, 1860ko hamarkadara arte itxaron behar izan zen egungo bizikletatik gertu zegoen gailu bat aurkitzeko. 1861 urtean Pierre Michaux artisauak bere semea draisienne bat baliatzeko zituen zailtasunak ikusita, aurreko gurpilarekin batera jiratzen zuten pedalak eta balaztak gaineratu zizkion. Arrakasta ikusita, hurrengo urteetan milaka michaudine izeneko bi gurpileko belozipedoak ekoizten dituzte. Hasiera batean Michaux eta bere bazkideekin lan egin zuen Pierre Lallement, bere aldetik, Estatu Batuetara joan eta, bertan bizikleta modelo baten patentea erregistratu ondoren, berehala zabaldu zen bizikletaren erabilera.

Hasierako belozipedo modelo hauek pedalak aurreko gurpilaren ardatzean zituzten. Pedalei eragindako biraketa bakoitzean ibilitako distantzia handitu nahian, 1870eko hamarkadan zehar gero eta aurreko gurpil altuagoak egiten hasi ziren eta batzuetan metro t'erdira ere heltzen ziren: biziklo izeneko belozipedo berezi horiek zabalkuntza handia izan zuten Europan eta Ipar Amerikan, baina gizonezkoei zuzenduriko luxuzko produktu moduan bereziki. Praktikan ez ziren oso erabilgarriak, oso arriskutsuak ziren (bidean edozein koska jota, txirrindulariak kolpe handia hartzen baitzuen) eta jolas eta erakustaldi moduan erabiltzen ziren batez ere. Alternatiba moduan, egungo bizikleten oso antzekoak ziren segurtasun bizikletak garatu ziren 1880ko hamarkadan. Bizikleta hauetan bi gurpilen tamainak berdindu eta egun bizikleta guztietan erabiltzen kate bidezko transmisioaren bitartez, trakzioa atzeko gurpilera aldatu zuen, pedalkada bakoitzeko atzeko gurpilari biraketa batzuk eman eta ibilitako distantzia nabarmen gehituz; bizikletaren pneumatikoa ere aldatu zen, barruan kamara sartuz, hiriko bideetan ibiltzeko aproposagoa.

Bizikletan izandako berrikuntza hauek guztiz arrakastatsuak izan ziren eta bizikletaren zabalkuntza handia ekarri zuten. Aldi berean, masazko ekoizpenak kostuak gutxitu eta bizikleta gizarte-klase guztietara zabaldu zuen. Emakumeak ere bizikletaz ibiltzen hasi ziren eta batera eta bestera ibiltzeko ematen zuen askatasuna dela garai hartan mugimendu feministak bultzatu egin zuen.

Bizikletaren atalak[Editatu | aldatu iturburu kodea]

Bicycle diagram-eu.svg

Bizikletaren elementuak koadro izeneko egitura bati eransten zaizkio. Bizikletaren erabilera zein den, koadroa altzairu, aluminio, titanio edo karbono zuntzez eginak izan ohi dira eta oro har sendotasuna, zurruntasuna eta aldi berean arintasuna bilatzen da. Aurrealdean, urkila izeneko pieza mugikorra eransten zaio, non aurreko gurpila eransten den.

Hiriko bizikletetan eskulekuak atzerantz luzatzen dira, txirrindularia zutik joan dadin.

Bizikleta eskulekuaz gidatzen da. Eskulekua eskuinera nahiz ezkerrera mugituz, urkila eta aurreko gurpila ere norabide horretan mugitzen dira. Bizikleta batzuetan, eskulekua potentzia izeneko pieza berezi batez lotzen da koadrora, eskulekua aurreratzen duena. Mota askotako eskulekuak daude, txirrindulariaren jarrera nolakoa izatea nahi den: mendiko bizikletetan eskuleku lauak erabili ohi dira, lasterketa-bizikletetan berriz eskulekuak beherantz luzatzen dira, txirrindulariak makurtu eta jarrera aerodinamikoagoa har zezan. Hiriko bizikletetan, eskulekuak atzerantz luzatzen dira, txirrindularia zutikago egon dadin. Potentziaren luzera ere kontuan hartu behar da txirrindulariaren jarrera erabakitzerakoan. Gainera, eskulekuan kokatu ohi dira balaztak, aldagailuak, txirrina eta bestelako osagarriak. Txirrindulariak bizikletan duen jarrerari eragiten dion beste faktore bat zelaren kokapena.

Bizikleta bateko bi gurpilak ezberdinak dira: aurreko gurpila gehienetan urkilarekin batera mugitzen da eta bizikleta gidatu egiten du ezkerretara eta eskuinetara. Atzeko gurpilaren biraketak bizikleta mugiarazi egiten du, pedalkadaz transmititutako indarrari esker: pedalkada bakoitzean platerak bira bat ematen du eta kate bidezko transmisioaren bitartez, atzeko gurpileko pinoia, txikiagoa denez, zenbait bira ematen ditu, atzeko gurpila ere emango dituena.

Erreferentziak[Editatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo loturak[Editatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bizikleta Aldatu lotura Wikidatan
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: bizikleta .