Perpaus osagarri izenlagun
Perpaus osagarri izenlaguna edo perpaus konpletibo izenaren osagarria izenari lotuta dagoen perpaus konpletiboa da, izena osatzeko eginkizuna duena.
Osagarritzat perpausak hartzen dituztenak ez dira aditzak bakarrik. Zenbait izenekin ere aurkitu daitezke egiazki konpletiboak diren perpausak: USTE, IDEIA, KONTU, PROPOSAMEN, eta antzeko izenek, delako uste, ideia, kontua edo proposamenaren edukia zein den aditzera ematen duen osagarria izan dezakete. Alegia, «denok berandu etorriko garela» baldin bada norbaiten ustea, honako honen antzeko zerbait esan daiteke:
- Denok berandu etorriko garelako ustea ez da txorakeria.
Eta modu berean:
- a. Gizaki guztiak legearen aurrean berdinak garelako ideia ez da oraindik egiazki gauzatu.
- b. Berrogeita hamar urtetik gorako guztiak jubilatuko dituztelako zurrumurrua zabaldu zen.
Izenaren osagarri diren perpaus horiek eskatzen duten atzizkia -ELAKO nahiz -EN da:
- Bihar oporrak hartzen dituelako kontu horrekin, aztoratuta dabil idazkaria.
- (= Bihar oporrak hartzen dituen kontu horrekin, aztoratuta dabil idazkaria.)
- Neskamea lapurretan ari zaion susmoa aspalditik du Jonek.
- (= Neskamea lapurretan ari zaiolako susmoa aspalditik du Jonek.)
Horrelakoen egitura gainerako konpletiboenaren parekoa da. Diferentzia bakarra dago: hauek izen baten mende doaz, eta besteak, berriz, aditz bati edo predikatu bati loturik.
-ELAKOAN
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atzizki-sail bat dago hemen: goiko -ELAKO horri -AN itsatsi zaio. -AN hori inesiboaren marka besterik ez da. Horrenbestez, pentsatzekoa da -ELAKO izenaren osagarri denez eta, horrenbestez, izen-sintagma bati itsatsia doanez, -ELAKOAN ere inesiboan doan postposizio-sintagma bat dela. Esanahiak ere horretara darama, honako perpaus hauek dituzten parafrasiek ongi erakusten duten bezala:
- a. Nahiko diru nuelakoan, denda hartara sartu nintzen. (= nahiko diru nuelako ustean, …)
- b. Bazkaltzera etorriko zinelakoan, plater bat gehiago jarri genuen. (= bazkaltzera etorriko zinelako ustean, …)
Horrelakoetan «… elako ustean» edo «… ela uste izanik» parafrasien bidez gauza bera adieraz daitekeenez, bidezko dirudi pentsatzea izena isilarazia duen izen-sintagma bat dela, izen-sintagma horrek inesiboaren marka duela.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.