Edukira joan

Perpaus

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Perpausa informazioa eskaintzen duen hitz-multzoa da. Gramatikan, osagai mailakatuz osatutako unitate sintaktiko independentea da, goragoko kategorietan sar ez daitekeena. Perpausak, errekurtsibitatearen baliabidea duen neurrian, bere barnean perpaus gehiago bil ditzake[1]. Perpaus baten beharrezko atalak subjektua, objektua eta aditza izaten dira.

Zer da perpausa?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpausaren definizio zehatza ematea ez da gauza erraza. Gramatika guztietan ageri den kontzeptua da, baina gramatikariak berak ez dira maiz ados jartzen definizioa ematerakoan.

Perpausa zerbait bada, gramatikazko kontzeptu bat da, gramatikari dagokion eraikuntza teoriko bat. Gramatikatik kanpo ez dago perpausik. Gramatikariek asmatu dute kontzeptu hori, errealitatean diren zenbait gertakari esplikatzeko asmoz sortu ere, hain zuzen. Zer dago, baina, errealitatean? Hizketa. Hizketa hori, gainera, giza gaitasun berezi baten, hizkuntzaren, isla dela esan daiteke.

Hitz egitea, hizketa, eguneroko zerbait da. Hitz eginez elkar ulertzen dugu. Baina, hitz eginez, elkar ulertu ez ezik, solaskidea edo entzulea engainatu ere egin daiteke, okerreko bidera eramanez, adibidez. Errealitatean ikusten dugu hiztunak hots-segida bat sortzen duela: hots-segida horri nolabaiteko esanahia dagokio eta entzuleak, hiztunaren hots-kate hori entzuten duenean, prozesatu egiten du eta esanahi bat egozten dio entzundakoari. Hiztunak eta solaskideak jakintza bat, gaitasun bat, erdibanatzen dute, hizkuntza, alegia. Gaitasun horri esker, bai batak bai besteak hots-segida baten eta hots-segida horri dagokion esanahiaren arteko harreman egokia ezar dezakete.

Hizketaren fruitu esaldia da. Esaldia hizkuntza-jokabideari dagokion zerbait da. Hitz egitean esaldiak osatzen dituzte hiztunek. Perpausa, orduan, gramatikariek esaldia behar bezala atzemateko asmatu duten kontzeptu teorikoa da. Gramatikak hizkuntza-gaitasun horren berri eman nahi du, eta berri emate horren ondorioz sortu da perpaus kontzeptua. Beste kontzeptu asko ere asmatu dituzte hizkuntzalariek.

Perpausa gramatikaren oinarri-oinarrizko kontzeptua da. Azken batean, hizkuntza gizakiak duen jakite bat da. Eta hiztunak hizkuntza dakienean zer dakien galdetuz gero, erantzun beharko litzateke hiztunak perpausak osatzen dakiela. Horrenbestez, gai da hiztuna bere hizkuntzako perpausak direnak eta bere hizkuntzakoak ez direnak bereizteko, baita perpaus zuzenak eta zuzenak ez direnak bereizteko ere, etab.

Hitz egitean hotsak emititzen dira, eta hots horiek esanahi jakin bat izan ohi dute. Gramatikaren eginkizuna hotsen eta esanahien arteko erlazio horren berri ematea da. Baina nola gertatzen da bien arteko lotura? Hotsak ez dira nolanahi elkartzen. Hitzak ere —hitza zer den ezin hasi hemen eztabaidatzen— ez dira nolanahi elkartzen. Hitz-segida batzuk zilegi dira, beste batzuk ez. Baina hitz-segida bera modu batera edo bestera interpreta daiteke. Seinale da hori itxuraz berdinak diren hitz-segida horiek era desberdinean egituratuak daudela. Behin puntu honetara iritsiz gero, egitura kontzeptuaz ere zerbait esan behar da. Hain zuzen, hots horiek nolabait egituratuak daudela pentsatzen da. Alegia, ez daudela nolanahi bata besteari itsatsiak.

Hartu, adibidez, honako perpaus hau:

  • Atzo aipatu nizun etxeko jauna etorri da.

Perpaus hori bi modutara interpreta daiteke:

  • a. Atzo etxe bat aipatu nizun. Etxe horretako jauna etorri da.
  • b. Atzo etxeko jaun bat aipatu nizun. Etxeko jaun hori etorri da.

Edo hona hemen egunkariko titular batean jasotako testua:

  • Erreformak blokeatutako lan- eta gizarte-erakundeak abian jarriko dituela iragarri du ministroak.

Esaldi hori modu batera baino gehiagotara uler daiteke, erreformak osagaia blokeatu-ren subjektutzat hartuz edo jarri-ren subjektutzat hartuz. Hortaz, hotsen eta esanahien arteko lotura hori aski konplexua izan daiteke. Horren berri emango du gramatikak. Hain zuzen, kontsidera daiteke perpaus-multzo infinitua dela hizkuntza bat, eta gramatikak perpaus-multzo hori sorrarazteko bidea eskaini behar duela. Edo beste modu batera esanda, gramatikak perpausak sortzen ditu. Perpaus ez direnak ez ditu sortu behar. Beraz, gramatikak esango du zein hots-segida den perpausa eta zein ez. Eta, horretaz gainera, perpaus bakoitzari dagokion egituraren berri ere eman behar du. Hortaz, esan daiteke perpausa esanahi osoa duen hots-segida bat dela, gramatikaren arabera egituratua.

Izan ere, gerta daiteke hots-segida batek nola-halako esanahia izatea, baina okerra izatea gramatikaren arauren bat urratzen duelako.

Adibidez: *Guek oso nekatutak geunden. Hori ez da perpausa, nahiz eta, beharbada, beste honako honi ematen zaion esanahi berbera izateko asmotan sortua izan: Gu oso nekatuta geunden. Gramatikaren banako nagusia perpausa da. Alegia, gramatikarentzat ez da perpausa baino goragoko banakorik, nagusiago izango litzatekeen bestelako unitaterik. Bestela esanda, hotsek hitzak osatzen dituzte, hitzek sintagmak eta sintagmek beste sintagma nagusiago batzuk, eta azkenik, perpausa deritzona.

Perpausetik gora, gramatikak ez du ezer aurkitzen. Izan ere, perpausak elkartuz, edo beste perpaus konplexuagoak osatzen dira –perpausak, beraz– edo, bestela, perpaus-segidak. Egia da testua deritzon hori ere hor dagoela, baina testura iristeko ezin da perpausera iristeko erabiltzen den metodo bera erabili.

Gramatikaren arabera, perpausetik gora ez dago perpaus ez den beste ezer. Testu-antolaketa eta abar gramatikatik kanpo geratzen dira. Edo, nahiago bada, gramatika gainditu egiten dute. Perpausa, hortaz, gramatikaren lehengaia da. Azken batean, gramatikak hizkuntza bateko perpausak nola osatzen diren esaten du.

Perpausaren osagaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gramatikak esaten badu zer den perpaus eta zer ez, gramatikak esango du, halaber, zein diren perpausa osatzen duten atalak. Atal horiek, gainera, egituratuak egon behar dute. Horregatik, delako hots-segidan atalen bat falta bada edo sobera bada, edo behar ez bezala egituratua badago, ez zaio perpausa deituko, hiztunak ere horrelakoak zerbait arrotz direla pentsatzen baitu. Horrenbestez, gramatikak esan behar du zein diren perpausaren osagaiak eta nola antolatuak dauden.
Perpausa aditz baten inguruan antolatuko da, batez ere. Aditz bakoitzak bere eskakizunak ditu. Erori aditzak, esaterako, aski du inguratzaile bakarrarekin, gehiago ere izan ditzakeen arren. NOR sintagma deitzen dena eskatuko du bereziki. Erosi aditzak, berriz, NOR sintagmaz gainera, NORK sintagma ere eskatuko du. Eta horrela, aditz guztiak. Esan ohi da aditz bakoitzak bere argumentu-egitura duela, aditz horren inguruan zer nolako osagaiak joan behar duten esaten diguna. Argumentu edo inguratzaile horiek, perpausean, sintagma gisa gauzatuko dira. Eta sintagma bakoitzak berari dagokion eginkizuna beteko du: bata egilea izango da, bestea objektua, bestea instrumentala, bestea lekua, etab. Adibidez, honako hitz segida hau:

  • Aitak amari zazpi jostunek jositako gona gorria ekarri dio Donostiatik.

edozein euskal hiztunentzat perpaus bat da. Gramatikariak esango du zein osagaiz osatua dagoen. Orain arte esandakoaren arabera, bada aditz nagusi bat: ekarri dio. Eta aditz nagusi horren inguruan, hainbeste inguratzaile. Batek, ekartzeko ekintza hori nork gauzatu duen esaten du, nor izan den ekarlea: aitak. Beste batek, berriz, ekintza horren hartzailea zein den esango du. Hori datiboan doan sintagma da: amari. Bada ekarritako objektua zein den adierazten duena ere. Hori absolutiboan doala esan ohi da. Adibideko kasuan, oso atal luzea eta konplexua da: zazpi jostunek jositako gona gorria. Eta, azkenik, ekarri dio aditzaren inguruan doazenen artean badago beste atal bat, ekartze hori nondik egin den esaten duena: Donostiatik. Hiztunak hori guztiak badaki. Eta badaki, halaber, zazpi jostunek jositako gona gorria hori oso-osorik dela ekarri dio aditzaren objektua. Baina, bestalde, sintagma hori ere egituratua dagoela, modu berezi batean egituratua, hain zuzen. Hor ere bada adizki bat, jositako, eta haren inguruan ere badabiltzala sintagma batzuk.

Sintagma horietako bat zazpi jostunek da. Sintagma horrek josi aditzaren egilearen eginkizuna betetzen du, NORK josi duen esaten du. Gona hitza ere hor dago. Berez, gorago ikusitako ekarri aditzaren objektua da. Baina, kasu honetan, JOSI aditzak ere objektu horixe du. Hain zuzen, josi aditzak bi inguratzaile, bi argumentu, behar ditu: NORK josi eta ZER josi esango dutenak. Kasu horretan, perpaus erlatibo mota bat dela esango du gramatikak eta, josi aditzaren objektu izango litzatekeen argumentua beste perpauseko aditzaren argumentua bera denez gero, isilpean gelditzen dela, nahiz eta, perpausa interpretatuko bada, isilpean geratu den inguratzaile hori ere nonbait badela pentsatu behar den. Baina aditza eta inguratzaile horiek ere ez daude nolanahi elkartuak. Hor ere hierarkia bada, eta, horrenbestez, perpauseko osagai horien artean mota desberdinetako loturak eta erlazioak gertatzen dira. Adibidez, esan ohi da aditzaren inguratzaile horien artean badela bat besteen gainetik nabarmentzen dena, subjektu deitzen dena, hain zuzen. Horrenbestez, perpausa ez da, besterik gabe, [aditza + inguratzaileak] tankerako eraikuntza bat, baizik beste honen antzeko zerbait: [izen-sintagma + aditz-sintagma]. Eta gero, bai izen-sintagma bera, bai aditz-sintagma, bakoitza bere aldetik modu jakin batean egituratua egongo da. Adibidez, aditz-sintagma hori [aditza + inguratzaileak] izango da.

Perpausen sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpausak modu askotara sailkatu daitezke, zein irizpide hartzen den. Perpausek duten formari begira egin daiteke sailkapen bat. Eta perpausen esanahiari begira ere bai.

Formaren araberako sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus lokabeak eta mendeko perpausak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus bat ez badago beste baten mende, bere buruaren jabe bada, nolabait, perpaus hori perpaus lokabea izango da. Adibidez, honako hauek perpaus lokabeak dira:

  • a. Herri honetan taberna gehiegi dago.
  • b. Gure herri hau harrizko herri bat da.

Biak perpaus lokabeak, beregainak, dira. Ez daude beste bati itsatsiak, ez dira mendekoak.

Hurrengo adibideetan azpimarraturik daudenak, ordea, beste baten mende daude, nagusiago den perpaus batean txertaturik ageri dira:

  • a. Herri honetan taberna gehiegi dagoela uste dugu.
  • b. Gure herri hau harrizko herri bat dela esan zuen norbaitek.

Beraz, [herri honetan taberna gehiegi dagoela] eta [Gure herri hau harrizko herri bat dela] mendeko perpausak direla esaten da.

Perpaus bakunak eta perpaus elkartuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus bakun deritzo bere barnean, osagai gisa, beste perpausik ez duenari. Horrelako perpausik baden ala ez ikusteko, perpausean zenbat adizki dauden begiratu behar da:

  • a. Bi eta bi lau dira.
  • b. Nork esan du astakeria hori?

Perpaus bakunak dira biak: aditz bakarra dago, eta, horrenbestez, ez dago perpaus bat bestearen barnean kokaturik. Hurrengo bi adibideetan, ordea, gauzak bestela dira. Perpaus bat baino gehiagoz osatuak daude. Horrenbestez, perpaus elkartuak direla esaten da.

  • a. [ [ Bi eta bi lau direla] esan zuen irakasleak].
  • b. [ Ikus dezagun [nork esan duen astakeria hori] ].
  • c. [ [Jonek baloia hartu zuen] eta [parkera abiatu ginen denok] ].

Perpaus jokatuak eta jokatu gabeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpausean aditza nahitaezko da. Aditza, ordea, jokaturik eman daiteke edo jokatu gabe. Adizki jokatua duten perpausak perpaus jokatuak izango dira. Adizki jokatu gabea dutenak, perpaus jokatu gabeak.

  • a. Pozik argituko nizkioke zenbait gauza mutiko horri.
  • b. Kanta dezagun denon artean zerbait.

Bi perpaus horietan adizkia jokatuta dago, bere aspektu, pertsona, denbora, modu eta abarren markekin: argituko nizkioke eta kanta dezagun.

Hain zuzen, haiei deritze adizki jokatu, denbora- eta pertsona-markak dituztenei. Honako hauek, ordea, perpaus jokatu gabeak dira:

  • a. Bizikletan ibiltzen ez du ikasi oraindik.
  • b. Nik esan arte, zuek lanean segitu behar duzue.

Esan arte eta ibiltzen adizki jokatu gabeak dira. Adizki horiek dituzten perpausak ere perpaus jokatu gabeak dira.

Esanahiaren araberako sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esanahiaren aldetik ere zenbait bereizketa egin daitezke perpausen artean.

Adierazpen-perpausak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baieztapen edo ezeztapen soil diren perpausak dira adierazpen-perpausak, hiztunaren barne-jarrera edo gogoa islatu gabe zerbait adierazi besterik egiten ez dutenak:

  • a. Gizon bat agurtu nuen kale ertzean.
  • b. Ez diot inori kontatuko.

Galde-perpausak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galde-perpausetan informazio-eskari bat egiten da:

  • a. Nor agurtu zenuen kale ertzean?
  • b. Inor agurtu al zenuen lehengoan jaialdian?

Aginte-perpausak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aginduak emateko baliatzen dira:

  • a. Zabal ezazue liburua 25. orrialdean.
  • b. Zoazte pikotara!
  • c. Isildu, mesedez!

Harridura-perpausak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiztunak duen harridura adierazteko erabiltzen dira. Normalean, aski ordena berezia izan ohi dute. Intonazioa ere halakoa izan ohi da.

  • a. Hura zen gizon puska, hura!
  • b. Zenbat dakien aguretxo honek!
  • c. Bai atseginak direla gure eskolako neskak!

Baiezko eta ezezko perpausak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenaz gainera, perpausak baiezkoak edo ezezkoak izan daitezke. Beraz, galde-perpausak, adierazpen-perpausak eta aginte-perpausak baiezka nahiz ezezka eman daitezke:

  • a. Norbait dabil ganbaran.
  • b. Eska iezaiozu zigarro bat horko neska horri.
  • c. Zure lagunak beti garaiz iristen al dira?


  • a. Inor ez da etorri guregana.
  • b. Ez iezadazu adarrik jo, mesedez.
  • c. Ez al da zure laguna agertu?

Predikatuaren araberako sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aditz-sintagman ageri den aditza nolakoa den eta, horrenbestez, predikatua nolakoa den ere kontuan hartuz sailkatu daitezke perpausak.

Atribuzio-perpausak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atribuzio-aditza dutenak dira atribuzio-perpausak. Aditz horiekin batera, predikatu osagarria agertuko da:

  • a. Joseba langilea da.
  • b. Miren eskola-ordezkari izendatu dute.
  • c. Nekeak poz bihurtzen ditu horrek.

Esaten da Langilea, eskola-ordezkari eta poz predikatu osagarriak direla. Perpauseko subjektuari (a) edo objektuari (b eta c) buruzko predikatuak dira.

Perpaus predikatiboak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atribuzio-aditza barik, aditz predikatiboa duten perpausak perpaus predikatiboak dira (aditz gehienak horrelakoak dira). Aditz horiek berek egiten dute predikazioa:

  • a. Josebak nobela berri bat idatzi du aurten.
  • b. Gure amak fruta saldu ohi zuen merkatuan.

Perpausaren egitura eta hitz-ordena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen-sintagmaren barneko osagaiek ordena finkoa dute. Oso aukera gutxi ematen dute ordena aldatzeko. Adibidez, adjektiboa beti izenaren eskuinera agertzen da; mugatzailea, beti izen-sintagmaren eskuinean, azken muturrean, etab. Perpaus mailan, ordea, gauzak askoz lasaiago dabiltza. Adibidez:


Oraingoan, nahi diren aldaketa guztiak egin daitezke, funtsezko esanahia aldatu gabe:


Perpaus horiek guztiek gramatikaren aldetik ez dute inolako akatsik. Funtsezko esanahia bera da guztietan. Kontua, ordea, «funtsezko» hitz horretan datza, zeren euskaldunak badaki goiko perpaus horiek guztiak ez direla baliokideak. Bakoitza testuinguru eta egoera desberdin batean erabiltzen dela. Adibidez, euskaraz dakienak badaki (1) galderari ezin zaiola (2) gisa erantzun, (3) gisa baizik:

  • (1) Nori ekarri dio aitak gona gorria?
  • (2) Aitak amari gona gorria ekarri dio.
  • (3) a. Aitak amari ekarri dio gona gorria.
  • (3) b. Aitak gona gorria amari ekarri dio.
  • (3) c. Amari ekarri dio aitak gona gorria.
  • (4) d. Gona gorria amari ekarri dio aitak.

eta abar.

(2) perpausa gramatikaren aldetik akatsik gabea bada ere, desegokia da (1) galderari erantzuteko. Izan ere, hiztunak galdera hori egiten duenean, aldez aurretik zerbait jakintzat ematen du. Adibideko kasuan, jakintzat ematen den hori honako hau litzateke: Aitak norbaiti gona gorria ekarri dio. Galdera egitean, norbait hori identifikatzeko eskatzen du hiztunak. Solaskideak (2) erantzuten duenean, orduan ere zerbait ari da jakintzat ematen: Aitak amari zerbait ekarri dio. Eta, erantzutean, zerbait hori gona gorriarekin identifikatzen du. Beraz, nolabait esateko, solaskideen arteko sintonia falta da. Hortik dator (2)-ren desegokitasuna. Ostera, (3)-ko perpausak egokiak dira, denek galdegilearen aldez aurretiko jakintza errespetatzen baitute, hots: Aitak norbaiti ekarri dio gona gorria.

Gramatika-egitura eta mintzagai-egitura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpausaren azpian galdera baten erantzuna dagoela pentsatuz gero, perpaus horren osagai guztiek ez dute pisu bera. Bat da beti besteen gainetik nabarmentzen dena: galdegaia. Goiko perpaus horietan, galdegai desberdina ematen da: (2)-an gona gorria da; (3)-an, amari. Alde horretatik, hortaz, perpausek adiera desberdina dute, ordenaren arabera.

Horregatik, bi maila bereizten dira: batetik, gramatika-egitura dei dakiokeena; bestetik, mintzagai-egitura. Gramatika-egitura funtzioetan oinarritzen da, osagai bakoitzak duen gramatika-funtzioa hartzen da kontuan. Alde horretatik, ordena-aldaketak ez dakar inongo aldaketarik gramatika-egituran: osagaien funtzioa ez da horregatik aldatzen. Beraz, esan daiteke gramatika-egituran osagaiek ordena askea dutela. Baina mintzagai-egituran gauzak bestela dira. Han, hizketaldia zein egoeratan gertatzen den hartzen da kontuan, hiztunak zer-nolako aldez aurretiko jakintza edo usteak dituen, etab. Hain zuzen, han ordenak eragina du ematen den informazioan.

Mintzagai-egitura = mintzagaia + iruzkina

Mintzagaia «informazio ezaguna» dela esan ohi da. Hiztunak aldez aurretik jakintzat-edo ematen duena, zertaz hitz egiteko asmoa duen esaten duena, informazio berriaren inguramendua, testuingurua, zein den esaten duena.

Iruzkina, berriz, behin mintzagai hori ezarri ondoren egiten den iruzkina da, komentarioa. Han biltzen da informazio berria. Izan ere, hitz egitean, informazio zaharra eta berria biak nahasten ditu hiztunak. Mintzagaia, sarritan, solaskidearen arreta gai jakin baterantz zuzentzeko erabiltzen da. Gero, horren gainean esango da esan nahi den kontu berria.

Esaldi guztietan egin daiteke bereizketa hori, nahiz eta, batzuetan, mintzagaia ez den espresuki aipatzen:

  • Bihar esango dizut.

Hor dena informazio berria da, dena iruzkin, hortaz. Mintzagaia adierazi gabe geratzen da.

Mintzagai hanpatua deitzen dena ere bada, nolabaiteko kontrastea markatzeko erabiltzen dena. Sarritan, esaldiaren ezkerraldean kokatzen da, iruzkinaren aurrean, bien artean halako eten bat eginez, idatzian koma bidez aditzera ematen dena:

  • Bilbon, aita ibili zen. Elgetan, osaba (ibili zen).

Hor, bi perpaus daude, bakoitza bere mintzagaiarekin eta iruzkinarekin. Eta bietan, mintzagaiak kontrastean ematen dira, hanpaturik: Bilbon, alde batetik; Elgetan, bestetik.

Mintzagaia eta lokailuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mintzagaia markatzeko, maiz, lokailuak ezartzen dira: ere, behintzat, berriz (= aldiz, ez berriro), hala ere, etab. Hain zuzen, lokailuen lekua ere mintzagaiaren inguruan izaten da gehienetan. Izan ere, kokagune horretatik oso ongi bidera dezakete aurreko esaldiarekin behar den lotura. Sarritan, mintzagaia aurreko esalditik dator.

  • Gaztetan gehien hunkitu ninduen nobela Bill Newmanen Udazken latza izan zen. Nik ere(,) idazle izan nahi nuen.
  • Jonek ahots ederra zuen. Niri(,) behintzat, hala iruditzen zitzaidan.
  • Nik ipuinak atsegin ditut. Zuek, berriz, gorroto diezuela ez dut esango, baina hor nonbait.

Iruzkina informazio berritzat hartu ohi da. Sarritan, perpaus osoa izan daiteke informazio berria. Normalean, hala ere, predikatuaren inguruan biltzen da iruzkin edo informazio berri hori. Iruzkinaren barnean, galdegaia bereizten da. Galdegaia iruzkinaren barneko osagai hanpatua izango litzateke. Galdegaiak aditzarekin izan ohi du lotura. Horregatik, galdegaiaren eta adizkiaren artean ezin daiteke beste osagairik ezarri, ez eta lokailu edo aditzondorik ere. Galdegai izan ohi diren elementu tipikoak galde-hitzak dira.

Horregatik jartzen dira, hain zuzen, aditzaren aurre-aurrean. Baina gainerako osagaiak ere izan daitezke galdegai. Aditza bera ere izan daiteke. Orduan, mendebaldeko euskalkietan, adizki perifrastikoaren adizki nagusiari EGIN eransten zaio, eta hark hartzen du aspektu-marka:

  • etorri da → etorri egin da
  • etortzen da → etorri egiten da
  • etorriko da → etorri egingo da

Perpausaren baiezkotasuna bera ere izan daiteke galdegai, iruzkin hanpatua, alegia. Zenbait galderaren erantzunetan, adibidez, honelako galdegaiak izaten dira:

  • —Egin al duzu nik esandakoa? —Bai, garbitu dut gela.
  • —Nork apurtu duen ba al dakizu? —Bai, badakit.

Adibide horiek ongi erakusten dutenez, aditza trinkoa denean eta baiezkotasuna bada galdegaia, ba- elementua ezarri behar zaio adizkiari. Hori erakusten du azken adibideak. Aditza perifrastikoa denean, aditza bere horretan uzten da, nahiz eta doinuera hanpatua ematen zaion.

Ordena neutroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gramatika-egitura doa alde batetik, eta mintzagai-egitura, bestetik. Dena den, bien artean lotura dago. Bada, alde horretatik, ordena neutrotzat har daitekeena. Ordena neutro hori, solasak eskatzen dituen aldaketak direla medio, erabat alda daiteke eta, orduan, ordena markatua izango da: ordena desberdinak mintzagai eta iruzkin desberdinak daudela esan nahiko du. Pentsa liteke ordena normala izango dela goiko Aitak amari gona gorria ekarri dio perpausean jasotzen dena. Hots:

NORK - NORI - NOR - ADITZA

Eta izen predikatuko perpausetan, aditz kopulatiboa dutenetan alegia:

NOR - IZEN PREDIKATUA - ADITZA

Adibidez:

  • Gizon hori ikertzaile ospetsu bat da.
  • Atzoko jaia oso polita izan zen.

Gainerako inguratzaileak, ordena neutroan, hor tartekatuta egon daitezke, edo perpausaren azken muturrean kokatuta. Nolanahi ere, subjektua hasieran joan ohi da eta aditza, bukaeran, aurre-aurrean objektua daramala.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Perpaus. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]