Txantiloi:2014-18 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Immunitate-sistema eta estresaren arteko harremana zientzialarien ikergaia izan da 1970. urteaz geroztik. Fisiologia, immunologia, medikuntza eta psikologiaren arloko adituek, lan koordinatua eginez, garrantzi handiko ekarpenak egin dituzte zientziaren mugan dagoen eremu kitzikagarri honetan. Estresa eta immunitate-sistemaren arteko harremanari buruzko aspaldiko susmoak egon arren (Hipokratesek berak ere agerian jarri zuen gogo-aldarte negatiboek gaixotasun ugari eragiten zituztela), XX.mendeko 70eko hamarkadara arte, Robert Ader-ek bere ikerketa ospetsuak burutu zituenean, ez ziren egiaztatu estresaren ondorio kaltegarriak immunitate-sisteman (hots, estresak gure defentsa organikoak indargabetzen dituela, organismoa ahulagoa geratuz infekzioen aurrean). Ader eta Cohen-en ikerketek, hain zuzen ere, zientzia berri baten agerpena eragin zuten 1975ean: psikoneuroimmunologiarena, psikologia, neurologia eta immunologia harremanetan jartzen dituena. Zientzia berri horren garapenak agerian jarri du burua, nerbio-sistema eta immunitate-sistemaren arteko lotura estua, artikulu honetan sakon aztertuko dugunez.