Nafarroako Hondakinen Partzuergoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Navarra de Infraestructuras Locales, S.A. (NILSA) Nafarroako Gobernuaren enpresa publiko bat da. Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren barnean dago eta haren xedeak hondakin-urak araztea, hiri-hondakinak kudeatzea eta horniduran laguntzea dira[1]. Iruñean dute bulego nagusia[2].

NILSA 1989an sortu zen, Nafarroako Ibaien Saneamendurako Planaren tresna kudeatzaile gisa[3], hots ibaiak lehengoratzeko helburuarekin. Gaur egun, haren erantzukizuna plan horren ezarpenean datza, baita hartatik eratortzen diren arloetan parte hartzea ere.

2007an Nafarroako Hondakinen Partzuergoa sortu zen, eta NILSA haren kudeatzailea da. Entitate horrek Nafarroako mankomunitate guztiak biltzen ditu (Iruñerrikoa izan ezik), baita Baztango Udala ere.

Jarduera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NILSAk uraren horniduran eta saneamenduan zein hondarkinen kudeaketan dihardu.

Uraren kudeaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NILSAk 141 araztegi eta 544 putzu septiko ditu. Alde batetik hondarkin urak arazten ditu, eta bestetik euri urak. Urtean 78.522.998 metro kubiko ur arazten ditu (2015eko datuak[4]).

NILSAk arazte biologikoa baliatzen du gehien bat, iragazki biologikoetan oinarritutako tratamendua, 1990etik. Erabilitako beste tratamendu batzuk iragazki biologikoak, lohi aktiboak, ohantze mugikor aireztatuak eta urmaeleratzea dira. 2014. urtea arte biodiskoa deituriko tratamendua ere baliatzen zuen.

Hondakinen kudeaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira Partzuergoaren eginkizunak hondarkinen alorrean:

  • Garraio-zerbitzua eta hiri-hondakinen tratamendua bere eskumen-eremuan
  • Partzuergoko kide diren erakundeei hondakinen bilketari buruzko laguntza teknikoa eskaintzea
  • Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, Nafarroako Hondakin Planaren prestaketa eta aplikazioa garatzea

Hondakinen Partzuergoa, hark biltzen dituen hamabost entitateek bildutako hondakin-frakzioak garraiatzeaz, tratatzeaz eta birziklatzeaz arduratzen da. Erakunde horiek, Partzuergoak kudeatzen duena biltzeaz gainera, papera eta beira ere biltzen dituzte; kudeaketa-sistema integratuek eta paperaren birziklatzaileek kudeatzen dituzte. Partzuergoak ondoko frakzioetaz arduratzen da: ontzietaz (latak, brikak, plastikoak...), bio-hondakinetaz (lorezaintza-, inausketa-, eta janari-hondakinak) eta hondar-zatietaz.

Azpiegitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partzuergoak bi instalazio mota ditu hondakinak kudeatzeko: transferentzia-plantak (eta deskarga-nasak, txikiagoak) eta tratamendu-zentroak.

  • Transferentzia-plantak: hiru daude Nafarroan: Pirinioen aldean, (Zangozan), Nafarroako Iparraldean (Donezteben) eta Nafarroako Erdialdean (Tafallan). Eremu bakoitzeko herrietatik iritsitako zaborra metatu eta trinkotu egiten da haietan. Horrela, zaborra biltzen duten kamioiek hondakinak deskargatzen dituzte han, eta, trinkotu eta gero, dagokien tratamenduaren bukaerako puntura eramaten dira.Bestalde, Sakanako eta Erriberagoieneko mankomunitateek deskarga-nasak eraiki zituzten 2009 eta 2010ean, transferentzia-planten funtzio bera duten gune txikiagoak.
  • Tratamentu-zentroak: NILSAK hiru tratamendu-zentro ditu: Cárcarko planta, El Culebreteko planta eta Moratieleko ontzi-zentroa.

Partzuergoko kide diren entitateekin batera, NILSAk garbigune-sare bat prestatu du etxean sorturiko beste hondakin batzuk bildu eta kudeatzeari begira. Hondarkin hauek izaera berezikoak dira, hala nola tresna elektrikoak eta elektronikoak, pintura- eta berniz-hondarrak, drogeria eta lurrin-produktuak, eta abar. Bestalde, datozen urteetan, bederatzi konpostaje-planta egiteko planak badira. Etorkizuneko planta horiek titulartasun publikokoak izanen dira[5], edo, bestela, itundu eginen dira izaera sozialeko enpresekin edo nekazaritzako eta abeltzaintzako sektoreari lotutakoekin.

Sentsibilizazio kanpainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uraren eta hondarkinen kudeaketaz arduratzeaz gain, NILSA-k sentsibilizazio kanpainak ere antolatzen ditu. Tailerrak, jokoak, bisitak, solasaldiak eta hitzaldiak egiten dituzte, gaztelaniaz, euskaraz zein ingelesez[6].

Kideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partzuergoko kide diren mankomunitateak honakoak dira

  • Bortziriak
  • Baztan (ez da berez mankomunitate bat, baizik eta Udala bera, toki entitate gisa)
  • Malerreka
  • Araxes Garaia
  • Sakana
  • Bidausi
  • Eska-Zaraitzu
  • Irati
  • Zangozako Eskualdea
  • Mairaga
  • Izarbeibar
  • Jurramendi
  • Erriberagoiena
  • Erribera
  • Nafarroako Mendialdea

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Elizalde quiere que Nilsa gestione el agua de forma "integral"» Diario de Navarra . Noiz kontsultatua: 2019-11-16.
  2. (Gaztelaniaz) Urrizalki Oroz, Iñaki. «nilsa» (PDF) Nafarroako Gobernua . Noiz kontsultatua: 2019-11-16.
  3. «Nor garen / Aurkezpena» nilsa.com . Noiz kontsultatua: 2019-11-16.
  4. «araztegiak» nilsa.com . Noiz kontsultatua: 2019-11-16.
  5. «JARDUKETAK - NILSA» www.nilsa.com . Noiz kontsultatua: 2019-11-17.
  6. «nola hezten dugu - NILSA» www.nilsa.com . Noiz kontsultatua: 2019-11-17.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]