Perpaus adberbial

Wikipedia, Entziklopedia askea

Perpaus adberbialak perpaus nagusi baten barnean adizlagunak edo aditzondoak duen zeregina betetzen duten perpaus txertatuak dira. Perpaus txertatuaren eta perpaus nagusiaren arteko erlazio semantikoa kontuan harturik, perpaus adberbialak denborazko perpausak, moduzko perpausak, helburu-perpausak, perpaus kausalak edo perpaus kontzesiboak izan daitezke. Dena den, zenbait perpaus modu bateko eta besteko izan daiteke aldi berean. Horregatik, banaketa semantikoa ezin da oso zehatza izan.

Perpaus adberbialak: -ELA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen bi adibide:

  • a. Eskolara nindoala, Jonekin egin nuen topo.
  • b. Sarritan, zergatik ez dakigula, ideia bat burutik ezin kendurik ibiltzen gara.

-ELA atzizkiaz horniturik agertzen diren bi perpaus daude hor: eskolara nindoala eta zergatik ez dakigula. Perpaus horien forma begien bistakoa da: [perpausa + -ela]. Baina, esanahiari dagokionez, (a)-k eta (b)-k adiera desberdina dute. Lehenbizikoak NOIZ galderari erantzuten dio. Bigarrenak, NOLA edo antzeko galdera bati. Beraz, -ELA atzizkiaz osatzen diren perpaus adberbialak bi motatakoak izan daitezke: denborazkoak eta moduzkoak.

Denborazkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauetan perpaus txertatuko aditza ezin daiteke nolanahi agertu. Eskolara nindoala, etxera nentorrela, botila bat neramala, dutxatzen ari nintzela, eta gisako adizkiak behar dira denborazko adiera eman nahi denean. Denak iraganeko formak dira, eta, aspektuaren aldetik, puntukariak. Orainaldikoak ere izan daitezke:

  • Ari naizela, ari naizela, hor ikusten dut Txirrita.

Moduzkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek NOLA galderari erantzuten diote. Horregatik, moduzkoak direla esaten da. Baina kontuan izan behar da «modu» kontzeptua oso zabala dela eta, askotan, kontzeptu horrek beste batzuk ere besarkatzen dituela.

  • a. Eskuan makila handi bat zuela agertu zitzaigun Pello atarian.
  • b. Odola dariola eraman dute ospitalera.
  • c. Bat nahikoa ez dela, bost ekarri dizkit.

«Txapela eskuan» eta antzeko esapideak.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrelako esapideak nahiko nahaste sortzen dute zenbait hiztunengan. Erdarazko esapidearen eraginez edo, *txapelarekin eskuan eta antzekoak noiznahi entzun daitezke zenbaiten ahotan. Esamolde horiek perpaus baten laburduratzat hartzen badira, ez da arazorik izango behar bezala emateko. Baina, zein da perpaus hori?:

  • a. Txapela eskuan zuela etorri zitzaigun Fernando.
  • b. Eskuak poltsikoan zituela sartu zen gelara.

Perpaus horietatik abiatuz gero, ez dago inongo arazorik izango behar direnak ongi esateko. Aski da aditza + ela osagaia isilaraztea:

  • a. Txapela eskuan [Ø] etorri zitzaigun Fernando.
  • b. Eskuak poltsikoan [Ø] sartu zen gelara.

Eta, jakina, nabarmendutako atal horiek, goikoak bezala, perpaus txertatuak direla onartu behar da, adizlagun-funtzioa bete eta NOLA galderari erantzuten diotenak.

«Duela X urte» eta antzekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Duela bi urte etorri zen gure herrira gizon hori.

Perpaus horrek baditu beste ordain batzuk, nahiko antzekoak:

  • a. Bi urte dela etorri zen gizon hori.
  • b. Orain bi urte dela etorri zen gizon hori.
  • c. Orain bi urte etorri zen gizon hori.

Horiek guztiak perpaus adberbialak dira, NOIZ galderari erantzuten diotenak. Beraz, denborazkoak direla esan daiteke. Beste honako hauek bezala:

  • a. Bi urte dira ezkondu nintzela.
  • b. Badira bi egun eskolan ikusi ez dugula.


Perpaus adberbialak: -ELA ETA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[Perpausa + ELA] + ETA taxuko egiturak kausazko perpaus txertatuak izan ohi dira:

  • a. Zer dela eta kontatu diozu amari atzokoa?
  • b. Aukera hoberik ez genuela eta, zinemara joatea erabaki genuen.

Berez, perpaus horien osaera … -ELA + ETA da. Hots: atzizkiz hornitutako perpaus bat gehi ETA juntagailua. Baina, juntagailu hori jadanik atzizki bihurturik dagoela pentsa daiteke, eta, horrenbestez, [-ela + eta] dena osorik har daiteke, atzizki bakarra balitz bezala. Atzizki horrek perpausari ematen dion balioa KAUSAZKOA da: «Zer dela eta?» galdetzea eta «zergatik?» galdetzea, funtsean, gauza bera da. Horrenbestez,

  • (a) Zergatik etorri zara hain berandu? eta (b) Zer dela eta etorri zara hain berandu?

aski antzekoak dira. Eta haien erantzunak ere bai:

  • (a) Eguraldi ederra zegoela eta, … eta (b) Eguraldi ederra zegoelako.

Nolanahi ere, bada ñabardurarik bien artean: -ELAKO-k benetako zergatia adierazten du. -ELA ETA-k, berriz, zerbaiten arrazoia baino gehiago, aitzakia edo horrelako zerbait adieraziko luke. Beste batzuetan, -ELA ETA -ELAKOAN-en pareko da:

  • «Gaur, zori txarretan bizi dala-ta nago» (E. Erkiaga, Txurio txoria, 135) (= Gaur, zori txarretan bizi delakoan nago)

Beste honek ere ongi erakusten du jatorria:

  • Ameriketan ibili dela eta kontatu dit.

Hots: «Ameriketan ibili dela eta abar kontatu dit» esango balitz bezala izango litzateke. Hots: juntaduran maiz gertatzen den bigarren osagaiaren isiltzearen ondorioz sortuak lirateke perpaus horiek. Azken adibideko perpausaren antzekoek, jakina, ez dute inongo kausa-baliorik.


Perpaus adberbialak: -ELARIK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-ELARIK atzizkiarekin ere modu-denborazko perpaus txertatuak osatzen dira:

  • a. Diru guztia xahutu duelarik, guregana etorri da.
  • b. Okasioa delarik baliatu behar da.

Halakoetan, -ELARIK -ENEAN atzizkiaren baliokide osoa da:

  • a. Diru guztia xahutu duenean, guregana etorri da.
  • b. Okasioa denean baliatu behar da.

Horrelakoetan, hortaz, NOIZ galderari erantzuten zaio. Gaur egun, hala ere, modu-balioa ere ematen zaio, erdarazko gerundioaren ordain gisa edo: «Hori horrela delarik, Gipuzkoako aditza hartu behar da oinarri» (MIH, 122)

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denborazko perpausak, perpaus kausalak, perpaus kontzesiboak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]