Txantiloi:2012-43 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

1955 urtetik 1968 urtera bitartean gauzaturiko afroamerikarren eskubide zibilen aldeko mugimendua Estatu Batuetan izandako gizarte mugimendu eraldatzaile zenbaiten multzoa izan zen, helburu gisa zeukatenak afroamerikarrek pairatzen zuten arraza-diskriminazioa legez kanpo uztea eta Estatu Batuen Hegoaldeko estatuetan boto-eskubidea berrezartzea. Black Power Movement delakoaren agerpenarekin, zeinak gutxi gorabehera 1966tik 1975era bitartean iraun baitzuen, eskubide zibilen aldeko mugimenduaren helburuei gehitu zitzaizkien arraza-duintasuna, buruaskitasun ekonomiko eta politikoa, eta zuriengandiko zapalkuntzatik askatzea. Eskubide zibilen aldeko mugimenduan parte-hartzerik aktiboena izan zutenetako askok, hala nola NAACP, SNCC, CORE eta SCLCk, nahiago dute Southern Freedom Movement izena (alegia, "Hegoaldeko Askatasun Mugimendua"), borroka hura askoz ere haratago baitzihoan legearen araberako eskubide zibil hutsen ingurukoa izatetik: borroka zen, halaber, askatasunari, errespetuari, duintasunari eta berdintasun ekonomiko eta sozialari zegozkien oinarrizko aferei buruzkoa. 1955-1968 epean, desobedientzia zibileko eta indarkeriarik gabeko protesta-ekintzek krisi-egoerak sortu zituzten aktibisten eta agintarien artean. Gobernuek, negozioek, hezkuntza-erakundeek eta erkidegoek, hala maila federalekoek nola estatukoek eta udalerrietakoek, sarritan berehalako erantzuna eman behar izan zieten afroamerikarren berdintasunik eza agerian uzten zuten krisi-egoerei.