Postposizio
Postposizioa deklinabideko atzizki batzuen funtzio bertsua betetzen duen hitz askea da.
Postposizio askeak eta atzizki-postposizioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste hizkuntza batzuetan, gaztelaniaz edo frantsesez esaterako, preposizioak dituzten bezala, euskaraz postposizioak daude. Postposizioak, atzizki diren aldetik, izen-sintagmari itsasten zaizkionean, zenbait hots-aldaketa gertatzen dira. Hain zuzen, hots-batze horiek direla medio, euskal gramatiketan deklinabideaz hitz egiten da. Hala, zenbait postposizio eta kasu-marka hartzen dira, eta paradigma egokietan aurkezten.
Zenbait postposiziok beste postposizio haien zeregin bera betetzen dute, baina ez dira deklinabide-paradigmetan sartzen. Gainera, maiz, postposizio direlako horiek jadanik deklinabide-tauletan jaso diren postposizio-sintagmak eta izen-sintagmak hartzen dituzte osagarritzat, hots, postposizio-sintagma edo izen-sintagma horiei itsasten zaizkie.
Zein da postposizio horien eta deklinabidean sarrarazi diren postposizio-sintagmetan agertzen direnen arteko diferentzia? Bat, funtsean: oraingo postposizio horiek forma askeak dira, hitz solteak. Normalean, gainera, jatorriz izenak edo bestelako gramatika-kategoriako elementuak dira, gramatika-erlazioak adierazteko erabiltzen direnak. Hortaz, bi postposizio-klase bereizi behar dira:
- batetik, atzizki-postposizioak alde, eta
- bestetik, postposizio askeak.
Bereizketa formal hutsa da, beraz.
Postposizioak eta ohiko izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arreta pixka batekin begiratuz gero, berehala ikusten da postposizio aske gehienak, berez, izenak direla, edo aditzondoak: buru, antz, alde, arte, bitarte, uste, iritzi etab. izenak dira, dudarik gabe. Hala ere, postposizioen sailean sartzen dira, tresna gramatikal gisa jokatzen baitute. Dena den, ohiko izenen eta postposizio direnen artean bada alde funtsezko bat: izen arruntek adjektiboak onartzen dituzte edo mugatzaile gisa erakusleak onartzen dituzte. Postposizio-lanetan ari direnek, ordea, zailtasunak dituzte horretarako:
- Hiztegiaren aldetik, oso ongi dago / ??Hiztegiaren alde honetatik, oso ongi dago.
- Zure antzean dabil hori ere / ??Zure antz handian dabil hori ere.
Bestalde, gauza jakina da izen-sintagma batean izenlagun bat dagoenean izen-sintagma hori mugatua izan ohi dela:
- Autoz etorri da.
baina
- Aitaren autoaz etorri da / Aitaren autoan etorri da.
Horrenbestez, nola esplika postposizio direlako horiek sarritan –batez ere instrumentalean (-z atzizkiarekin) doazenean– mugagabeak izan beharra? Postposizio direlako, hain zuzen. Postposizio direla onartuz gero, oso ongi eman daiteke kontu horrexen berri: ustez, iritziz, alde, truke, etab. nolabaiteko adberbioak izango dira, dauden-daudenean (mugagabean, alegia) postposizio-lanetan ari direnak. Horrenbestez, sintagma osoak postposizio-sintagmatzat har daitezke.
Beste hizkuntza batzuetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Turkierak ez du preposiziorik, sei kasuko deklinabidea eta postposizio ugari baizik. adibidez, Kızlar denize doğru koșuyordu «Neskak itsasorantz korrika zihoazen» (Kiz.lar deniz.e doğru koș.uyor.du = Neska.ak itsaso-ra rantz korrika.joaniragana).
Japonierak ere postposizioak darabiltza, preposizioen ordez: Tōkyō kara (東京から, «Tokyotik»), Kyōto made (京都まで, «Kyotoraino»).
Hungarieraz, aditzaren osagaiak atzizkiekin, postposizioekin edo biekin adierazten dira.
Adibidez:
- Osagaia + postposizioa: Három nap múlva jövök haza (Hiru egun "Hiru egun barru etxeratuko naiz", hau da, Hiru egun barru nator etxe.ra).
- Atzizkiaren eta postposizioaren osagarria: Imrén kívül senki sem volt pontos ("Imre gorabehera, inor ez zen garaiz", hots, Imre.ren salbu, inor ez zen zehatz).
Postposizio batzuek atzizki pertsonalak jaso ditzakete, euskarazko posesiboen baliokideak. Horrela, zehar objektua eta aditz-lagunak osatzen dira.
Adibidez:
- János nélkül nem megyünk, ő se megy nélkülünk ("Ez goaz János gabe, eta bera ere ez da gu gabe joanen", "gabe"ri dagokion postposizioa bigarren aldiz agertzen da -ünk atzizkiarekin: horrela eratutako hitzak "gu gabe" esan nahi du.
Zenbait hizkuntzatan, postposizioak nagusi dira, baina preposizioak ere dituzte, hala nola, finlandiera:
Ne odottaa kirkon edessä ("Elizaren aurrean zain daude": Zain daude eliza.ren aurrean). Hizkuntza horretan ere, osagarriak postposizioekin adierazten dira, atzizki pertsonalekin:
He seisoivat edelleen edessäni ("Nire aurrean oraindik zutik zeuden": Zutik zeuden oraindik aurrean.ni).
Preposizioetarako joera duten hizkuntzetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indoeuropar hizkuntza gehienek preposizioak erabiltzeko joera duten arren, batzuek oraindik postposizioak ere dituzte. Adibidez:
- latin klasikoa:
- postposizio tonikoa, izenetik bereiz: mortis causa, “heriotza dela eta”
- postposizio atonoa, izenari lotua: nobiscum “gurekin”, vobiscum “zuekin”,
- ingelesa: ten years ago ("duela hamar urte"), ten years hence ("hamar urte barne"), ten miles away "([hemendik] hamar miliara"),
- alemana: den Fluss entlang ("ibaiaren ondoan —ibaiaren luzeran zehar—"), baina preposizio gisa ere erabil daiteke: entlang des Flusses,
- frantsesa: dix ans avant, dix ans auparavant ("hamar urte lehenago"), dix ans après ("handik hamar urtera, hamar urte geroago"),
- gaztelania: diez años antes, diez años atrás ("hamar urte lehenago"), diez años después ("handik hamar urtera"),
- portugesa: dez anos antes ("hamar urte lehenago"), dez anos depois ("handik hamar urtera"),
Postposizioen zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondorengo zerrendan, lehen zutabean postposizioak ageri dira; bigarrenean, postposizioaren ezkerreko atalak zer nolako kasu-marka edo postposizioa izan behar duen adierazten da; eta hirugarrenean, adibide batzuk jarri dira:

Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.