Txantiloi:2010-43 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Poliziaren gehiegikeria terminoak poliziak pertsonen aurka burututako jokaera okerrak biltzen ditu, giza eskubideen aurka, hala nola neurrigabeko indarkeria fisikoa (hilketaraino iritsiz, kasu batzuetan), mehatxuak, irainak, gehiegizko zela eta arrazoirik gabeko atxiloketak, poliziak duen agintaritzaz baliatuta. Noiznahi gerta badaiteke ere, poliziaren gehiegikeriak nabarmenak izan dira errepresio politikoan, botere politikoaren onarpenaz askotan, gizarte-gutxiengoetan eta beheko gizarte-klaseetan. Emakumeak ere poliziaren gehiegikeriaren biktimak izaten dira, askotan sexu-erasoak ere pairatuz. Polizien antzera presondegietako funtzionariek egiten dituzten gehiegikeriak ere salatzen dira. Zuzenbide anitzetan poliziaren gehiegikeriak poliziaren kriminaltasunaren baitan sartzen badira ere, pertsonen aurkako gehiegikeria kasuak salatu eta justiziaz ebazteko zailtasunak eta oztopoak ere agerikoak izaten dira herrialde askotan, bai poliziaren beraren aldetik bai justiziagintzaren aldetik. Gizartean ere jarrera politiko zenbait bereizten da gai honen inguruan, poliziaren lana printzipioz erabat aldeztu eta poliziarekiko konfiantza osoa dutenak alde batetik, eta polizia zorrotzago kontrolatu behar dela baieztatzen dutenak bestetik. Poliziaren gehiegikeriek poliziaren aurkako jarrera ere sortu dute gizarteko sektore zenbaitetan.