Ondorio-perpaus

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ondorio-perpausak edo perpaus kontsekutiboak perpaus nagusi batean zehazten den kuantifikazio baten edo mailakatze baten ondorioa adierazten duten perpaus txertatuak dira. Testuaren mailan, esaldi bateko baieztapenaren ondorio gisa, beste esaldi bat aurkez daiteke. Horretarako egokiak dira, adibidez, ondoriozko lokailuak: BERAZ, HORTAZ, HORRENBESTEZ, eta abar:

  • Ordu biak dira. Beraz, goazen bazkaltzera.
  • Bilbo Donostia baino handiagoa da. Horrenbestez, Bergara baino handiagoa ere bada.

Bigarren perpausak lehenbizikotik ateratzen den ondorio bat adierazten du. Baina bi gertakizun izan daitezke non, bata bestearen ondorio gisa aurkezteaz gainera, ondorio hori maila-hitz batekin erlazionatua dagoen:

  • a. Hainbeste diru irabazi zuen gizonak, non burua galdu baitzuen.

Adibide horretan, gizonak burua galtzea irabazitako diru kopuruaren ondorio gisa aurkezten da. Bi gertakizun dira dirua irabaztea eta burua galtzea. Azken hori irabazitako diru-kopuruaren ondorio gisa aurkezten da. Kopuru hori adierazten du HAINBESTE zenbatzaileak. Egitura orokorra, funtsean, honelakoa da:

Esan daiteke, hortaz, ondorio-perpausean perpaus nagusiko adjektibo edo aditzondo baten mailaren nahiz izen-sintagma baten zenbatekoaren ondorioa adierazten dela:

  • b. Hain goxo nengoen ohean, non eskolara joan gabe gelditu bainintzen.
  • c. Hain berandu ibili zen, ezen ez baitzuen lekurik aurkitu.
  • d. Hain garestia iruditu zitzaidan, ezen ez nuen erosi.

Perpaus horiek korrelazioan aurkezten dira: perpaus nagusian kuantifikatzailea dago (konparazio-perpausetan bezala), eta, haren parean, eta erlazioan, perpaus txertatua. Hain zuzen, bigarren perpauseko adizkiak BAIT- edo -EN markak ditu. Seinale perpaus txertatu edo mendeko bat dela.

Alborakuntza bidez ere eman daitezke horrelako perpausak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lokailu bidezko (BERAZ, HORRENBESTEZ, eta antzekoen bidezko) ondorio-perpausak ez dira perpaus txertatuak. Gorago aipatu direnak, bai, BAIT- edo -EN elementuak erakusten duten bezala. Hala ere, aurreko (a) eta (b) adibideetan bigarren perpausean menderakuntza den bezala, alborakuntza soila ere izan daiteke:

  • a. Burua galdu zuen, hainbeste diru irabazi zuen. (= Hainbeste diru irabazi zuen, burua galdu zuen).
  • b. Eskolara joan gabe gelditu nintzen, hain goxo nengoen ohean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]