Txantiloi:2013-6 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide sare berria, Euskal Y-a edo Gasteiz - Bilbo - Donostia Linea, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuak batuko dituen abiadura handiko tren (AHT) sarea da, 169,9 kilometrokoa. Espainiako AVE sarearen zati bat da. Euskal Autonomia Erkidegoko lurretan sekula egindako gasturik handiena izango da, guztira 4.000 milioi euroko kostua izango du, eta Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean ordaintzen ari dira. Eusko Jaurlaritza ibilbidearen zati bat ordaintzen ari da, eta Espainiako Gobernua gainerakoa. Eraikuntza lanak 2006. urtean hasi ziren, eta 2013-2015 urteen bitartean amaitzea zen asmoa, baina gutxienez 2017raino atzeratuko da lanen bukaera. Eztabaida eta liskar ugari sortu da, Euskal Y-a komenigarria den ala ez. Azpiegitura hori bultzatzen dutenek diotenez, lanpostuak eta aberastasuna sortuko ditu, ingurumenari kalte txikia egingo dio, errepideetatik auto asko kenduko ditu, eta hirien arteko bidaia denborak laburtuko ditu. Aurka azaldu direnek diotenez, berriz, eraikitze eta mantentze kostu itzelek ekonomia galera handiak ekarriko dituzte, ingurumen kalte handiak izango dira, hiriburuen alde eta herrien kontra eginez lurralde eredua areago polarizatuko du, eta eliteentzako trena egiten hainbeste baliabide xahutzeak herritar gehienentzat balioko lukeen trena egitea galaraziko du.