San Joan Bataiatzailearen eliza (Aulesti)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
San Joan Bataiatzaile eliza
Logotipo del Gobierno Vasco.svg Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Aulestiko eliza.jpg
Elizaren barrualdeaCommons-logo.svg Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Bizkaia
Herria Aulesti
Koordenatuak 43° 17′ 49″ N, 2° 33′ 45″ W / 43.29684°N,2.56248°W / 43.29684; -2.56248Koordenatuak: 43° 17′ 49″ N, 2° 33′ 45″ W / 43.29684°N,2.56248°W / 43.29684; -2.56248
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVI. mendea
Izenaren jatorria Joan Bataiatzailea
Erlijioa katolizismoa
Izena Joan Bataiatzailea
Arkitektura
Estiloa pizkundetar arkitektura
Arkitektura barrokoa
Ondarea
EJren ondarea 1

San Joan Bataiatzaile Aulestin dagoen eliza da.

2002ko abuztuaren 30ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizak oinplano angeluzuzena du eta garaiera berdintsuko hiru nabe ditu, lau ataletan eta burualdean banatuta. Nabe zentrala albo-nabeak baino handiagoa da. Nabe zentralak hiru hormazaleko gurutzeri oktogonala du eta albo-nabeek erremate zuzena dute. Barruan, hainbat motatako gurutzeri gotikoko hamabi gonga daude, tertzelete dekoratuekin, eta horiei eusteko Errenazimendu garaiko sei zutabe zentral lodi eta barrokoko mentsulak alboetako hormetan.

Kanpoaldeak bolumen prismatiko sinplea du, angeluzuzen eta trinkoa, kareharrizko kutxatzar bat balitz bezala, eta irudi geometriko nagusiarekin elkartzen diren bi gorputz ditu: lehenengoa dorreak osatzen du, eta gorputz nagusiari kontrajartzen zaio bere izaera bertikalarekin, eta bigarrena burualdeak osatzen du. Bolumena murarioa eta soila da, moldura ahur eta ganbilezko erlaitzez koroatua, uniforme eta jarraia tenplu guztian zehar. Estalkia lau isurialdekoa da zeramikazko teila kurbatuak ditu eta malda gutxiko hegal triangeluarra.

San Joan Bataiatzailearen elizaren fatxada ipar-mendebalderantz dago, Aulestiko plazaren gainean, eta beraz, bere kokalekuaren eta bolumenaren ondorioz argi ikusten da. Fatxada harlanduzko hormatal itsua da, kareharriz egina. Dorrea fatxadara itsatsita dago lehen plano batean, eta dorrea nabe zentralarekin ardatzean dago tenpluaren oinetan.

Dorrea gorputz prismatiko bertikala da, oinplanta apur bat angeluzuzenekoa, bi gorputz ditu, lau atal eta harlanduzko lana. Moldura baten bidez bereizitako bi gorputz nagusitan banatzen da. Eta moldura hori elizako erlaitzaren jarraipen bat baino ez da. Gorputz horietako bakoitza xafla leunek mugatutako bi ataletan banatzen da. Lehen atala altuagoa da eta hiru bao handi ditu edo xafla leunezko moldura baten gaineko nazelazko erroskaz eginiko pasabide apuntatuak. Gaur egun hegoaldekoa itxita dago. Bigarren atalean erdi-puntuko bi bao txiki daude, bat mendebalderantz eta bestea hegoalderantz. Hirugarren atalean erdi-puntuko baoak daude hiru orientaziotan, zati batean itxita. Laugarren atala edo goiko pisua kanpandorrea da, orientazio guztietan ditu baoak, eta plazara begira daudenak bikoitzak dira. Azken errematean ere erlaitza molduratuta dago, eta bere gainean lau isurialdeko teilatua dago zurkaiztuta.

Elizarako sarrera dorrearen oinarriko ataritik zentratuta egiten da. Sarrerako baoa erdi-puntukoa da, dobelak ditu haizemaile moduan, eta salmeren altueraraino iristen diren bi xafla leunek definitutako janbak ditu. Zortzi puntako izarren formako bederatzi klabeko tertzeleteen gurutzeria bidez gangaz estaltzen da ataria; errosetak, nerbioak eta txokorako mentsulak eliza barrukoen antzekoak dira.

Hego-mendebaldeko fatxada luzetarakoa da eta jatorrizko konposaketaren osagai disonante moduan eragiten duen eta fatxadaren beheko zatia ezkutatzen duen itsatsitako eraikin zabal batek baldintzatzen du. Itsatsitako eraikinak egoitzak eta apaizetxeak dira, eta sakristia bera ere elizari itsatsita dago bere hegoaldeko angeluan. Fatxadako planoa leuna da, angeluzuzena, kareharrizko harlanduzkoa eta lau atal berdinetan banatzen duen hiru kontrahorma ditu. Atal bakoitzaren erdian, altuera handian eta maila berean, leiho angeluzuzen bat dago, dintelduna, inolako apaingarririk gabe eta barruan apur bat txarabeldua. Itsatsitako etxebizitzek okulo bat eta aldameneko ate bat ezkutatzen dituzte.

Hego-ekialdeko fatxada kareharrizko harlanduzko hormazal bat da. Bertatik, nabe zentralaren luzapen gisa eta erlaitzaren altuera berarekin, ertzetan harlanduzko kontrahormak dituen hiru hormazaleko abside poligonala ateratzen da. Bi kontrahormen artean, otxaboaren erdiko hormatalean, erdi-puntuko alabastrozko leiho bat dago. Sakristia gorputz baxuagoa da, eta burualdeari albotik itsasten zaio bere hegoaldetik.

Ipar-ekialdeko fatxadan hego-mendebaldekoaren eskemak errepikatzen dira eta kontrahormen bertikaltasuna areagotu egiten da, itsatsitako osagairik ez baitago. Kareharrizko harlanduzko hormak dira, basamentudunak, apaingarririk gabe, soilagoak, eta beste luzetarako fatxadak ez bezala leihorik gabeko hormak. Bigarren atalean, kontrahormen artean, hiru moldura ahurren bidez egindako okulo bat dago. Kontrahormen oinplantak angeluzuzenak dira, zokaloa hormarenaren antzekoa da eta mailakatutako ezponda bidez koroatzen da.

San Juan eliza, Aulesti.jpg

Eliza barruko espazioa erregularra da, homogeneoa, eta bere bolumetriak espazio bakarra itxuratzen du, hierarkiarik gabea, eta espazio ordezkatzailerik gabea. Barnealde guztiak altuera berbera du, eta esparru horretan eliza-areto edo zutabe-multzo itxura hartzen du, bereziki bateratua. Lau atalek luzera bera dute; nabe zentralaren zabalera alboetakoenen ia bikoitza da eta bai burualdeak zein nabeek antzeko altuera dute. Gotikoko gangak izar formakoak dira, tertzeletedun gurutzeria eta lotura zuzenetan oinarrituak, eta kapera bakoitzean bost klabe dituzte. Klabe guztietan erroseta ahur berberak daude, kukulu begetal bat duen batean izan ezik.

Hiru nabeak definitzen dituzten euskarri zentralak exentuak eta homogeneoak dira. Ageriko harlanduzko sei zutabe zilindriko dira, toskanar ordenakoak eta entasi dezente dituztenak. Beheratutako arkuen nerbioak eta gangak sortzen dituzten arkuak biltzen dituzten kapitelen abakoa zutabe horien gainean dago. Bere harroinak bi mailatako plinto karratuen gainean daude. Hormen oinetan, zutabe lerroen ardatzen gainean, arku fajoi eta formeroen euskarriak baso-mentsula ganbilak dira, bolutetan zurkaiztuak. Eskuaira moduan jarritako txokorako altzarietan ere euskarri sistema bera agertzen da.

Koruak oinen atalaren erdia eta elizaren zabalera guztia hartzen du. Hiru kale ditu, hiru arkuren gainean, erdi-puntuko alboak eta zentrala eskartzanoa, bertan dauden hiru nabeen ondorioz. Arkuen hariak fajoien eta formeroen moldura eta jangune berdinen bidez daude apainduta eta beheratutako zutabeetan biltzen dira. Koruak altuera txikiko leku bat eratzen du elizaren sarreran, eta izar sistema duten ganga gotiko oso leunak ditu, konplexuagoa epistolaren nabean. Horiek sortzen dituzten arkuak ere elizako gainerakoen tipologia berekoak dira.

Barruko argitasuna hego-mendebaldeko fatxadako pixka bat txarabeldutako dinteldutako baoen bidez lortzen da, arku fajoiak biltzen dituzten mentsulen parean. Bao guztiak beirateen bidez itxita daude eta egurrezko guardamailetak dituzte gortinentzat. Barruko hormak luzitutako harri-hormak dira. Estaldurako gangak ere luzituta daude. Lurra harlauzaz estalita dago elizaren perimetroan, azken atalean eta elizaren lehen herenean; gainerakoa, egurrezko zoladura da. Sei kapera egin dira, hiru elizaren albo bakoitzean, elizaren horma zulatuz. Eliza osoa altzari liturgiko ugari eta aberatsen bidez apainduta dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa