Txantiloi:2010-21 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Zaborren berreskurapen informala edo besterik gabe zaborretan ibiltzea kaleko zaborrontzi eta zabortegietan lehengai birziklagarriak (metalak, papera, kartoia, ...) eta aprobetxagarriak diren bestelako produktuak (altzariak, arropak, ...) jasotzeko jarduera ekonomiko informalari deritzo, zirkuitu ofizial eta legezkoetatik at. Gehienetan, baliabide eskasak dituzten pertsonek egiten duten jarduera da, gai eta produktu horiek salduz diru-sarrera osagarriak lortu asmoz. Herri pobreetan, ordea, zaborraren berreskurapena jende askoren jarduera ekonomiko nagusia da. Dena den, gizarte-arazo larriak ekartzen dituen jarduera ere bada: hirugarren munduan haurrak eta emakumezkoak dira gehiengoz lan hauetan aritzen direnak osasun eta hezkuntza egoera larriak sortuz, eta zabor-miatzaileek zailtasunak izaten dituzte euren jarduera utzi eta egoera sozioekonomikoa gainditzeko. Orobat eta lehenengo munduan batik bat, zaletasunez egin daitekeen jarduera da (arrazoi ekologistengatik, artistek euren lanetarako gaiak eskuratu nahian edo besterik gabe zaborretan utzitako produktu erabilgarriak eskuratzeko). Beste kasu batzuetan, ordea, modu konpulsibo eta kontrolaezinean egiten denean, etxean baliorik gabeko gaiak pilatuz, patologia baten sintoma izan daiteke, Diogenes sindromea esaterako. Kasu guztietan ordea, zaborren berreskurapenaren balioa esaera honetan bil daiteke: Pertsona baten zaborra, beste baten altxorra.