Perpaus elkartu

Wikipedia, Entziklopedia askea

Perpaus elkartua edo perpaus konposatua bi perpaus bakun edo gehiagoz osatutako perpausa da.

Perpaus elkartua eta perpaus bakuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barnean beste perpausik ez daraman perpausa perpaus bakuna da. Adibidez:

  • (1) Josebak nobela berri bat idatzi du.

Perpaus horrek osagai hauek ditu:

Josebak nobela berri bat idatzi du
NORK izen-sintagma NOR izen-sintagma Aditza

Argi ikusten da hor ez dagoela osagai horien artean beste perpausik. Hori da, hain zuzen, perpaus bakunaren ezaugarria. Baina perpausak beste perpaus baten osagai izan daitezke. Beste adibide hau:

  • (2) Gure etxe ondoan bizi den gizon horrek oso zoriontsu dela idatzi du bere egunkarian.

zalantzarik gabe, perpaus bat da, baina, osagaiak aztertuz gero, berehala ikusten da osagai horien artean badirela bi perpaus, nolabait barnean txertaturik. Perpausaren funtsezko osagai bat aditza da. Adibide horretako perpausean, ordea, hiru aditz daude:

  1. BIZI DEN = (bizi da * -en)
  2. DELA = (da + -ela)
  3. IDATZI DU

Aditz bat dagoen bakoitzean perpaus bat baldin badago, hor egiazki hiru perpaus izango dira: haietako bat perpaus nagusia izango da, baina perpaus nagusi hori perpaus txikiagoak elkartuz –modu jakin batean elkartuz– osatua dago. Horregatik esaten da perpaus konposatua edo elkartua dela, osagaien artean perpaus bat baino gehiago baititu.

  • [[gure etxe ondoan bizi den] P1 gizon horrek [oso zoriontsu bizi dela] P2 idatzi du] P0

Perpaus-elkarketa motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi era nagusi bereizten dira perpaus-elkarketan: koordinazioa edo juntadura eta txertakuntza edo menderakuntza. Goiko adibide horretan, perpaus elkartua osatzen duten perpausak txertatuak daude perpaus nagusian. Perpaus nagusiaren eta besteen artean mendekotasunezko erlazio bat dago: perpaus txertatuak mendekoak izan ohi dira. Perpaus nagusi horretan bestelako osagaiek bete ohi duten zeregina betetzen dute perpaus txertatuek. Batzuk aditzaren gainerako osagarrien eta inguratzaileen pareko izango dira. Beste batzuk izenaren edo adjektiboaren osagarri eta inguratzaile izango dira. Esate baterako, 1. adibidean nobela berri bat zegoen lekuan, 2. adibidean an perpaus txertatu bat dago: oso zoriontsu dela. Eta 1. adibideko Josebak sintagmaren parekoa izango litzateke gure etxe ondoan bizi den gizon horrek sintagma. Biak trukagarri dira. Horregatik, hain zuzen, esan daiteke biak izen-sintagma direla, biek banaketa bera baitute, biak testuinguru sintaktiko berean aurkitzen baitira. Baina –eta hori da orain interesgarria– 2. adibideko perpausean ageri den gure etxe ondoan bizi den gizon horrek izen-sintagma horretan, gizon ardatzaz gainera, gure etxe ondoan bizi den osagaia ere ageri da. Osagai horrek, jakina, izenlagunaren zeregina betetzen du, eta gizon horren zehaztapen bat eskaintzen du. Hori dena oso ongi ikus daiteke arbola sinple bat eginez gero:


Eta izen-sintagma horrek goragoko perpaus batean subjektu-funtzioa betetzen du.

Horrelakoetan, esaten da txertakuntza dagoela, perpausak gorago dagoen baten mende txertatuak ageri ohi baitira. Goiko adibidean, perpaus txertatua (gure etxe ondoan bizi den) izen-sintagma baten osagai da, eta izen-sintagma hori, bere aldetik, perpaus baten (perpaus nagusiaren, kasu honetan) osagai da. Hortaz, perpaus txertatuek hierarkia bat erakusten dute sintaxi-egituran:


Baina perpausak beste modu batera ere elkartu daitezke. Adibidez:

  • (3) Prontxiok gehiegi edan zuen, eta mozkortu egin zen.
  • (4) Hodei beltzak ageri dira, baina ez du euririk egingo.

Hor ere perpaus elkartuak daude, baina osagaiak ez daude lehen bezala hierarkizatuak, bata bestearen mende. Goiko perpaus horietako bakoitzak bi perpaus ditu barnean (horregatik esaten dugu perpaus elkartu direla), baina biak elkarren pareko dira sintaxiaren aldetik. Egiturari erreparatuta, ikusten da osagai horiek elkarren pareko direla:


Mota horretako perpaus-elkarketari koordinazio edo juntadura deritzo. Ohartzekoa da, dena den, perpausetik kanpo ere, izen-sintagman badirela mendekotasunezko erlazioak eta baita koordinaziozkoak ere. Mendekotasunezkoetan, osagai bat beste baten mendeko da. Koordinaziozkoetan, osagaiak elkarren kideko izan ohi dira. Adibidez:

  • Andoniren aita

Hor, Andoniren eta aita sintagmen artean mendekotasuna dago.

  • Andoni eta aita

Hor, Andoni eta aita elkarren kideko dira, ez bata bestearen mendeko. Gauza bera gertatzen da, hortaz, perpausean ere.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]