Pipaongo Etnografia Museoa
- Artikulu hau Pipaongo Etnografia Museoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Pipaon (argipena)».
Pipaongo Etnografia Museoa Pipaonen (Araba) kokaturiko Etnografia museoa da. Museoaren helburua bisitaria XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasierako bizimoduetara hurbiltzea da.
Eraikina eta edukia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pipaongo Etnografia Museoa herriko etxe zahar batean dago. Etxe hau, jatorriz, Ruiz de Samaniegorena izan zen, bere aurrealdeko armarriak erakusten duen bezala.
Etxe hori hiru solairuko eraikina da, eta horietako bakoitzean gai zehatz bat lantzen da, Arabako Mendialdeko herrietako bizimodu zaharrak berreraikitzeko.
- Beheko solairuan -ukuilu ohietan- herriko historia eta lanari buruzko gaiak garatzen dira, oroimenean dauden bizimoduak adierazten dituzten tresna eta lanabesekin.
- Lehen solairuan (jatorrizko egitura eta banaketa mantenduta) etxeko eta eguneroko bizitzako atalak biltzen dira, baita garaiko jantzi tipikoak ere.
- Goiko solairuan gizarte hartan hain garrantzitsuak ziren ohiturak islatzen dira (joko-jolasak, jaiak eta erritoak).
Museotik kalera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestalde, bizimodu zaharra urtero-urtero berpizten da, abuztuko azken larunbatean, Pipaongo jendeak beren arbasoen ohiturak gogoratzeko aukeratu duen egunean. Herriak museoa kalera ateratzen du; guztiek, antzinako erara jantzita, arbasoen eguneroko zereginak errepikatzen dituzte, modurik jatorrizkoenean. Zelaietan eta herriko kaleetan eultzitzen da, ikatza egiten da, ogia oratu eta egosten da, zapatilak josten dira, arropa garbitzen da, antzinako erara egindako xaboia erabilita, odolkiak eta txorizoak egiten dira, aspaldiko erara dantzatzen da eta XIX. mendeko bizitzaren beste alde asko egoten dira ikusgai.
Egun horretan, museoa ez da bakarrik garai zaharrak gogoratzeko leku itxia: herriko ohituren adierazpen bizia ere bihurtzen da.