Munia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Munia
Datuak
Egilea Asun Balzola
Argitaratze-data 1984
Generoa Haur eta Gazte Literatura
Hizkuntza Gaztelera
Argitaratzailea Ediciones Destino
Herrialdea }
"Munia" pertsonaiaren irudia, Munia y la señora piltronera libururako egina (Asun Balzola)

Munia Asun Balzola idazle, ilustratzaile eta itzultzaile bizkaitarrak sortutako pertsonaia da, Algunas veces Munia bildumako protagonista. Ediciones Destino argitaletxeak argitaratutako bilduma hori bost liburuz osatuta dago: Munia y la luna (1982) , Los zapatos de Munia (1982), Munia y el Cocolilo naranja (1984), Munia y la señora Piltronera (1984) eta Munia y los hallazgos (1990).

Bost liburuetako protagonista bera bada ere, bakoitzean kontatzen den abentura erabat autonomoa eta neurri batean heterogeneoa da. [1] Balzolak bilduma gazteleraz sortu bazuen ere, bildumako lehenengo liburua euskaraz argitaratuta dago, Bernardo Atxagak itzulita Munia eta hilargia izenpean. Japonierara, ingelesera eta alemanierara ere itzuli izan dira Muniaren ipuinak. Aipagarria da, hizkuntza batetik bestera aldatzean izenburua bera ere erabat aldatzen dela.

Muniaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muniak, ipuinez ipuin eta etengabe, bere bizitza kontatzen du. Mendian bizi da, herritik urrun samar dagoen etxe batean. Andrea izeneko ahizpa bat dauka eta baita katu bat ere; azken horri ez zaio erreferentziarik egiten testuan, baina ilustrazioetan presente dago kasu askotan. Bere adineko neskatila baten ohiko gaitzak kontatzen ditu, haur baten inozentziaz. Oinetakoak txikiagotu egiten zaizkio (edo oinak hazi, azkenean gauza bertsua), ez du beti ulertzen helduek esandakoa, hortzak galdu ditu eta ez dago ziur berriak aterako zaizkion. Bihotza gogortu ere egiten zaio batzuetan, eta horrelakoetan, ezin du saihestu bihurrikeria asko egitea. Irudimen eta jakin-min handiko neska da. Irakurtzea eta ikertzea oso gogoko ditu. Egoskorra eta erabat anbiziotsua da.

Balzolak onartzen du Muniaren pertsonaia sortzeko izen bereko ilobari gertaturikoetan inspiratu zela, baina egilearen biografia ezinbestean oroitarazten diguten xehetasun asko dago sail horretan (Balzola, 1999)Haur baten inozentzia adierazteaz gain, Balzolak haur baten alderdi solitario eta nostalgikoa erakusten du haurtzaroaren pertzepzio perfekturik gabe.[2]

Estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munia Espainiar literaturako pertsonaien ondare nazionalaren parte da, eta haur literatura ilustratuko 80ko hamarkadako joera Rodariarraren erreferentea da. Haurren egunerokotasuneko jarreren behaketa ageri da, politikoki zuzena den fantasiaz eta lekuko ingurura erraitua. [1]

Liburuaren idazkera sinplea eta soila da.

Balzolaren estiloa nabarmena da ilustrazioetan; akuarelazko marrazkiotan hutsaren presentzia eta kolore gabezia dira ezaugarri aipagarrienak.[3] Akuarelaren gardentasunarekiko miresmena eta horrekin jolasten zuela ikusten da marrazkietan; akuarela zabalduz edo mugatuz, azpimarratuz edo ezkutatuz, koloretako arkatzez indarra emanez edota lumaz inguratuz. Munia y la señora Piltronera ipuineko ilustrazioetan lantzen dira gehien matizak, planoak eta anekdotak. Ilustrazio deskribatzaile eta elegiazkoenak Los zapatos de Munia ipuinean daude. Marrazki koloretsu eta euforikoenak Munia y el Cocolilo naranjakoak dira.[1]

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munia eta ilargia (1982)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muniaren etxean urik gabe gelditu dira, beraz, gauean, familia osoa errekara joan da ur bila. Muniak ilargia isladatuta dagoen urmaeleko zatiko ura nahi du, ilargi ura. Irrika biziz bete du botila zati horretako urarekin. Gauean, ilargi urezko botila alboan duela lotarako prest dago, ilargi ura edanez gero haren dizdira izango duela irudikatzen. Halako batean, ilargiak leihotik deitu dio haserre, eta hizketan hasi dira; ilargia kexu da Muniak bere zati bat kendu diolako. Oraindik ur hori edan ez duenez, Muniak berehala itzuli dio falta zaion zatia, ez baitio asmo txarrez kendu. Horrela, ilargia, berriz ere, borobil eta osorik jarri da. Muniak Ilargiaren masail hotzak laztandu ditu, lurretik altzatu eta zerurantz abiatu den arte; itsasotik paseatzera.[4]

Munia eta hilargia ipuinean fantasiazko hizketalaguna du Muniak. Gaztelaniazko bertsioan Sevillakoa den ilargia, Iparraldekoa da euskarazko bertsioan. Ipuinaren lehen fasean tokia eta arazoa aurkezten dira. Segidan aurkezten dira bertako pertsonaiak, protagonista azkena aurkezten delarik. Bigarren orrian, inguruaren deskribapenaz, istorioko bigarren protagonistak hartzen du indarra: ilargi beteak. Ilargiaren erretratu fin eta lirikoa egiten da. Istorioan zehar bigarren pertsonaia hau erasotua da, baita erasotzailea ere, ohean gaixo dagoen Euskal Herriko lehengusina du: Ilargia gaztelaniaz, Marilargi euskaraz, musu zuriak banatzen ditu eta andre-señora bat bezala alde egiten daki. [1]

Los zapatos de Munia (1982)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baserriko zelaian eserita dago Munia eta bazter batean ditu bere zapatak. Gurasoei esan ezin dien sekretu bat dauka: zapatak txiki geratu zaizkio. Urak hartuko zituen, edo auskalo, eta larrituta dago. Hala ere, izatez, berak badaki ez dela putzuetan ibili, ezin dela bere errua izan. Ez du gurasoen errietarik nahi, eta gertatutakoaz inor ohartu aurretik, herriko zapatariarengana joan nahi du arazoa konpontzen lagun diezaion. Bere ingurukoei galdezka dabil ea batenbat herrira doan, bere baserri ondoko Txomin badoala jakin duen arte. Orduan, Txominekin herrira jaitsi da eta Felix zapatariarengana joan da zuzenean, bere arazoa azaltzeko asmoz. Zapatariak azaldu dio bera dela hazi dena, eta ez zaizkiola zapatak txikitu, inondik ere. Erantzun hori entzutean, Munia poz-pozik jarri da, eta saltoka eta brinkoka irten da dendatik.[5]

Bigarren ipuinean, istorioa errealistagoa bihurtzen da, egunerokotasunetik hurbilagoa eta lurraldean erraituagoa. Muniaren arazoa konpontzen duena, intriga baretzen duena, pertsona erreal eta gertukoago bat da, Felix zapataria. [1]

Munia y el cocolilo naranja (1984)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hortzak erori zaizkio lehen aldiz Muniari. Ingurukoek berriz ere haziko zaizkiola esan dioten arren, bera beldur da hortzik gabe geratuko ote den. Beldur hori sortu zaion egunetik kokodriloekin amestu du, ahoa hortzez beterik duten kokodrilo berdeekin. Bapatean, hortzdunen artetik, kokodrilo laranja bat atera zaio: Kokolilo; eta amesgaiztoak amesgaizto izateari utzi dio. Kokolilok eta Muniak bi gauza dituzte komunean: batetik, bietako inork ez du hortzarik; bestetik, biek dute behin betiko hortzik gabeak izateko beldurra. Berehala egin dira lagunak. Munia eta Kokolilo gauero elkartzen dira; jada kokodrilo hortzdunik gabe, beldurrik gabe. Kokolilok gaua joan eta gaua etorri bere abenturak kontatu dizkio, bai bati eta bai besteari hortzak atera zaizkien arte. Orduantxe sinestu dute biek hortzak hazi egiten direla.[6]

Munia y la señora Piltronera (1984)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muniaren amak Munia eta bere ahizpa Andrea esnarazi ditu eskolara joateko. Andrea berehala jaiki bada ere, Muniak ezentzunarena egin du ohean geratzeko, eta azkenean, behartuta jeiki da. Esnatu da, ezkerreko hankarekin esnatu ere, eskolara joateko batere gogorik gabe. Eskolara bidean, eskolan, gelan... barrabaskeriak egiten dabil. Ez du burutazio onik gaur. Are gehiago, eskola amaitzean ere gezurretan eta bihurrikeriatan jarraitu du. Gurasoek, ohartzean, etxera eraman dute, eta jada alaba lasaitu dela pentsatuz siesta egitera joan dira. Muniak ikuiluko behiak askatu ditu, baratza osoa hankaz gora jarriz. Gurasoak esnatzean, Muniak eragindako hondamendia ikusi dute eta gelara joateko esan diote; eragindako deskalabrua konpontzen saiatu dira beraiek.

Beranduxeago, sukaldetik txokolate egin berriaren usaina iritxi da Muniaren zentzumenetara. Bere portaera kontuan hartuta, txokolaterik izango ez duenaren beldur da, eta gurasoek oraindik maiteko ote duten ala ez ere pentsatu du. Lastozko kapel urdin bat eta amaren jaka zahar bat jantzita etxeko atzeko ateko tinbrea jo du. Piltronera anderea pertsonaia sortu du, merendatzeko eta gurasoekin hitz egin ahal izateko. Munia bezala barkamena eskatzeak lotsa ematen dioenez, berak asmatutako pertsonaia batez mozorrotu da, nolabait barkamena eskatzea errazagoa egiteko.[7] Amak ezjakinarena egin du, eta neskaren antzerkia jarraitu du itxurak eginez. Horrela, Piltronera anderea gonbidatu du etxera askaria hartzera. Bertan, Muniaren portaeraren inguruan hitz egin dute. Muniak ziurtatu du oraindik elkar maite dutela, beraz, etxetik atera eta Munia bezala sartu da berriz ere etxera, poz-pozik.[8]

Behin baino gehiagotan aitortu izan zuen Balzolak Munia y la señora Piltronera zela bere obra kuttuna Algunas veces Munia saileko bost lanen artean, daukan afektibitate-karga familiarragatik.[2]

Munia y los hallazgos (1990)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muniari arkeologia izugarri gustatzen zaio, eta arkeologo lanetan jolastera atera da. Zira eta bota horiak jantzita beheko etxolara jaitsi da bertako trasteen aurkikuntzak apuntatzera. Bertan dabilela, gabardina beltzez jantzitako gizon bat agertu da plastikozko poltsa batekin. Hori ikusita, bera ere arkeologoa dela pentsatu du Muniak, gizona ere jolasean dabilela, eta bere aurkikuntzak erakusteko eskatu dio. Gizona urduri jarri da eta ukatu egin dio eskaera, ez dio poltsan sartu duena erakutsi nahi. Muniak bere inozentziaz, tematuta jarraitu du, erakusteko eta erakusteko, gizona lapurra dela ohartu den arte. Orduan, korrika irten da etxolatik, etxera itzuli da eta gurasoei kontatu die gertatutakoa. Horiek, larrituta, azkar-azkar jantzi dira etxolara joateko; eta ikusi dute baietz, lapurreta egon dela etxolan. Munia, ordea, azkarra izan da: etxera korrika joan aurretik, arkeologia lanetarako erabili duen papertxoan lapurraren autoko matrikula apuntatu du.

Azken ipuinak badu besteengandik ezberdintzen duen zerbait: beste liburu guztietako ilustrazioetan ageri den katua ez da ageri azken horretan.[9]

Balzola eta Landa, Munia eta Iholdi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balzola eta Landa lankide eta lagunak izan dira, eta laguntasun hori, Jone Arrojabeitiak dioenez, beraien liburuetako protagonistetan ere nabari da: Balzolak ilustratutako Landaren Iholdi ren eta Balzola beraren Muniaren artean lotura estua dago. Landak Balzolari egindako gonbita adiskidetasun luze eta sakon horren hasiera izan zen, baita beraien lanbide-harreman estuarena ere. Landak Balzolari Iholdi ilustratu zezan eskatu zion, horrela, bi protagonistak lotuz eta Balzolaren lanari aitortza bat eginaz. Aitortza horri jarraiki, eta bi neskak zuzen lotuz, Landak Iholdi bildumako lehen liburuan Muniari, eta hortaz, Balzolari, egiten dio keinu: "Muniak argazki bat bidali dit. Munia nire lagun handiena da, baina ez da hemen bizi. Argazkian sonbreiru urdina du jantzita, esku batez heltzen dio haizeak eraman nahi izango balio bezala".[10]

Balzolaren eta Landaren arteko adiskidetasunaz gain, Arrojabeitiaren ustez hainbat gaietan ideia bertsuak izateak dakar beren bi lanetan lotura egotea. Ideia horien artean dago biek haurrenganako begirunetik berrosatzen dutela haurtzaroa. Hori haurren behaketak ematen dien ezagutzatik dator, eta beren haurtzaroko oroitzapenei dieten leialtasunetik. Zalantzan jartzen dute haurtzaroko zoriontasun perfektuaren ideia; haurtzaroko sentimendu bortitzei eta hizkuntzaren bidez defentzeko eta emozioak, ulertzeko, zehazteko eta horietatik babesteko ezintasunari aitortza egin izan die. Balzolak zioen haurrarentzat dena dela berria, eta horrek, bakarrik sentitzera daramala. Haurrak uste izaten duela bere arazoak berari bakarrik suertatzen zaizkiola, eta orduan, ikaragarri sufritzen duela, oso era berezian. Bi egileak bat datoz haurtzaroa bizitzako etapa zail gisa ikusten, eta biek aurkezten dituzte beren protagonistak erronka txikiak gainditzen. Horrela, egileak Iholdi eta Munia pertsonaiez baliatzen dira beren haurtzaroko mundua islatzeko.

Horrez gain, beren amen eta amonen eragina oso presente dute beren lanetan. Balzolaren amona figura garrantzitsua da bere heziketan. Amonak etengabe kontatu eta kantatzen omen zien, baina batez ere sukaldean isurtzen zuen bere afektibitatea, ondorengoak elikatzeko jaki gozo-gozoak prestatuz. Jatorduen garrantzia familiaren topaleku gisa, mahaiaren inguruan sortzen diren lokarri txeratsuak, usainak eta zaporeak, behin eta berriro agertzen dira Balzolaren lanean, eta noski beren lekua dute Muniaren bizitzan. Iholdik ere bere ekarpentxoa egiten du amonen oroitzapenei dagokienez. Helduaroan, berriz, miresmenez eta begirunez hitz egiten dute biek beren amei buruz, baina aitortzen dute ama-alaben arteko harremanak oso bereziak direla.

Balzola eta Landak txikitatik ikusi zuten alde handia zegoela neska edo mutil izatearen artean. Neskak ipuinetako protagonistekin, mutilekin, sekula izango ez zirenekin identifikatzea ez zela posible. Landak hausnarketa hau egiten du: «A zer bide psikologiko bitxia egin behar izan genuen nire belaunaldiko neskek, erlijiosoen ikastetxeetan “ez mistoetan” heziak, sekula izango ez ginen mutilekin identifikatzeko eta sartu nahi zizkiguten emakumezko ereduak ez bezalakoak izan nahirik!». Balzolak bezalaxe: «Ongi dago ohartu izana neskak sekula ez ginela ipuinetako protagonista; garrantzitsua da ulertzea zein gaizki tratatu ditugun beste kultura, kolore edo erlijio batzuk, baina sorkuntza-askatasuna galtzeko beste baldintzatzera iritsi gabe […] Beraz, alde batetik, ni feminista naiz […] eta bestetik, aske izan nahi dut eta, batez ere, ez dut esajeratu nahi». [2]

Bai Munia, bai Iholdi ipuinetako protagonistak neskak dira, terrenalak, errealak eta neska gaztetxoak horiekin identifikatzeko modukoak. Horrez gain, Landak badu mutil protagonista bat ere Iholdiren bilduman: Alex, adineko beste mutilengandik ezberdina sentitzen den gaztetxoa.

Beren ipuinetako neskatilek bezalaxe, bi idazleek umetatik irakurle handi gisa hitz egin izan dute beren buruaz.[2] Balzola Elorzatarrek, Euskal Herriko merkataritza- eta industria-burgesiaren elitean heziak eta gainera, dagoeneko esan den bezala, argitaletxe baten jabeak, begi onez ikusten zuten seme-alaben zaletasun hori. Horregatik, Balzolak dio: "Etengabe irakurri genuen haurtzaro osoan irrika aseezinaz, eta zinemara eramaten gintuzten aldi bakanetan, hilabeteetan irauten zuen haren magiak" [11] Landaren etxean, berriz, irakurtzea arau-hauste bat zen, ezkutuko zerbait, denbora galtzea; horrek Landarentzat irakurketa erakargarri eginez. [2]

Azken batean, esan daiteke, adiskide eta autore gisa, bizipen eta arteari eta bizitzari buruzko ikuspegi asko partekatzen dituztela Balzolak eta Landak, eta beraz normala dela pentsatzea Muniak eta Iholdik ondare hori guztia heredatu zutela. Horrela, neskatila horien patua adiskideak izatea zen, eta beren amak nolakoak diren eta nola pentsatzen duten erakustea.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c   «Tres miradas sobre la mirada de Asun Balzola: en recuerdo. Munia y la Luna», BLOC (0): 88-93, 2007 .
  2. a b c d e f   Hizpide, Hizpide, «Munia eta Iholdiren benetako historia ( edo zergatik diren adiskide Balzola eta Landa)», Hizpide .
  3.   Vasileva Ivanova, Aneta (2013-2014), «Las rosas de mañana. Configuración del modelo femenino en la ilustración infántil e historieta españolas del siglo XX.», Trabajo final de Máster de Historia del Arte y Cultura Visual .
  4.   Balzola, Asun (1982), Munia eta hilargia, Ediciones Destino .
  5.   Balzola, Asun (1982), Los zapatos de Munia, Ediciones Destino .
  6.   Balzola, Asun (1984), Munia y el Cocolilo naranja, Ediciones Destino .
  7. Txantiloi:Gaztelera  Entrevista a Asun Balzola, 01/03/1998, http://revistababar.com/wp/entrevista-a-asun-balzola/ .
  8.   Balzola, Asun, Munia y la señora Piltronera, Ediciones Destino .
  9.   Balzola, Asun (1990), Munia y los hallazgos, Ediciones Destino .
  10.   Landa, Mariasun (1988), Iholdi, Erein .
  11. Txantiloi:Euskara  Balzola, Asun (1999), TXORIBURU, erein, 15. orrialdea, ISBN 84-7568-837-3 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]