Suteen aurkako babesa
Eraikinak suaren aurka babesteko hartzen diren neurri multzoei suteen aurkako babesak deritze.
Helburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orokorrean, hiru helburu dituzte:
- Biziak salbatzea.
- Suak eragiten dituen galera ekonomikoak gutxitzea.
- Eraikineko jarduerei ahalik eta denbora gutxienean berrekitea lortzea.
Giza bizitzak salbatzea da estatu gehienen araudiaren helburu bakarra; beste biak, berriz, aseguru-polizek inposatzen dituzte; zenbat eta baliabide egokiagoak eduki, asegurua merkeagoa izango da.
Suteen aurkako oinarrizko neurriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Suteen aurkako oinarrizko neurriak bi multzotan sailkatu daitezke:
- Neurri pasiboak: proiektuan edo eraikinaren eraikuntzan eragina duten neurriak dira. Alde batetik, sute baten kasuan erabiltzaileen irteera ahalbidetzen dutenak, zabaltasun egokiko bideak (eskailerak eta korridoreak) ezarriz. Bestetik, sutearen hedatze-abiadura murriztu edo beste eremu batzuk kaltetzea ekiditen dutenak.
- Neurri aktiboak: suteak itzaltzeko instalazioak dira.
Neurri pasiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erabiltzaileak eraikinetik era azkar eta erraz batean ateratzea lortzeko, araudi guztiek korridoreen zabalera minimoa, ebakuazio-eskailera eta -ateak, eremu seguru batera joateko ibilbideen distantzia maximoak eta eraikuntza-xedapenak (ateen irekiera irteeraren zentzuan) finkatzen dituzte. Babestutako ebakuazio-ibilbideak ere ezartzen dira; zorua, horma eta sabaia sutearen aurka babestuak egoteaz aparte, material erregaitzez apainduta egon behar dute. Xedapenak finkatzen du, eskailera-atal bakoitzak gutxienez 3 maila izan behar dituela erorketak ekiditeko helburuaz.
Suaren hedatzea atzeratzeko, finkatutako tamaina maximoko sute-sektoreak ezartzen dira, sutearekiko erresistentzia jakina duten horma, sabai, zoru eta ateen bitartez banatuak. Ebakuazioan, sektore batetik bestera pasatzeak eremu seguruagora heltzea du helburu. Eraikin orok, bere osotasunean, sektore bat izan behar du, sua ondoko etxeetara pasatzea ekiditeko.
Neronek, sutearen ostean eta gero Roma berreraikitzerakoan, etxeen mehelinak harrizkoak izatera behartu zuen, beste ezbehar bat gerta ez zedin. Hori da, hain zuzen, sute-sektoreei buruz daukagun lehenengo aipamena.
Neurri aktiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat motakoak daude:
Detekzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Detekzio automatikoen (ke, sugar edo beroa) edo eskuzkoen (sute baten kasuan edozeinek jo ditzakeen txirrinak) bitartez.
Alerta eta seinalizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erabiltzaileei megafonia eta txirrinen bidez ohartarazten zaie, eta ebakuazio ibilbideak kartel berdeen (batzuetan argiztatuak) bitartez seinalizatzen dira. Haragi koloreko kartelek ebakuazio-irteerak ez direnak adierazten dituzte. Gutxieneko argiztapen-sistema bat egon behar da, bateria bidez elikatuta, ohiko argiztapen-sarea huts egitekotan irteerara gidatuko duena.
Alertazko sistema automatikoek suhiltzaileak metodo elektronikoen bidez ohartarazteko ardura dute. Beste kasuetan aldiz, pertsona batek deitu beharko du.
Itzaltzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Su-itzalgailuek, eta hoditeria eta biltegi bidezko itzalgailuek (suteetako ur-hargunea, hidranteak, ihinztagailuak) garraiatzen duten materialaren (ura, hautsa, aparra, elur karbonikoa) bitartez. Eskuz edo automatikoki funtzionatu dezakete.
Eskaileren presurizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestalde, eraikin ertain edota handietan ohikoa da eskailera-kutxaren presurizazioa aplikatzea, bertan presio estatiko altuagoa mantentzeko korridoreekin konparatuta. Metodo hau beharrezkoa da tenperatura altuetako keak ebakuazio-eskaileretara sartu ez daitezen, baita haizebide efektua galarazteko ere. Azken hau keen dentsitate baxuak sortzen du eta sutearen hedapena azkartzen du.
Presurizazio-metodoa haizagailu industrialen bidez egiten da; mugimendu axialarekin eraikinaren behealdetik, goialdean dagoen arnasbiderainoko zirkulazioa ahalbidetzen du. Esan beharra dago metodo honek funtzionatzeko beharrezkoa dela suhesi-ateak itxita egotea.
Araudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialde bakoitzak babes-elementuak arautzen dituzten araudi propioak ditu, bai pasiboak, bait aktiboak. Batzuetan, gobernu lokalek arau gehigarriak ezartzen dituzte, araudi nazionalak bertako baldintzetara egokitzeko.
Espainian, etxebizitza, komertzio eta administrazioetarako, Eraikuntzako Kode Teknikoaren barnean dagoen “Documento Basico de Seguridad en caso de Incendio (DB SI)” aplikatzen da, eta “Suteen Aurkako babeserako Legedia Eraikin Industrialetan” industria eremuetan. DB SI agertu aurretik “Eraikuntzaren Arau Basikoa- Suteen aurkako Babesen baldintzak (NBE-CPI-96)” zegoen indarrean, eta 2006ko irailaren 29an indargabetu zen.
Mexikon, NOM-002-STPS-2010 “Prevencion y proteccion contra incendios en los centros de trabajo” dago indarrean, eta bere aplikazioa derrigorrezkoa da lurralde osoan. Suteari modu egokian erantzuteko prestakuntza eta sutea galarazteko lan-eremuan egon beharreko baldintza minimoak xedatzen ditu. Araudi hau 2011. urtean sartu zen indarrean.