TU-K
|
|
Artikulu hau ez dator bat formatu hitzarmenekin. |
| Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Tu-k taldea Ondarroan sortu zen, 1980ko hamarkadaren erdialdean, Itoiz, Talking Heads, Echo & The Bunnymen edo Bauhaus bezalako taldeen eraginarekin. Tu-k bandaren izen bitxia erritmo kaxen soinu batetik hartuta omen dago ("tu, tu, tu, tu-ka.."). Hasieran, Josu Aranbarri (baxua), Ander Ibarloza (tronpeta) eta Txomin Uribe (erritmo kaxa eta kitarra) hirukote bezala aritu ziren arren. "Zuzenekoetan beltzez jantzita agertzen ginen Josu eta biok". Geroago, kide berriak batu zituzten taldera, Bernar Ituarte (kitarra) edota Justo Urkiri (teklista). 1987. urteko maiatzean, lehen kontzertua eskeini zuten eta, urtearen bukaerarako, maketatxo bat prest zuten, "Existentzia" (1987). Maketa horretan sei kanta hauek bildu zituzten: "The sun lies down, "Azken?", "Norbait", "Existentzia garden batek", "Pornografiaz" eta "Beste uri bat besterik". Josuk idatzitako "Azken?" izan ezik, beste letra guztiak Kirmen Uribe poeta gaztearen obra ziren. Maketa horrekin "I. Villa de Bilbao (1988)" lehiaketan euskal talde onena izan ziren. 1989. urtean, bigarren maketa agertu zen, "Beltza" (1989). Lau kantu berriak lasaiagoak ziren, ilunagoak, pop musikaren esparrutik, rockerantz bideratuz, taldearen soinua gogortuz. 1990. urtean, Tu-k taldeak kontzertu pila eman zituen, batez ere, Gipuzkoa eta Bizkaia aldean. Zuzeneko horietan distortziorantz jo zuten, martxa gehiago eskeintzeko zaletuei. Jada, kantu poperoenak ez zituzten jotzen. Garai hartan, helburu nagusia baterijole finko bat lortzea zen, disko bat kaleratzeko asmoz. Ez zuten maketa gehiago grabatu nahi, mini LP edo maxi single bat nahiago baitzuten. Azkenean, hainbat disko-etxerekin hitz egin ondoren, Elkar zigiluarekin sinatu zuten. 1991n, Piztiak izen berria aukeratu, "Beltza" kantu zaharra berreskuratu eta "Huts nazazu" EPa (1991) Elkar argitaletxearekin kaleratu zuten.