Edukira joan

Sarriatik Portomarinera (Donejakue bidea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
La Compostela diploma.

Konpostelako Erromesaren Bulegoaren estatistiken arabera, 2019an Bulegoan erromesaldiaren egiaztagiria aurkeztu eta “La Compostela” diploma jasotzera 347.578 erromes agertu ziren, % 51 emakumeak eta % 49 gizonak. Horietatik, 189.937 pertsona iritsi ziren Frantses Bidetik, hau da, % 54,6a. Eta Sarrian 96.124 erromes hasi zuten erromesaldia, guztizkoaren % 27,66 eta Frantses Bidekoaren %50,6.[1]

Konpostelako Bulegoak “La Compostela” diploma soilik azken 100 kilometroak oinez egin dituzten erromesei ematen die (edo 200 km. bizikletan). Sarriatik 114,2 km. daudenez, Donejakueren Frantses Bideko hasierako puntu erabiliena da, alde handiz.[2]

Erromesak.

Donejakueren Frantses Bideko hogeita zortzigarren etapa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etapa interesgarria da eta aipatu beharreko zailtasunik gabea, malda ugari baina neurrizkoak direlako. Galizia landatarrean zehar egingo dugu aurrera, zelai eta harizti zein gaztainondoz betetako basoen artean, hainbait herrixka zeharkatuz. Erdi Aroko Portomarín herria 1963an desagertu zen Belesarko urtegiaren urpean, baina herri modernora eraman ziren balio historiko handieneko eraikinak.[3]

Sarriatik Portomarinera: 22,55 km.

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kale Nagusitik irten eta pista asfaltatu bat hartuko dugu beherantz, Barbadelorako norabidean, Magdalena monasterioaren ondotik igaroz. Pequeno ibaia zeharkatuko dugu Ponte Aspera Erdi Aroko zubitik. Gero, Lugo-Monforte errepideko biaduktuaren azpitik pasa, eta igoera eder bati ekingo diogu, haritz ikusgarrien artetik, Vileiraino ailegatu arte.

Magdalena monasterioaren klaustroa.

3,6. Vilei (Barbadelo). Norabide bereko pistan jarraituz, Barbadeloko Santiago eliza ondotik igaroko gara, eta O Mosteiro, Rente eta A Serra herrixkak gurutzatuko ditugu. Ondoren, Martzango Errotaren sarreraren parera iritsiko gara. Eskuinera doan beste lur-pista batetik jarraituz, C-535 errepidea gurutzatuko dugu, eta A Pena (Belante) igaro ondoren, pista beretik Peruscalloraino iritsiko gara.[4]

9,1. Peruscallo. Herrixka zeharkatuko dugu, Cortiñasera iristeko.Gero Brea eta Morgade pasatuz, Ferreirosera iritsiko gara. Han, 100. kilometroaren mugarriaren ondotik igaroko gara: Konpostelara iristeko falta zaigun distantzia da. Mirallosen eta A Pena (Paradela) igaro ondoren, herriko errepidearekiko paralelo jarraituko dugu, As Rozasera iritsi arte.

14,8. As Rozas. Ateratzean, errepide ondoko lurrezko bide bat hartu, Moimentos, Mercadoiro eta A Parrochatik pasa, eta Loioko monasterioaren eliza erromanikoaren aztarnetatik igaroko gara, Vilachára iristeko.

19,8. Vilachá. Irteeran LU-613 errepidera jaisten den bidea hartuko dugu, ezkerretik jarraituz Belesarko urtegia zubi luze batetik zeharkatzeko. Amaieran, Erdi Aroko zubi zaharreko eskailerak igo, eta Elurretako Amaren kaperaren azpitik pasa ondoren, Portomarinera iritsiko gara.[5]

22,55. Portomarín.

Belesar urtegi gaineko zubia.

Erdi Aroko Portomarín hiria Belesarko urtegiaren azpian 1963an desagertu zen. Harriz harri, herri modernora eraman ziren balio historiko handieneko eraikinak, hala nola, San Nikolas eliza sendoa, eskailera eta Elurretako Amaren kapera.[4]

Erabiliena Xuntarena den “Portomaringo erromesen aterpetxea” da, herriaren erdian. Bertan 80 lagun sartzen dira sei logela partekatutan. Gidetako beste aterpetxe batzuk honakoak dira: Ferramenteiro aterpetxea, eta El Caminante, Porto Santiago, Manuel, Utreia, Novo Porto eta Folgueira ostatu-aterpetxeak.[6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Informe estadístico año 2019. Oficina de acogida al peregrino. Catedral de Santiago..
  2. (Gaztelaniaz) La credencial y La Compostela. Oficina de acogida al peregrino. Catedral de Santiago..
  3. (Gaztelaniaz) Pombo Rodriguez, Anton. (2019). El Camino de Santiago en tu mochilla. Camino francés. Anaya Touring ISBN 9788491580997..
  4. a b (Gaztelaniaz) Baz Uriarte, Edurne. (2018). Camino de Santiago de cerca. Planeta, Barcelona ISBN 9788408194538..
  5. (Gaztelaniaz) Contreras Gil, Francisco. (2021). Guía mágica del Camino de Santiago. Luciérnaga ISBN 9788418015571..
  6. (Gaztelaniaz) Mencos Arraiza, Carlos. (2018). Cien cosas que hay que saber del Camino de Santiago. Lectio ISBN 9788416918393..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]